Larrialdietakoak

Larrialdietakoak – 

Atzo esan zidan Donostiako Ospitaleko larrialdietan aste honetan (2020/11/23-27) lanean ibili den lankide batek: “Ikaragarria! Egun batean ehun eta piko gaixo izan genituen (80-tik gora asko da; 100-dik gora…). 40 ingreso baino gehiago egin beharrak (20-tik gora asko da). Zuzendaritzatik deitu zuten ingreso gehiago ez egiteko, beste ospitaletara bideratzeko. Seguraski, ospitalean ohe librerik gabe geundelako”.

– Beste egunetan?- galdetu nion.

– Ba! Beste egunetan lasaiago-.

Gaur argitu dit beste lankide batek: beste egunetan ez ziren ingresoak eten; baina erotzeko modukoa, egunero.

Martxo-apirilean larrialdietan lanean izan zirenek irailean zioten orduko mailan genbiltzala ospitalean. Duela aste pare bat zehaztu zidaten, larrialdietan tokatu zitzaidanean: “Lehenengo olatuarekin, larrialdietara covid kasuak besterik ez ziren etortzen; orain orduko covid maila daukagu, gehi larrialdietako ohiko jarduera”.

Neumologian dabilen mediku batek esan dit gaur: “Normalean UCI-n leudekeen gaixo batzuk, nolabaiteko hobekuntza daukatela ikusita, neumologia atalera ekartzen dituzte, UCI-n leku beharrean daudelako”. UCIa handituta dago, ohiko edukiera gainezka eginda. Zenbait kirofano eta bestelako ingresoak izaten dituen atal bat UCI bihurtuta daude. Eta hala ere txiki gelditzen da.

Donostiako Ospitalaren ehuneko handi bat koronabirusaren ondoriek hartuta daukate (laurden bat/heren bat, hor nonbait).

Langileok nolabaiteko “normaltasunarekin” bizi dugu egoera; gure eguneroko lana da. Baina egoera hau ez da normala. Ez da normala covid-arentzat propio larrialdietan eraikitako eremu berria txiki gelditzea. Lankideon artean tentsioa eta estresa nabari da, lan-kargarengatik, beldurrarengatik…

Pentsatu nahi dut berandu nabilela gauza hauek kontatzen, gogorrena pasa dela…

Hala espero dezagun.

Larrialdietakoak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude