Euskaraldia 2020 (V)
Euskaraldia 2020 (V) –
Hizkuntzen arteko ukipen egoeran, hizkuntza gutxituaren hiztunek elebidunak direnean, hizkuntza gutxituaren erabilera baldintzatua daukate, erabilera soziala mugatua da, alegia. Horrek ez du esan nahi elebidun guztiek hizkuntza gutxitua maila berean erabiltzen dutenik. Erabilera indibiduala edo norbanakoaren erabilera nolakoa eta zenbatekoa izan daitekeen ulertzeko erabilera sozialak hiztun bakoitzari ezartzen zaizkion mugak aintzat hartu behar ditugu. Hau da, elebidun bakoitzaren borondatea, nahia, motibazioa, ideologia edo beste zernahi ez da, berez, nahikoa hizkuntza gutxituaren egoera soziolinguistiko makurra gainditzeko.
Gure XXI. mendeko gizarte honetan euskaldun-elebidun batek, nahi izanda ere, ezin egin dezake bere bizimodua oso-osorik euskaraz, ezta udalerririk euskaldunenean ere. Euskaldun elebakarren desagerpenak, euskaldun guztiak elebidun izateak, euskararen erabilera zorizko gertaera bihurtu du. Horregatik, hain zuzen ere, hizkuntza gutxituaren erabilera ez da hiztunaren motibazio, ideologia edota borondatearen araberakoa. Elebidun batzuk, euskararen aldeko ingurumari soziolinguistikoan bizi direnek, euskaraz dezente hitz egin dezakete, nahi badute, bederen. Beste batzuk, ostera, ingurumari soziolinguistiko erdaldunetan bizi direnek, nahi izanda ere, ez dute aukera askorik izango euskaraz mintzatzeko. Hori, horrela da. Horren erakusgarri da, adibidez, euskaldunek etxeetan, euren artean, erabiltzen duten euskara-tasa.
Printzipioz pentsa genezake euskaldunen arteko euskararen erabilera, beraien artekoan, beren borondate edo nahiaren araberakoa izan daitekeela. Horrela izango balitz Bilboko (Bizkaia) familia euskaldun baten etxeko erabilera-tasa eta Aulestiko (Bizkaia) beste familia euskaldun baten erabilera-tasa, biak, elkarren antzekoak izango lirateke. Bada, dauzkagun datuen arabera, familia euskaldunen etxeetan erabiltzen den euskara-tasa udalerriko elebidunen proportzioaren araberakoa da. Jakina denez, egoera soziolinguistikoak mugatzen du euskararen erabilera kalean, hori bistakoa da, baina baita sutondoan ere.
Zentsuek eta udal-erroldek, 1991. urtez geroztik, hiztunek etxean erabili ohi duten hizkuntzaren berri ematen digute. EUSTATk ematen dituen datuetatik etxean euskaraz hitz egiten dutenak berezi ditugu eta kalkulatu dugu zenbatekoa den haien proportzioa udalerri bakoitzeko euskaldunen artean. Datu horiekin eraiki ditugu hurrengo grafikoak.
Grafiko: Euskararen erabilera-tasa euskaldunen artean (etxeetan) EAEko 250 udalerritan 2006. urteetan.
Erabilera-tasa horiek udalerrietako elebidunen proportzioen araberakoak dira. Hau da, —udalerrietako— egoera soziolinguistikoak, modu batean edo bestean, eragiten du euskaldunen etxetako euskararen erabilera-tasan. Ondorioa, gure ustez, argia da: hizkuntza gutxituaren norbanakoaren erabilera, hala edo hola, egoera soziolinguistikoak mugatzen du. Hizkuntza gutxituaren hiztunak dira, duda barik, hizkuntzaren biziraupenerako giltzarriak, baina ez dira ahalguztidunak, ezin lor baitezakete euren indar soilez nahiko zuketen hizkuntzaren estatusa.
Hemen euskaraz ez dakienak, gehienetan, ez daki bere arbasoek noiz, nola eta zergatik galdu zuten euskara. Larriena da, ostera, euskaraz ez dakien horrek euskaraz egiten eragozten digula euskaldunoi. Baina eta hemen, euskaraz jakinagatik euskaraz hitz egiten ez duenak, jakin beharko luke zerk eragozten dion euskaraz egiten eta egoera aldarazten saiatu beharko luke gainerako euskaldunoi ahalbidetzeko euskaraz mintzo gaitezen.
Lehenik eta behin, eskerrik anitz zure artikuluarengatik, Xabier. Zinez interesgarria iruditu zait eta, gainera, egiaz beterik dagoela uste dut. Ezin uka daiteke ingurune soziolinguistikoak hiztunaren gainean duen eragin berebizikoa, eta ona da errealitate hori azaleratzea eta argi uztea, maiz ahazten baitzaigu eta, ondorioz, nahi baino gehiagotan uzten baita normalizazioaren ardura osoa hiztunaren, alegia, banakoaren gainean. Arazoa konplexua da, eta sakoneko analisia merezi du, zalantzarik ez da.
Nolanahi ere, gaurkoan ez nator horretara. Atentzioa eman dit idatzi duzun honek: “euskaraz ez dakien horrek euskaraz egiten eragozten digula euskaldunoi”. Ados nago horrekin, errealitatea da, eta orain Euskaraldian bete-betean murgildurik galbiltzalarik, ebatzi beharreko arazoa datorkit burura horren harira. Bada, hurrengo kasua azalduko dizuet adibide gisa guztioi, erran nahi baita, komunitateari. Kuadrila batek 10 kide ditu: 8 euskaldun (hainbati euskara batxilergoan geratu bazaie ere) eta 2 erdaldun (eukaraz hitzik ere ez dakitenak). Euskaraldiaren harira, 8 euskaldunek kuadrila-giroan euskara pizteko (edo pizten saiatzeko) erabakia hartu dute, eta ahobizi bezala eman dute izena ekimenean. Alta, agerikoa da zein den hemen arazoa: euskaraz ez dakitenak beti izanen dira oztopo euskara kuadrila-giroan sustraitu dadin. Areago, gure kuadrilakide euskaldunek Euskaraldiaren inguruko gogoeta egin badute, konturatuko ziren azken helburua ez dela soilki 14 egunez euskaraz aritzea, baizik eta euskara geratzeko etor dadin, hots, izotza haustea. Hau da, epe luzerako helburuak begiesten ditu ekimenak. Bada, zer gertatu behar da hemen? Nola kudeatu behar da egoera hau epe motz, ertain eta luzera?
Egoera hau Nafarroan (eta EHko bertze hainbat eta hainbat lekutan, irudikatzen dut) oso arrunta da, arruntegia. Ezin dugu uzten ahal gutxi batzuen ezjakintasunak euskararen muga izan dadin, areago euskararen babesleku izan beharko lirateketen giroetan (bitez guztiak, bide batez!). Hala ere, gure lagunak dira, betiko lagunak, inoiz albo batean utziko ez ditugunak. Bada, galderak hortxe daude, akaso jendeak izanen du zer erranik.
Nire ustez, baldin gizartearen parte batek jarraitzen badu euskaldunoi entzungor, ezikusi eta finean mespretxu egiten, azkenean euskararen auzia haustura sozialaren bidez ebatziko da. Argi dago ezin ditugula desagerrarazi betiko lagunak, ahaideak eta beste, baina ahalegin kontzientea egin behar genuke gaurtik aurrera gure bizitzan sartzen diren pertsonak, bezeziki bikotekideak, euskaldunak izan daitezen.
Nafarroan egoera zailagoa da, baina EAEko haurren batez besteko euskararen ezagutza % 95ekoa da (2011ko datuak); beraz, etorkizunean, hiztun bakoitzak erabakiko du nola hitz egin hizkuntzaz aldatu behar izan gabe. Hori izan behar da gure hasierako helburua, elkarrizketa elebidunak bermatzea.