Euskaraldia 2020 (IX)
Euskaraldia 2020 (IX) –
New Yorkeko Unibertsitateko Bambi Schieffelin irakasleak honela definitzen ditu hizkuntza-ideologiak: “Hizkuntza-ideologiak irudikapen kulturalak dira, esplizituak zein inplizituak. Hizkuntzaren eta pertsonen arteko interakzioa ingurune sozialean. Orokorrean, hizkuntza-ideologiak hizkuntzaren fenomenotik haragokoak dira, identitatea, boterea, etika, morala edota epistemologia barnebiltzen baititu.”
Definizio zabalegia bada ere, balio dezake argitzeko zertaz ari garen hizkuntza ideologiaz hitz egiten dugunean. Hizkuntza-ideologia, adibidez, funtsezkoa izan da, eta, beharbada, oraindik bada, euskararen berreskurapena fundatzeko eta azkartzeko. XX. mendea izan da Euskal Herrian, dudarik gabe, hizkuntza-ideologien eztanda, euskararen biziraupenerako eztabaida bizi-bizia, sakona eta, sarri askotan, garratza. Estandarizazioa bai ala ez, hizkuntza batasunerako euskara-eredua, euskalkiak eta, oro har, euskara biziberritzeko moduak izan dira XX. mendea izan diren eztabaidagaiak. Urte horietan, bada, agerian geratu ziren hizkuntza-ideologia desberdinak Euskal Herrian.
Alde batetik, diktadura faxistaren eta Frantziako Errepublikaren hizkuntza-ideologia: bietan inperialismo linguistikoa. Kasuan kasu, hizkuntza bat eta bakarra: erdara (gaztelania eta frantsesa). Beste hizkuntzarik ez zen existitzen, gainerakoak, izatekotan, patois, dialektoak edo herri-hizkerak ziren. Beste aldetik, euskaltzaleen artean hizkuntza-ideologia desberdinak agertu ziren. Bi multzotara laburbildu ditzakegu: batean, estandarizazioaren aurkakoak eta hizkuntza-eredu bateratuaren kontrakoak zirenak eta, bestean, estandarizazioaren eta hizkuntza-eredu bateratuaren aldekoak zirenak.
Joan den mendeko hirurogeiko urteetan eztabaida luzeak, aspergarriak eta mingarriak izan ziren. Azkenean, zorionez, euskaltzaleen artean estandarizazioaren aldekoak nagusitu ziren; Euskara Batuaren hizkuntza-ideologia gailen atera zela esan genezake. Hizkuntzaren estandarizazioa (batasuna) eta euskararen hedapena (hizkuntzaren estatusa) ahalbidetu zituen hizkuntza-ideologia nagusitu zen 1968. urtean.
Diktaduraren, eta Frantziako Errepublikaren, hizkuntza-ideologiek eta batasunaren aurkako hizkuntza-ideologiak ezin izan zuten estandarizazio prozesua eragotzi. Saiatu ziren, zorrotz eta gogor saiatu ere, baina ez zuten lortu Euskara Batua geldiaraztea. Diktaduraren inperialismo linguistikoak jarraipena izan zuen ondorengo Espainiako Erresumaren Konstituzioan. Euskararen berreskurapenaren kontrako bestelako hizkuntza-ideologiak, berriz, nahikoa apaldu ziren baina ez ziren guztiz desagertu.
Euskararen berreskurapen prozesuan hizkuntza-ideologia aurrerakoia, batasunaren aldekoa, eragile nagusia eta erabakigarria izan zen. Hizkuntza-ideologia horretan hizkuntza (euskara) eta nazio kontzeptuak banaezinak dira; nazioa eratu ahal izateko euskara berreskuratzea ezinbestekoa da eta euskararen normalizazioa bururaino eramateko nazioa estatu askean eratzea ezinbestekoa da.
Nolanahi ere, adibide batek auzia argitu dakiguke:
Euskal hiztunona auzi politikoa da. Euskararena ez da kontu pertsonal bat: txokokoa, partikularra, etxekoa. Euskararena ez da norbanakoaren kontua, nirea, zurea, beste harena. Euskararena hiztunon auzia da, herritar guztion auzia da. Euskararena auzi publikoa da, kolektiboa da. Euskararena herrigintzaren auzia da. Euskara plaza publikoan jokatzen da, eta plazaren izaera publikoa euskaran. Plazan eta euskaraz harilkatzen da elkarbizitza, bizikidetza. Plazan eta euskaraz borrokatzen dira injustizia sozialak. Plazan eta euskaraz jartzen da frogan demokrazia. Demokrazia demokratizatzeko balio behar du euskarak. Auzia ez da izan ala ez izan. Kontua ekitea da. Eta nor izatea, herri hau euskaraz eta euskaratik arnas berriz sortu, birsortu eta ahalduntzeko. Eta nor izatea, euskahaldunduz guztiok ahaldunduko gaituen herri bat sortzeko. Izatea ekitea da. Egiten duguna gara.
Lorea Agirreri lapurtu dizkiogu hitzak, 19. KORRIKAREN amaierako ekitaldian, Bilbon, irakurri zuen mezua. Inork baino hobeto eta dotoreago azaltzen du Loreak hizkuntza gutxituaren auziaren izaera politikoa dela. Euskararena ez da, soilik, arazo soziologikoa eta are gutxiago eite psikologikoa, batez ere, euskararena auzi politikoa da. Auzi politikoa, bai.