Euskaraldia, dagoenarekin, dagoenekikoa!

Euskaraldia, dagoenarekin, dagoenekikoa! –

Hamabi urteren buruan lortu beharko genuke euskarak beharrezkoena duen erronka gainditzea, dakitenek erabiltzearena. Izan zirelako gara, baldin bagara izanen dira!

Euskaraldia, dagoenarekin, dagoenekikoa!

Joan den mende erdialdean, haurrok, eskolan bereziki, debekatuta genuen euskara. Zenbait etxetan, debekuari men eginez, etxeko txikiekin gaztelaniaz nola edo hala hasi ziren, etorkizun oparoagoa aurreikusten zietelako honekin. Euskara bihotzean, gaztelania ahoan.

Beste batzuek, ordea, “etxeko klandestinitatean”, belaunaldiz belaunaldiko ohitura ez ahazteko, tinko eutsi zioten euskara baliatzeari. Beharrik! Hiru urterekin hasi baikinen koloniza- tzaileena derrigorrean ikasten eskolan eta ondoren berdin fraideetan, institutuan eta unibertsitatean. Baina etxera eta zenbait lagunengana bueltan, astebeteko, hamabostaldiko edo hiruhileko urrutiratzea tarteko: Euskara, bihotzean giltzapeturik baino, ahoan hobe! Beherantz egin zuen euskarak nabarmen. Kolpisten berrogeiurtealdian galdu zuen euskal herritar askok bere ikur nagusia eta beste askok, berriz, hartaz jabetzeko aukera.

Berrogeiurtealdiaren amaiera ofiziala baino lehentxeago hasi ziren herri mugimendu zenbait klandestinitatean euskararen ezagutza eta erabilera bultzatzen. Geroz, euskararen ezagutza asko zabaldu da. Arabako egoera eta antolaturiko ekitaldiak horren lekuko. Azkena, Euskaraldia. Amaitu berri da bigarrena eta badirudi bi kasuetan arrakastatsua izan dela, antolatzaileen esanetan, behintzat.

Lehenengotik bigarrenera gehitutako egun kopuruari (lau) progresio aritmetikoa aplikatuz gero bi urtean behin, XXII. mendeko hondarreko urteetan iritsiko lirateke orduko hartako euskaldunak urte osoan belarriprest eta ahobizi rolekin jardutera. Honen arabera, 4 euskaraldi-8 urte beharko ditugu, hilabete osokoa izateko ekitaldia; ia 88, berriz, 365 egunekoa izateko. Eta bi urtean behin ospatuta, 175 urte behar, urte osoko Euskaraldira iristeko. 2195. urtean ospatuko dute orduko hartako euskaldunek urte osoan. Baina, “orduko hartako euskaldunak” ez dira euskal herritar guztiak izanen, Soziolinguistika Klusterrak 2017an eman dituen erabilera datuen arabera (2006 -%13,7; 2011 -%13,2; 2016 -%12,6). Bistan da, orduan, bi urtero progresio aritmetiko berbera aplikaturik, ez dugula euskal gizartea euskaldunduko epe luzean; are gutxiago, motzean.

Euskaraldiari, izatekotan, progresio geometrikoa aplikatu behar zaio, egun gehitze-kopurua aldiko bikoiztekoa. Horrela, askoz ere lehenago (14 urteko epean) iritsiko ginateke 365 eguneko Euskaraldira: aurrekoan baino 8 egun gehiago 2022an; 16, 2024an; 32, 2026an; 64, 2028an; 128, 2030ean; 256, 2032an; eta, azkenik, 94 egun baino ez 2034an.  2034an arituko ginateke, beraz, urte osoan ahobizi-belarriprest roletan, gure artean behinik behin. Hamalau urteren buruan lortu beharko genuke euskarak beharrezkoena duen erronka gainditzea, dakitenek erabiltzearena. Izan zirelako gara, baldin bagara izanen dira!

Eta hauxe lortuz gero, euskara prest egonen litzateke hurrengo erronkari aurre egiteko: dakitenen multzoa zabaltzea. Euskararen egoera diglosikoa mendeetakoa da gizartean, betikoa administrazioan eta hori gainditzeko ez dira ekitaldi testimonialak edo kontzientzia arintzekoak behar, errotiko apustuak baizik eta, oraingoak, erabileran du gakoa. Dakigunok ahobizi izan behar dugu beti, 365 egunez urtean eta gutxienik belarriprest izatera behartu euskara jakinik erabiltzen ez dutenak edo azken berrogeiurtealdian ikasi ez dutenak. Horretara iritsi arte, alferrikakoak epe oso mugatuko ekitaldiak, ezen amiñak esango lukeen eran, “Idiak behar eta joareak erosi!”.

Hizkuntza bat “gutxi, gutxirekin, gutxitan” erabiltzeagatik galtzen da!

Euskaraldia, dagoenarekin, dagoenekikoa!
Euskaraldia, dagoenarekin, dagoenekikoa!

Euskaltzain urgazlea, Euskal Filologian doktorea. Irakaslea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude