Euskaraldia 2020 (X)
Euskaraldia 2020 (X) –
Euskarari dagokionez, indarrean dagoen hizkuntza politika ofizialak badu eduki bere oinarri ideologikoa. Oker ez bagaude oraindik indarrean daude, bada, Euskara 21 txosteneko itun berritu baterantz deitutako atalean zedarritutako bost puntuak:
- Adostasunean, pertsuasioan eta tinkotasun demokratikoan oinarritutako hizkuntza politikaren premia.
- Progresibotasuna: atxikimendua, egingarritasuna eta erritmo egokia lotzen dituen printzipioa
- Euskara, nazio-adskripzioa eta politika: erantzukizun sozialaren talaiatik zaindu beharreko harremanak
- Euskara biziberritzea, herritar ororen erabakimenaren baitako kontua, akordio zabal eta eratzaile baten ikusmiran.
- Itun berrituaren bidean behar den adostasunaz.
Gure ustez, Jaurlaritzaren oinarrizko dokumentu horiek hizkuntza politikaz baino hizkuntzaren psikologiaz dihardute. Guk dudarik ez daukagu nahia dela hizkuntzak ikasteko giltzarria, ez dugu pertsona heldurik ezagutzen inongo hizkuntza nahi gabe ikasi duenik; zalantza egiten dugu, ordea, nahia izan behar ote den hizkuntza politikaren giltzarria. Izan ere, herri-aginteen obligazioa herritarren borondateari aterabide ematea ote den eztabaidagarria da-eta. Herri-aginteen obligazioa ezin ezkuta daiteke, herritarren borondate interpretatuaren aitzakian ezin uka daitezke berdintasunaren printzipioa, derrigorrezko hezkuntza izateko eskubidea, oinarrizko osasun zerbitzuak edota adierazpen askatasuna, adibide batzuk jartzearren.
Euskaraz jakitea eskubidea bada, eta eskubide subjektiboa dela uste dugu, herri-aginteen obligazioa da eskubide hori betetzeko modua aurkitzea. Esaterako, oinarrizko hezkuntza adingabekoen eskubidea bada, hori ahalbidetzea gurasoen betebeharra da eta herri-aginteen obligazioa, berriz, hezkuntza antolatzea eta eskaintzea. Era berean, euskara(z) ikastea adingabekoen eskubidea bada, gauzatu ahal izatea gurasoen betebeharra eta, azkenik, bitarteak eta modua jartzea herri-aginteen obligazioa da. Oinarrizko matematikak edo gaztelania(z) irakastea, eta ikastea, derrigorrezkoa bada, zergatik ezin izan daiteke derrigorrezkoa euskara(z) ikastea? Gurasoei ez bazaie onartzen euren seme-alabei ukatzea oinarrizko matematikaren edo gaztelaniaren irakaskuntza, zergatik onartzen zaie ukatzea seme-alabei euskara(z) ikastea?
Psikologiaz (nahia) eta politikaz (res publica kudeatzeko) hitz egin behar dugu. Euskararen garapenaz edo hazkundeaz hitz egin behar dugu. Garapenaz ala hazkundeaz, zehaztu beharko genuke zertaz ari garen. Soziolinguistikari dagokionez, ez baita gauza bera garapena edota hazkundea. Ez dira baliokideak, ez baitira elkar trukagarriak, alegia. Euskararen hazkundea, adiera hertsian, muga jakineko hazkundea da; biztanleria osoa euskalduntzean, hazkundeak berez goia jotzen baitu, ezin haz daiteke gehiago ez bada euskararen lurraldeetatik at. Garapena, ostera, muga jakinik gabekoa da, behinik behin, hizkuntzari, hizkuntzaren egoerari edo hiztunen gaitasunei dagokienez.
Hazkunde eta garapena Iraunkorra esaten denean, berriz, zenbait aipu. Ingurumari honetan “iraunkorra” ulertzen dugu jasangarriaren adieran, eramangarria dena, ez behar dena, normalizazioa lortzeko egokia dena. Dena den, kontuan hartu beharko genuke, biztanleriaren, eta hiztun elkarteen, hazkundeak azaltzen dituzten funtzio matematikoa progresio geometrikoarena dela. Joan den mendean ikusi genuen erronkariera hiru gizalditan galdu zela: aitona-amona euskaldunak, guraso elebidunak eta seme-alaba erdaldun elebakarrak. Galera bizi-bizia. Euskara zabaltzea, berriz, matematikoki azalpen-izaera berekoa bada ere, prozesu askoz mantsoagoa da. Euskararen hiztun elkartearen hazkundea, berez, bilakaera demografikoaren mendekoa da.
Hizkuntzaren erabileraz hitz egiten badugu, aurrekoan esan moduan, hazkundea ere mugatua da; hizkuntzaren erabilera hiztun elkartearen tamaina eta dentsitatearen funtzio zuzena baita. Edozein kasutan euskararen normalizazioa lortu nahi badugu, bilakaera demografikoaren araberako hazkunde-tasa mailak ezagutu beharko ditugu. Hau da, euskararen hiztun elkarteko hilkortasun tasa, migrazio saldoa eta hiztun elkarteen ugalkortasun tasak kontuan hartu behar ditugu. Normalizazioa lortzeko hazkunde-tasak horren araberakoa izan behar du. Egokiena, gure ustez, biztanleria osoari euskara(z) ikasteko aukera eskaintzea izango litzateke, derrigorrezko eskolaldian, adibidez.
Euskararen biziraupena, hein handian bederen, hizkuntzan politikaren araberakoa dela pentsatzen duten horietakoak gara. Euskararekiko politikak arduratzen gaitu. Jakin nahi dugu hizkuntza politikaren oinarriak zeintzuk diren, zein den haren xedea, legedia eta araubideak, egitura eta azpiegitura, aginte-organoak eta koordinazio-guneak, aurrekontuak eta bestelako baliabideak. Ezagutzen ditugu soziolinguistika alorreko teoria eta ekarpen nagusiak, elebakartasuna, elebitasuna, eleaniztasuna, lurraldetasuna, hizkuntzen arteko ukipen egoera eta framing.
Politikaren edozein arlok behar duen neurri berean, hizkuntza politikak ere euskarri ideologikoa behar du. Ondo. Baina ez dugu nahastu behar euskarri ideologikoa eta eredu teorikoa edo, nahi izanez gero, teoria soziolinguistikoa. Hizkuntza politika orok badu bere euskarri ideologiko, agerikoa edo ostenduta, baina euskarri ideologikoa. Egia da, beste aldetik, euskarri ideologikoaren oinarria izan daitekeela ikuspegi teorikoa, zientifikoa, erlijiosoa edo filosofikoa. Erlijioak, esaterako, ideologiaren eremura ekarriz gero erregimen teokratikoak sortzen ditu, biztanleriaren bizimodua erlijioaren betebeharren arabera antolatzen dute. Gehienetan, ostera, eraketa politikoen euskarri ideologikoen oinarriak filosofiaren izaerakoak izaten dira.
Gure ustez, Jaurlaritzaren hizkuntza politikaren euskarri ideologikoa eguneratzeko erreferentzia da Framing edo enkoadratze teoria. Zertaz eztabaidatu behar dugu? Hizkuntza politikaz ala eredu teoriko baten egokitasunaz? Kasu honetan teoria baten, bakar baten, alegia, inguruan eztabaidatu behar ote dugu?
Frame analysis edo enkoadratze-analisia XX. gizaldiko azken hamarraldietan nahikoa zabaldu zen gizarte mugimenduen antolakuntza eta estrategien azterketa egiteko. Urteak joan urteak etorri, indarra galdu zuen aztertzen zituen analisietatik auzien izaera politikoa baztertzen zuelako. Daniel Celaï irakasleak dioenez, framing teoriei psikologismoa eta ikuspegi utilitarista nagusitzen zaie: markoak baliabide sinboliko gisa erabiltzen dira aurkariak mendean hartzeko. Analisi teoria horretan engaiamenduak, edo antzeko portaerak, interpretatzen dira kontzientzia edo buru-egitura egoerak izango bailiran (psikologismo). Hau da, aztertzen diren portaeren izaera soziala edo dimentsio politikoa ukatu egiten da.
Hori esanda, nahikoa da argudiatzeko ez zaigula bat ere egokia framing teoria erabiltzea hizkuntza gutxituaren normalizazio prozesuak kudeatzeko. Euskararen normalizazioa ez baita auzi psikologikoa, hizkuntza gutxituaren auzia ez delako marko egokira murriztu behar den arazoa.
Esanak esan, gatoz jatorrizko dokumentuaren abiaburuko galderara: hemendik aurrera zer? Aurrenik eta behin, gure ustez, hizkuntza-ideologien aniztasuna ezagutzea eta aitortzea komeni da. Hitz egin daiteke hizkuntza politikaz? Iritzi (propioa) emateak balio du zerbaitetarako?
Aurreko galderei aldeko erantzunak eman dakizkielakoan, gure iritzia da oinarrizko hizkuntza-politika ekimenak adostu daitezkeela, hizkuntza-ideologia desberdinak badira ere. Posible da, gure ustez, hizkuntza askatasuna xede eta elebitasun orekatua helburu daukatenek, alde batetik, eta euskararen hegemonia bilatzen dutenek, bestetik, hizkuntza-politika egitasmo adostuak gauzatu ditzaketela nork bere hizkuntza-ideologiari utzi gabe.
Bat gatoz dokumentuaren 8. atalean esaten denean, Herritarren atxikimendua eta adostasun sozial eta politiko zabala dira zutabe erabakigarri eta nagusiak. Beti ere, nork bere hizkuntza-ideologiaren abiaturik, elkarren begirunean eta adostutako egitasmo zehatzetan, hezkuntza alorrean, hedabideen eremuan edo aurrekontuetan, adibide batzuk esatearren. Posible ez eze egin beharrekoa dela uste baitugu. Azken buru, euskararena auzi politikoa delako, zentzurik zabalenean.