Euskara: pribilegioa, ardura, eskubidea
Euskara: pribilegioa, ardura, eskubidea –
Egun, munduan, 6.000 hizkuntza inguru daude, eta haietariko asko gutxituak dira, Euskal Herrian bertan ondo dakigun moduan. UNESCO erakundeak argitaratu duen hizkuntzen atlas berrituaren arabera, 2.473 lengoaia gutxitu daude munduan, 229 desagertu egin baitira 1950. urteaz geroztik. Egin duzue zenbaketa? Urte bakoitzeko, ia lau hizkuntza! Zerrendatze horretan, tartean, euskarak arriskuan diren hizkuntzen artean kokatuta segitzen du oraindik ere.
Ez da gutxiesteko kontua UNESCOren moduko erakunde batek hizkuntzak munduaren ondare izendatu eta beraiek babestu eta zaindu beharra aitortu izana. Jendarte globalizatu eta uniforme honetan, pribilegioa da tamainako aberastasun propioa izatea, edo hala beharko luke. Pribilegioa da mundua izendatzeko eta begiratzeko perspektiba propioaren jabe izatea: euskaraz eta euskaratik ulertzeko aukera; pribilegioa, Lurraren hedadura osoa aintzat harturik, guri, euskaldunoi, honelako altxorra egokitu izana.
Baina ardurarik gabeko pribilegiorik ez dago, eta lehenengoaren neurrikoa behar du izan bigarrenak. Izan ere, geurea da jaso dugun ondarea zaindu, bultzatu, handitu eta transmititzeko ardura. Gu guztiona; baita gure hizkuntzari mugak eta trabak jartzen dizkioten horiena ere. Hau guztia ez da gustu-kontua, nork bere konfort-egoera edo -jarrera hertsitik onartu nahi duen ala ez; ez luke hautazkoa izan behar, nahitaezkoa baizik. Beste edozein motatako ondareak harrikatu eta suntsitzea onartezina den moduan, salagarria da hizkuntza biziak garatu eta bizirauteko baliabide guztiak aktibatu nahi ez izatea.
Hortaz, erabateko ardura eskatu behar diegu hizkuntzaren inguruko erabaki eta politikak eratzen eta ezartzen dituzten administrazio guztiei: bertakoei zein kanpokoei. Ardura, politika ausart eta eraginkorrak abian jartzeko: euskararen ezagutza unibertsala bermatzeko bideak eta baliabideak (ekonomikoak, giza baliabideak…), erabilera ahalbidetuko dituztenak, hizkuntzaren lurraldetasuna aitortu eta errespetatuko dutenak zatiketa administratiboen gainetik. Hizkuntzaren ondarea izan dadila guztiok batera aritzeko arrazoia, administrazio guztiak elkarrekin eta elkarreraginean aritzekoa.
Eta, administrazioek bezalaxe, Albert Bastardas soziolinguistaren ideiak geureganatuta, arduraz jokatu behar du jendarteak ere, oro har, gure hizkuntzarekin, eta, hizkuntza-ekologiaren ikuspegitik begiratuta, euskarak berezkoa duen habitatarekin, hau da, bere existentziaren ingurumariarekin. Ondare kulturala, artistikoa edota ingurumena zaintzen ditugun indar eta sinesmen berberekin bultzatu behar dugu hizkuntzen berezko bioaniztasuna.
Hizkuntzaren ezagutzan lan egiten dugunok ere bai, jakina: Hezkuntza aurrena, eta Helduen Euskalduntzea ondoren. Egun, helduen %55 erdaldunak dira. Ezin irudika genezake herri euskaldunik jende horrek euskara ikasi barik; Rikardo Arregik Euskaltzaindiari Helduen Euskalduntzeaz eta Alfabetatzeaz (hastapenean zegoen gau-eskolen mugimenduaz) ardura zedin eskatzeko gutuna igorri eta 55 urte geroago, euskaltegiok orduan bezain beharrezkoak izaten jarraitzen dugu, eta sektorearen normalizazioa behar dugu, orain eta Euskal Herri osoan, geure lana arduraz egiten segitu ahal izateko. Premiazkoa dugu.
Izan ere, soilik erabateko ardura partekatutik bermatu ahal izango ditugu euskal hiztunon eskubideak. Hiztun aktiboen kopurua handitzean, biderkatu egingo ditugu euskaraz jarduteko aukerak eremu guztietan, pribatuan zein publikoan, formalean zein informalean. Horretan zeresan handia daukagu euskaltegiok, azken hamarkadetan euskal jendartera gehitu diren euskal hiztunen heren bat bertatik atera da-eta. Hizkuntzak mingainean astintzeko dira: euskara lohitu, gozatu, maiztu, eraldatu, esperimentatu, dantzatu, zirriborratu… hots, erabiltzeko eta bizitzeko. Berezkoa dugun pribilegioa eskubide bihur dezagun arduraz: egin, eragin eta eginarazi.
Egun on, Alizia. Topiko tipikoa mahaigaineratuko dut, bada, datuek esaten dutena nolabait ere kontuz hartu behar baita. Ez dakitenek ikasteak ez dakar berez dakitenek erabiltzea (hizkuntza bat ez da galtzen datuetan bizirik badirau?). Eta hor dago koxka, zeren eta euskaldunok biztanleriaren %45a bagara nola demontre izan daiteke kale erabilera hain eskasa. Problemaren zati handi bat euskara ikasteko jendeak daukan arrazoietan aurkitzen da: lana lortzeko titulua. Horren ostean, ahaztu! Nire herrian jende gazte andanak daki euskaraz, teorian, D eredutik igaro baitira, baina erabili… Beste kontu bat da hori.
Nori zuzendura dago gutuna?
Erakundeei, guztiei, eskatzen zaie ardura eta babesa? Guztiei?
Non bizi dira egileak?
Ezagutzen dituzte erakundeak gobernatzen dituzten alderdiak?
Nafarroan adibidez, alderdi espainiar nazionalistek inposatzen dute hizkuntz politika ia lurralde osoan, euskararen eta euskaldunon kaltetan. Zertara dator horiei arduraz jokatzeko eskatzea?
Aldeedi abertzaleen utzikeriaz ere hitz egin daiteke luze…
Eskari naif eta antzu hauek zertara datoz?
Hobe lukete behingoz esnatu eta beste ekimen batzuk sustatu egileok!