Euskarafobiaren metamorfosiari erantzunez
Euskarafobiaren metamorfosiari erantzunez –
Euskarafoboen erasoak itxuraldatu egin dira; edo, hala nahiago bada, beste metamorfosis bat gehiago egin dute. Baina ondorioz, eraso horiei ematen zaizkien erantzunak ere aldatu egin behar dira. Gaur egun eta hemen euskarari buruzko eztabaidetan alde eta kontra erabiltzen diren argudioak -erakundeetan, hedabideetan, epaitegietan, kalean eta nonahi- ez baitira lehen erabiltzen zirenak; ez aspaldiko mendeetan soilik, baizik eta ezta ere garai hurbilekoetan.
XVI. mendetik XX. mendeko lehen hereneraino iraundako eztabaidan euskararen aldekoen eta kontrakoen argudioek hizkuntzaren baitako senari begiratzen zioten; hau da, ea euskarak ba ote zituen ala ez berezko dohain bereziak edo/eta balizko bikaintasuna. Gaur egun, adibidez J. Madariagaren Apologistas y Detractores de la Lengua Vasca izeneko liburuan eta beste aunitzetan ongi aztertuta dago aro luze eta gogor hura alde bateko eta besteko protagonisten zerrenda luzeak aipatuz.
Garai haietako euskarafoboek euskara gutxietsi eta mesprezatzea zuten helburutzat; horrela herritarrek eta euskaldun berek euskara alde batera utz zezaten saiatuz. Eta, aldi berean, euskararen debeku, jazarpen, zapalkuntza eta zigorketak zilegitzea eta xaxatzea bilatzen zutelarik. Horretarako erabiltzen zuten argudioa zera zen, euskara berez hizkuntza akastuna edo inperfektua zela; atzeratuen hizkuntza zela, alegia; eta ez zeukala bizimodu modernorako gaitasunik; ezta idatzia izateko ere.
Euskarazko lehen liburuan —Beñat Etxepareren Primitiae Linguae Vasconum, 1545— hantxe dago jada garaiko erasoei egindako lehendabiziko erantzun samina bezain langarria. Geroztik, bost mende luzez, batzuetan zuhurki eta askotan gehiegikeriaz erantzun izan zaie erasoei ustezko euskararen apologia eginez. Baina XX. mendeko 1977. urtean oraindik Adolfo Suarez-ek euskarafoboen erretolikekin jarraitzen zuen euskaraz ezin litekeela fisika kuantikoa erakutsi irrigarrikeriarekin.
Apologisten eta euskarofoboen azken ordezkari ospetsuenak bezala Sabino Arana eta Miguel Unamuno jo litezke; Aranak, apologistaren paperean zionez, euskarak ez zeukan beste hizkuntzetatik mailegurik hartu beharrik esanez. Unamunok, berriz, euskarofobo moduan esaten zuenez euskarak ezin omen zuen hizkera modernoko lexikorik edo adiera-biderik eskuratu. Aranaren jarrera atzerakoia eta gezurrezkoa zen; baina Unamunoren jarrera oraindik askoz atzerakoiagoa eta azientifikoagoa zen. Euskarak zorionez, azalduta dauka, beste hizkuntza modernoek bezala, zientzia, kultura eta ikerketa modernoak garatzeko gai eta tresna egokia dela. Euskarak ez du apologiarik behar, baina ez du erasorik merezi.
XX. mende erdialdetik aurrera, eta, batez ere erreforma politikoaren garaian, euskarafoboek euskararen batasun literarioa ekiditea, euskararen sarrera irakaskuntzako maila guztietan murriztea, eta, bereziki, euskararen koofizialtasunaren maila degradatzea hartu zuten xedetzat. Zoritxarrez, Euskal Estatutua eta Amejoramendua negoziatu zirenean, ez zen koofizialitatea bi hizkuntzen berdintasuna bezala aitortua izatea lortu. Erdara euskararen gainetik jarria izan zen; eta hori zapalkuntza bidegabea da, nahiz konstituzionalizatuta, legeztatuta eta sententziatuta egon. Egia esan, autokritika ere egin beharko litzateke, euskaldungoak ez baitu jakin bi hizkuntza koofizialen berdintasuna, printzipio antropologiko eta funtsezko aldarrikapen demokratikotzat defendatzen. Eta hori, Parlamentu Foralak erabakitako koofizialitatearen akordioari egindako sabotaje eta saldukeriaz gainera, jakina.
Garai haietan UPN alderdiaren mitinetan hala moduko euskaldun bat erabili ohi zuten mitinlari, zera esan zezan: Nik neure semea medikuarengana eramanez gero, zer nahi dut, euskaraz mintza dakion ala senda dezan? Bada, senda dezala, jakina! Eta argudio xelebre harekin seme gizarajoa animalia albaitariaren aurrean bezala irudikatzeaz gainera, osasun mentaleko eta beste hainbat arloko tratamenduak mesprezatzen zituztela ez ziren ohartzen. Nola ez da bada beharrezkoa izanen medikua gaixoarekin mintzatu ahal izatea? Argudio horren helburua euskarari balio soziala, ekonomikoa eta kulturala kentzea edo murriztea besterik ez zen.
Gaur egun, XXI. mendean euskararen aurkako hainbeste sententzia, ebazpen eta erabaki politiko bidegabe eta iraingarri azaltzen ari direlarik, zein dira aldeko eta kontrako argudioak? Ez dira lehengoak. Gaur egun, zentralismoak, UGT bezalako sindikatuen bitartez edo, Eguesko edo Orkoiengo alkate UPNtar edo sozialisten bitartez, eta epaile askoren sententzia bidegabeen bitartez edo/eta, Ignacio Lopez Lara abokatua bezalakoen abarrotsen bitartez argudiatzen dituztenak ez dira lehengo euskarafoboen arrazoiak. Oraingo euskarafobo hauek ez dute esaten euskara akastuna denik, edo kultura eta jakintza modernoetarako gaitasunik ez duenik, edo balio soziala eta kulturala ez dagokionik. Aldiz, esaten dutena guztiz kontrakoa da. Oraingo euskarofoboek esaten dutena zera da, euskarak ez duela betekizun, meritu, abantaila edo pribilegioa izan behar; hau da, euskarak ezin duela gazteleraren edo espainolaren parean jarria izan… Soilik espainola jakiteko obligazioa daukagula aldarrikatzen dute, Konstituzio sakrosantuak horrela diolako. Beraz, euskarafoboen argudioak aldatu eta metamorfosi sakona jasan dute.
Era berean, euskararen aldarrikapenak eta estrategiak ere sakonki eraberritu beharra dago. «Aitorren Hizkuntz Zarra» kantatzetik, Krutwig, Aresti, Txillardegi eta abarren argudiotara igaro ginenok eta familian, auzoan eta herrian elebakarrak sufritzen ezagutu ditugunok, jakin badakigu gizartea dela aldatu dena. Europako estatudun edo estatu gabeko beste naziotan bezala, Euskal Herrian ere, bi hizkuntzen berdintasuneko koofizialitatea da aldarrikatu beharrekoa, gizakien berdintasuna ez baita espainolez bakarrik jokatzen.
Euskal Herria dagoeneko, Nafarroa barne gizarte elebiduna da; eta euskal herritarrok elebidunak gara, bai bi hizkuntzak jakiteagatik edo jakiteko eskubidea eta aukera izateagatik. Kontutan izan behar da gainera, hizkuntza eskubideak, nortasun pertsonalari dagozkion heinean, giza-eskubideak direla; eta hizkuntza ez dakiten herritarrei ere badagozkiela. Horregatik hizkuntzen berdintasuna errespetatzen ez duten arau, ebazpen, eta sententziak bidegabeak dira; eta antidemokratikoak ere, alegia. Gizarte eta herri elebidunetan hizkuntzen berdintasuna da eredu demokratiko eta justu bakarra. Baieztapen hori ez da soilik gure aiton-amona eta arbaso elebakarren oroimenean egiten, baizik etorkizun europar eta aurrerapenaren izenean.
Euskararen erakundeek —adibidez, Euskaltzaindiak— arlo ultra-garrantzitsu honetan bere inertziatik atera eta autokritika zorrotza egin beharra daukate. Baina agian, alderdi eta mugimendu politiko, sozial eta kulturalei dagokie euskarafoboen metamorfosiari euskararen aldarrikapen berriekin erantzutea; hau da, egiazko koofizialitatea hizkuntzen berdintasuna dela aldarrikatuz.
Ikuspegi taktikotik, proposatutako diskurtsoa erabiltzeari ez deritzot gaizki, zoritxarrez, egoera dena da eta, baina egoera beraren onarpenean erori gabe.
Gurea ez da herrialde elebiduna, asko jota herrialde elebidunarazia da. Gutxiegi, baina ere berean asko gara, gure herrian arrotz sentiaraziak garenak, eta, gure lurrean, gure hizkuntzan lasai eta eroso bizitzeko eskubideari uko egingo ez diogunak, gainerako herrialdeetako herritarrek haien herrialdeetan egiten duten moduan. Erdarek, EHn ere bere lekua daukate, noski, baina gure hizkuntza propioa, Euskara, ardatz edukiko duen herrialde batean bizitzeko eskubideari ezin diogu uko egin.