Euskarak estatua behar du
Euskarak estatua behar du
Euskararen misterioa ez omen da bere jatorria, gaurdaino iraun izana baizik. Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak esan berri duen bezala, “kataluniera bezalako hizkuntzak, estatu batek babestuta daudenean, indartu egiten dira”. Ez zaio arrazoirik falta. Hizkuntza batzuentzat gainera, indartze hori, hil ala bizikoa izan liteke. Gaurdaino iraun izanaren misterioa argitu dezakeena, agian.
Euskarak badu zenbait estatu-administrazioen aldeko jarrera eta babesa; baina, ez estatuarena. Ez Espainian, ezta Frantzian ere. Kontua ez da tarteko erakunde horien euskararen aldeko lana gutxiestea edo alboratzea. Ezta pentsatu ere. Bide horretatik egin den eta egiten ari den lana beharrezkoa da; eta beharrezkoa denez, indartzeko ere bada. Kontua da (Pako Aristiri hartutako ideiaren ildotik), boterearen piramidearen erdi mailako estamentu batzuen konplizitatea badugula; boterearen erpineko estatuarena, ordea, ez. Euskara indartuko da benetan erpin-botere horrek, estatuak, euskara indartzeko jarrera hartzen duenean. Hortaz, bi aukera bakarrik daude: oraingo estatu frantses-espainolak euskara bultzatzen dute, ala, euskarak erpina irabazten du.
Aipatu solasaldi berean honela esaten zuen Carles Puigdemont presidenteak: “Gure hizkuntzak luze iraun badu, mendeetan zehar etengabeko erasoei boluntario-belaunaldiek aurre egin dietelako izan da”. Euskararentzat ere balio du hausnarketa horrek. Baita berak esandako ondokoa ere: “ Bizirik gaude, etenik gabe lotu garelako hizkuntzaren defentsarako kate luzean”. Aurrekoek ereindakotik elikatzen gara gu, eta guk ereindakotik izango dira besteak.
Izan ginelako gara eta garelako izango dira, esaten dugu euskararen transmisioaren garrantzia azpimarratu nahi dugunean. Kate bat da. Belaunaldi bakoitzak ez du hizkuntza berria asmatzen, ezagutzen duenetik abiatuta berritzen du hizkuntza hori unean uneko testuinguru historikora egokitzeko. Harrigarria dena zera da, euskararen zientziaren alorrerako balio argia duela defendatzen duten batzuek zergatik ez dioten balio bera ematen bestelako zientziatan. Adibidez, historian ala zientzia politikoetan. Ez dugu herri bat asmatu beharrik, baginen, bagara eta botere nahikoa erdiesteko gaitasuna dugun neurrian, izango gara.
Estatu propioa berriro izateak, ez du berez, euskararen etorkizuna ziurtatuko. Hori ere egia da. Puigdemontek esaten duena, ordea, zera da: harenganako babesak hizkuntzaren balioa indartu egingo duela. Bide horretan, Kataluniako presidenteak azken ekarpen bat egiten digu, guretzat ere baliagarri izan daitekeena: “Aspalditik ulertu dugu hizkuntzen etorkizuna ez dagoela soilik legeetan, ezta erasoei aurre egiteko gaitasunean. Hizkuntzaren etorkizuna hiztunen baitan dago batez ere”.
Bai zientzia politikoan, bai historian, bai eta hizkuntzaren berreskurapenean ere, subjektuaren definizioa da gakoa. Euskararen berreskurapenaren subjektua euskal hiztuna da. Hamaika hizkuntza eta mintzamolde izan daitezke eremu jakin batean, New Yorken adibidez, bata izango da hegemonikoa ordea. Estatuarena. Boterearena. Ez derrigorrez hiztun kopuru handiena duenarena, baizik eta berera erakartzeko, besteengandik zilegitasun apur bat handiagoa duela justifikatzeko, diskurtsoa inposatzen duen boterearen laguntza lortzeko gaitasuna duen hizkuntza izango da garaile. Hortaz, boterearen, estatuaren, laguntza izateak hegemonikoa izaten ere laguntzen du.
Beste modu batera galderak eginda ere planteatu daiteke gaia. Adibidez, estaturik ez izatea neutroa da? Estatu quo egoera honek laguntzen digu? Betierako berdinketa edo empate eterno egoerak noren alde jokatzen duen ikusteko, egungo egoerari begiratzea besterik ez dago. “Elebitasuna”, “eleaniztasuna”, “hizkuntza guztiek tratu bera behar dute”, “ez bataren ez bestearen alde ez da egin behar” bezalako ideiek, noren alde jokatzen dute? Bistakoa da, estatua duen hizkuntzaren alde. Gure kasuan, gaztelaniaren eta frantsesaren alde. Hortxe frogarik argiena guk geuk ere errebindikatzeko geure estatu propioa. Euskarak estatua behar du, euskaldunok ere bai.
Euskarak estatua behar du
Bai estatua behar du, baina demografia ere bai Beñi, estatu propioa edukitzea baina Amerikako Indioak bezela gutxiengoa izatea gure estatuan trasbersalitatearen, edo “anitzak eta pluralak” izatearen erruz, euskera akabatua egongo da.
Gure herrietan gaur ari gara hori ikusten, kataluinan inmigrazio masiboa ez da meatxua izan katalanarentzat, baina hemen zeoze ez degu ongi egin edo ez digute utzi, eta inmigrazio olatu hau gaztelanian integratu da.
Estatua herramienta bakarrik da, ezinbestekoa hori bai, herri honen eta kultura honen biziraupenerako, baina estatua lortzeko dauden bideetatik, gure herria eta kultura saltzea, desagertzea bada……eztugu zertan ez estaturik eta ez ezer behar.
Ikusi degu bazko estatu horretan egon daitezkeen alderdi politikoei zenbat axola zaien euskera, nahiz eta batzuek askotan hitzegin euskerari buruz.
Eta ezin izan baditugu oraingoak integratu, ez egin etorkizunerako promesa sinestezinak.
Berdin dio estatua izatea borondaterik ez badago, Irlandaren kasu adibide gisa daukagu. Euskadik makina bat milioi gastatu ditu euskara sustatzeko eta emaitza urriekin. Gizartea euskararen presentzia nabariagoa delaz ohartzen bada gizartea egoera horretara egokituko da, hori da Estatu Batuetako hainbat lekutan gaztelaniarekin gertatu dena.
1. Euskaldun bihotzekook, hau da, euskara jakinda euskaraz bizi nahi dugunok (eta ahalean -suposatu behar- egiten dugunok) ‘Estatua’ osatzerik bagenu, osatuko bagenu, ziur estatu horrek babestu eta indartuko lukeela gure, euskaldun bihotzekoon hizkuntzaren egoera. Ahal dugu?
2. Gaur eguneko egoeran Euskal Herrian zenbat gara ‘euskaldun bihotzeko’? Biztanleon gehiengoa? Ez, ez? Eta buila gehixeago egiten badugu ere, zenbat gara ere esan behintzat inoiz esaten dugunak ‘euskaraz bizi nahi dugula’? Euskal Herriko biztanleon laurdena (750.000 pertsona gutxi gora behera)? Baita zera ere… 500.000 mila agian (populazioaren seirena)? Agian proportzio handiagoa EAEn? Egin bitza bakoitzak bere kontuak, bere ametsak.
3. Askok desiratzen dugun Euskal Herriko Estatuak ere, edo Hegoaldekoak, edo EAEkoak, edota are Bizkaia eta Gipuzkoakoak ere, proportzio beroriekin egingo du topo, eta ezin erraz eman ahalko dio buelta egoera horri.
4. Beraz, xaloki uste dut, euskaldun bihotzekoon egitekoa dela, amets egiteaz gain gutako bakoitzak gure bidean, ibilbide orri zehatza gauzatzea alde guztietatik ingurazen gaituen ‘erdal komunitatea’, Euskal Herriko populazioaren % 75? % 80? %85? % 90? (erdara jakin, eta erdaraz bizi dena -eta bizi nahi duena, kasuan ezer suposatu behar barik-):
A. ‘Konbentzitzea’, erdal komunitateak ulertzea guk bere eskubide linguistikoak bermatzen ditugun bezala, gu denok gaudelako behartuak bere erdara jakiten, beraiek ere euskara ezinbestean jakin behar dutela gure, euskaldun bihotzekoon, eskubide linguistikoak bermatzeko. Bitartean ez dagoela demokraziarik, demokrazia linguistikorik, guretzat, eta beraietako bakoitza dela inposatzaile euskara ezagutzen ez duen neurrian (eta gainera bere estatuen babesaz -babes juridiko, administratibo, eta besteak beste, armatua ere badena-).
B. Erdal komunitate hori ‘konbentzitzea’ munduan gaur egun erabateko gainbeheran dauden frantses edo espainol komunitatearen parte izatea baino, Euskal Herrian hobe dutela euskaldunon komunitatearen parte izan, azken milaka urteotan gure lurrari lotuta bizi den euskara mintzatuz, eta aldi berean munduarekin lotura izateko gure bigarren hizkuntza ingelesa bihurtzea, guretzat gure ondoko espainol edo frantses glotofagikoek baino arrisku gutxiago dakarrena, nahiz bestela izan Quebec-en…
Eta bi eginkizu horiek ditugu berdin egiteko, orain, zein balizko estatu independente berriaren kasuan. Eta ez dira egiteko errazak, nahiz ni dagoenekotik eta euskaldun bihotzeko gehinak ere prest gauden ekiteko. Eta egiteko horietan arrakastarik izan ezean, Irlandak diosku, alferrik ditugu estatuak, legeak eta poliziak…
Zalantzarik gabe, estatua tresna da, ez helburua. Saiatu naiz azpimarratzen “kataluniera bezalako hizkuntzak, estatu batek babestuta daudenean, indartu egiten” direla eta euskararentzat “gainera, indartze hori, hil ala bizikoa izan liteke(ela)”. Artikuluan esaten dena da, estatu propioak ere jo lezakeela bertako hiritarren interesen kontra (hizkuntza kontuan ari garenez) baina horren aurrean duguna da oraingo Frantziak eta Espainiak euskararen kontra jotzen dutela. Non dago oraingo estatu zentralista eta porrot eginda dagoenaren eta estatu jakobinoen mendetik ateratzearen arriskua?
Beñi Agirre
Zalantzarik gabe, euskarak Estatua behar du. Baina Estatua bezainbeste edo gehiago, buruzagi euskaltzaleak. Euskaltzale “bihotzekoak” Bittorri maileguan hartuta. Hots. euskaltzale-itxurak egitetik harago doazenak. Euskaraz bizi dire buruzagiak.
Zenbat horietako dauzkagu? Zeintzuk?
Euskaldunok, bihotzekoak zein urdail sukartsukoak, ezin egon gaitezke Estatuaren zain gure hizkuntza sustatzeko, indartzeko, salbatzeko edo nahi denerako.
Orain eta hemen dugu erronka latzena.
Zenbat eta euskaldun gehiago egin, zenbat eta euskaldunago izan, zenbat eta euskara premiazkoago bilakatu, orduan eta ziurrago izango ditugu geure nortasuna babesteko lehen zutabeak. Horrek berak egingo gaitu euskal hiritar ez-espainol eta ez-frantses. Horrek berak bermatuko ditu balizko Estatu baten lehen urrats sendoak. Horrek berak zirutatuko du euskara izango dela balizko Estatu horren hizkuntza nagusia.
Baina horrek (esan beharrik bai?) euskal gizartearen konpromiso irmoa eskatzen du; txantxangorri izutiekin zerikusirik ez duen hizkuntza politika ausarta behar du; hizkuntz komunitate hegemonikoarekiko desobedientzia linguistiko sistematikoa behar du…
Eta hizkuntzen funtzionamenduan inolaz ere pellokeria ez den azken zerbait eransteagatik, euskaldun-harrotasuna piztu behar da lehendabizi. Euskaraz mintzatzean-mintzatzeagatik-mintzatzeko harro sentitzen garela erakusten hasi beharko ginateke lehenik eta behin.
Horrela jokatuz gero, eta hori eginez gero, nik neuk ez nuke buru-hauste gehiegirik hartuko Ipar zein Hegoalde, biak, barnehartzen dituen Estatu baten burutzapena zerbait luzatzen bada. Hizkuntza desberdintasunak berak jarriko baikintuzke abialdi-puntuan. Horrek berak bultzatu eta eramango gintuzke Estatu bat eraikitzera.
Bai, guztiarekin ados. Baina nondik ekingo diogu erronka horri?
Egungo anabasatik eta lidergorik ezatik ez, behintzat.
Puigdemontek honela dio: “Aspalditik ulertu dugu hizkuntzen etorkizuna ez dagoela soilik legeetan, ezta erasoei aurre egiteko gaitasunean. Hizkuntzaren etorkizuna hiztunen baitan dago batez ere”.
Jarraian honela esaten du Beñik: Bai zientzia politikoan, bai historian, bai eta hizkuntzaren berreskurapenean ere, subjektuaren definizioa da gakoa. Euskararen berreskurapenaren subjektua euskal hiztuna da.
Hortaz, argi dago Euskal Herria berreuskaldundu dezakeen bakarra euskal hiztuna dela.
Zain nago, Nafar Estatua errepublika egituran berreskuratzeak zein kalte egin diezaiokeen euskarari argitzen didan norbaiten iritzia jakiteko.
Ondo izan,
Euskerak irauteko arnasguneak behar ditu. Zer dira neretzat arnasguneak: Biztanleria euskeraz jardutera derrigortzen diuten zonaldeak. Estaturik gabe ez dago derrigortasunik, Derrigortasunik gabe ez dago hizkuntza zapaldua normalizatzerik .Beraz, estatu- egiturarekin euskerak aldeko ufadatxoa izango luke. Denak beharko ditu, hori ere bai: estatu-hizkuntza izaera.
Estatu independente batek derrigortu lezakeelakoan euskaraz bizitzera euskaraz bizi nahi ez duen populazioaren %80 edo gehiago. Irlandan etzaie oso ondo atera eta 100 urte izatera dijoaz ‘independente’. Edo euskal hiztunongan eta gure lege defentsa demokratikoan jartzen ditugu indarrak edo ez dugu erakarriko populazioaren %100 hori euskaraz bizi nahi izatera, kasurik onenean ere demokrazia linguistikoan, hau da, demokrazian, eskatu eta legez behartu bagenitzake eta beharko baditugu ere euskara jakitera eta are erabiltzera ere administrazio publiko eta pribatuan, euskal hiztunon errespetu hutsez. Beraz nik uste bi plano horiek berezi behar ditugula argi: 1. Zertara behartu genezake / behartu beharko genuke Euskal Herriko erdal komunitatea euskaldunon errespetuz? Nire ustez, euskara jakitera. 2. Zelan konbentzitu / erakarri genitzake euskaraz bizi nahi izatera? Eta ez det uste horretan legeak agindu lezakeenik / beharko lukeenik. Ala bai?
Nik berriro esango diat ez detela uste estatu independente batek kalte egingo ligukeenik, eta bai seguru asko mesede. Baina 1. Ikusita ze aukera dauzkagun egun Euskal Herriko 7 Herrialdeetako Estatua osatzeko, edo are Hegoaldekoa, edo are EAEkoa, denak ez oso hurbilekoak onenera ere, gauden egoera gaudela, euskal hiztunok ezin jarri dugu gure etorkizuna balizko estatu hori lortzen denerako, gaurtik egin beharko diogu borobiltzeari EAEn eta Nafarroa Garaiko eremu deitu ‘euskaldunean’ azken 35 urtean lortutako aurrerapen sinestezinekoari, eta oro har Nafarroa Garai osoan eta Iparraldean ere azken 50 urtean ibilitako bide indartzeari, legez eta ekimenez, eremu guztietan ere. 2. Gaur egun halako estatu independentea lortuta ere, gauden egoera gaudela, eta barkatu errepikapena, euskal hiztunok ezin utziko dugu gure etorkizuna balizko estatu horren baitan, baizik eta gaurtik hasita, eta aurrerantzean ere, euskal hiztunok serio ekin beharko diogu borobiltzeari EAEn eta Nafarroa Garaiko eremu deitu ‘euskaldunean’ azken 35 urtean lortutako aurrerapen sinestezinekoari, eta oro har Nafarroa Garai osoan eta Iparraldean ere azken 50 urtean ibilitako bide indartzeari, legez eta ekimenez, eremu guztietan ere.
Beraz hipotesi batean, zein bestean, gauden egoera gaudela, eta barkatu birrerrepikapena, euskal hiztunok gaurtik hasita ekin beharko diogu batez ere borobiltzeari EAEn eta Nafarroa Garaiko eremu deitu ‘euskaldunean’ azken 35 urtean lortutako aurrerapen sinestezinekoari, eta oro har Nafarroa Garai osoan eta Iparraldean ere azken 50 urtean ibilitako bide indartzeari, legez eta ekimenez, eremu guztietan ere. Hori dugu irtenbide bakarra estatu propioa izan zein ez. Eta ni bai nago Euskal Herri independente baten alde, baina ez det nahi Euskal Herri erdalduna nahi, ez pendente eta ez independente. Gure harrotasuna gure hizkuntzari lotuta nahi dut, ez txapelari, ikurrinari edo pelotari, hauek hizkuntzarekin bat ez dijoazen guzian behintzat…
Zaindu!
https://www.youtube.com/watch?v=43DPNXtU1dE
Espainian gure umeak gaztelera jakitera derrigortuta daude. Frantzian gure umeak bertako estatu-hizkuntza ezagutzera behartuta daude. Nik ez diñot balizko estatu horren lurralde osoko populazioa behartu beharko litzatekeenik. Nire ustez Euskerak erreserbak behar ditu, lurralde edo erabilpen-eremu zehatzak (arnasgunea, euskera hegemonikoa den zonaldea) non inguruko populazio erdaldun horrek bertan negozio, opor,maitemindu,erosi,…nahiko lukeenak euskera erabiltzea beste aukerarik ez zukeen izango. Gurean bada esaera bat: “gorputza alferra da” alegia akuilua ez badugu ez dugu ahalegina egiten, alegia “beharrik” ez bada logika guztiz, ez dugu esfortzurik egiten (euskera ikasteak energia-gastu-inbertsio dezentea eskatzen du), gure berezko izaerak energia aurreztera eramaten gaitu, ez alferrik gastatzera. Eta ondorioa jarraian dator: Espainia eta Frantziako estatuen barruan hori ezinezkoa da. Beraz estatua nahi dut arazo oso oso zehatz bati erantzuk oso oso teknikoa emateko. Besteak beste.
Ba, nik badiñot Euskal Herri osoko populazioa dagokeela ‘demokraziaz’ beharturik euskara jakitera, guri euskaldunoi errespetez, eta bestela euskaldunok ez daukagulako irtenbiderik. Ze, nire ustez euskerak ez ditu ‘erreserba indioak’ behar, behar ditugunak dira euskaldun bihotzekoak dira, euskara jakin eta euskaraz bizi gura dutenak (‘erreserbetan’ ez ezik, Donostian, Iruñean, Baionan, Bilbon, Gasteizen, Donibanen, Maulen…), eta euskaraz bizi ahal dutenak inguru horietan guztietan (nondik beharra Euskal Herriko biztanle guztiek euskara jakiteko/ezagutzeko, bere bihotzeko hizkuntza izan, zein ez, gu legez derrigortuak gauden bezala erdara jakitera, eta guk ‘ezin sumisoago’ betetzen dugun legea. Bete dezatela beraiek ere. Estatua izan, zein ez. Ados?
Euskarak etorkizun oparoa edo soilik etorkizuna izateko, estatu propioa lortu behar dugula uste dut. Oso erabilia izan den adibidea, Israel eta hebreera. Zuzenean ezagutzen dudan errealitatea da. 8 milloi hiztun egonda munduan dena lortu dezakezu estatu horretan hebreeraz.
Ik. aurrekoari eginiko iruzkina. Thanks!
Hausnarketa pare bat aipatu nahi ditut. Bata, jada artikuluan esandakoa: “Hizkuntzaren etorkizuna hiztunen baitan dago batez ere” … “hizkuntzaren berreskurapenean ere, subjektuaren definizioa da gakoa. Euskararen berreskurapenaren subjektua euskal hiztuna da”. Hortaz, boto-emailea eta subjektu aktiboa bereizi egingo nituzke. Argi dago zein aldagai indartu behar den estatu propioa sortzekotan hori euskalduna izan dadin. Bigarrena, Euskal Herri osoa behar da arnasgunea izan, bestela jai dugu.
Jakina Euskal Herri osoa behar duela arnasgune, kontua da zelan egiten dan hori. Ziri magikoa duzue horretarako? Nere ustez ditugun gune euskaldun hegemonikoak babnestu behar ditgu. alegia, jada arnasgune direnak horrela mantendu eta poliki poliki gainontzeko lurralde eta hiztun eremuak konkistatzen joan. Arnasguneak euskeraren mintegiak lirateke, erdaldunak halabeharrez euskalduntzeko eremu liberatuak. Jakina hori egun ilegala da. Beraz, estatu egitura eta lege propioak behar ditugu rauak egin eta berauek betearazteko. Kritika eta intentsio oneko ” eguzkiari egindako topa” horiez gain ea proposamen praktikorik egiten dituzuen,ni behintzat desiatzen zuenak ezagutzeko.
Zuk zeuk eman duzu erantzuna eta proposamena egin. Herri hau berreskuratzearen afera gai politikoa da. Arauak behar ditugu eta arauak boterean dagoenak ebasten ditu.
Pilotak ere estatua behar du
Euskal pilotaren Frantziako federazioak, Espainiakoaren akuiluz, Iparraldeko pilotariei debekatu die Errioxar eta euskal-nafar pilotariekin lehiatzea GRAVNI txapelketan. Iparraldeko pilotariek kaleratutako agirian diote Frantziak euskal pilotaren federazioa zentralizatu zuela pilota mundu maila sustatzeko. Alegia, “euskal” pilotaren jokalariak frantses zein espainiar bezala agertu daitezen munduan. Euskal pilotak zertarako behar ditu euskal ez diren bi estatu? Ez al da naturalagoa, lehenbailehen eta errioxarrak barne hala erabakitzen badute, euskaldunok geure estatu propioa izatea? Zazpitik atzera sakez gainditzea pasa dela, eta falta gainera, ez dakitenen mende jarraitzea baino hobeto ginateke.