Euskaraldia 2020 (VIII)
Euskaraldia (VIII) –
Barkatu baina, probabilitateaz hitz egin behar dugu, berriro ere. Arestian esan dugu hizkuntza portaera, euskaraz egitea kasurako, probabilitate-gertaera dela. Demagun Euskal Herriko biztanle guzti-guztiak elebidunak direla, euskara-erdara elebidunak, alegia. Demagun hizkuntzen artean ez dagoela bat ere asimetriarik eta hizkuntza bat (A) zein bestea (B) erabili ahal izateko aukera berdinak direla. Hau da, zein hizkuntza erabili hiztunaren baitako hautua izango litzateke, hiztunak ez beste inork erabakiko zukeen zein hizkuntza erabili.
Egoera hipotetiko horretan, luzera begira, A hizkuntza eta B hizkuntza erabiltzeko probabilitate maila bera izango litzateke, inkomunikazioa gertaezina denez, hizkuntza bakoitza erabiltzeko probabilitatea 0,5ekoa izango litzateke, edo, nahiago bada %50ekoa. A priori, berriz esaten dugu, ez dagoela faktore ezagunik elebidunen hizkuntzen hautua azal dezakeenik. Hori da, neurri batean, egun gertatzen zaiguna: ez dakigula euskararen erabilera zerk azaltzen duen.
Aztertu ditugun datuetan, behintzat, ehunka udalerrietako erabilera-tasetan, ez dugu joera egonkorrik aurkitu. Hori horrela, erabileraren azalpen ezagunik izan ezean, zorizko eredua da erabilera-tasa horiek egokien azaltzen duena. Elebidun jakin baten hizkuntzen hautua eta erabilera ez da konstantea, gaude, ez dagoela euskaldunik Euskal Herrian beti euskaraz edo beti erdaraz mintzo denik. Egon badaude euskaraz maiz edota ia guztietan egiten duten euskaldunak eta gutxi edota ia inoiz ez egiten dutenak. Seguru asko, etxeko eta eguneroko jarduera eta eginkizunetan euskaldun baten hizkuntza portaera nahiko egonkorra izan daiteke. Bizimodu arruntaren egoera egonkorretan, portaera oro eta, bereziki, hizkuntza portaerak aldagaitzak baitira. Esan genezake, esate baterako, harreman sare txikia, finkoa eta aldaketa txikiko bizimodua daraman euskaldun baten hizkuntza portaera bizimoduaren antzekoa izango dela, egonkorra eta erraz igartzekoa. Baina zenbat eta harreman sare zabalagoa eta bizimodu irekiagoa izan hizkuntza portaera orduan eta aldakorragoa bihurtzen dela pentsa dezakegu.
Informazio eta komunikazio gizartean bizi garelarik, hiztunen hara honako mugikortasuna eta askotariko harremanak izatea ohikoa bihurtu da. Horrela, mugikortasun handiko eta harreman-sare zabaleko elebidunen hizkuntzen hautua ezin izan daiteke egonkorra, hizkuntza portaera, portaera moldagarria den neurrian, bederen.
Gogoetak gogoeta, gure egoera soziolinguistikoan, euskararen erabilera probabilitatezko fenomeno gisa definitu dugu. Hizkuntza gutxituaren erabilera probabilitatezko banaketaren arabera azal daiteke, beraz. Hizkuntza gutxituaren erabileraren banaketa-funtzioa, oro har,
Grafikoa: Hizkuntza gutxituaren erabileraren banaketa. N(50,15)
Orokorrean, elebidunen —euskaldunen— hizkuntza portaerak, euskaraz zenbatean egiten duten, probabilitate-funtzio horri darraiola esan dezakegu. Gogoratu behar dugu euskaldun elebakarrak, erdaraz ez dakitenak, desagertu direla, euskaldun guztiak, maila batean edo bestean, gutxienik, elebidunak gara, beraz. Egoera horretan, elebidunen batzuk euskaraz elebakar bizitzea oso probabilitate txikiko gertaera izango litzateke; elebidun (euskaldun) elebakar funtzionalak gutxi izango lirateke eta gutxi ere, euskaraz deus edo ia deus ere egiten ez duten euskaldunak. Horrela, Euskal Herriko edozein euskaldunen erabilera-tasa %5 eta %95eko bitartekoa da, eta hori, %99 edo handiagoko probabilitate-mailaz.
Onartzen badugu hizkuntza gutxituaren erabilera zorizko fenomenoa dela, euskaldunen euskararen erabilera-tasak banaketa normalaren arabera irudikatu daitezke. Normaltasunaren eredu estatistiko hori, bada, hizkuntza gutxituaren erabilera ulertzeko eta ebaluatzeko tresna eraginkorra da. Gainera erabilerraza.