Euskara Nafarroan: gutxietsia izanda ere mehatxu bezala ulertzen denean

Euskara Nafarroan –

Administrazioan euskararen ezagutza baloratzeko irizpideak arautzen dituen dekretuaren zirriborroak dioenaren arabera, eremu ez euskalduna deiturikoan euskara ez da kontuan hartuko merezimendu bezala eta eremu mistoan lanpostu batzuetan soilik hartuko da aintzat. Hartara, alemana edo frantsesa baloratzeko aukera dagoen bitartean, euskara jakiteari ez zaio aukera hori emango. Hala, Nafarroako administrazioan arreta euskaraz jasotzeko eskubidea guztiz zokoratua geratzen da.

PSNren borondatea gailendu da euskararen aferan -ere-, eta horretan ardura zuzena dute Nafar Gobernuko kide diren Geroa Bai eta Podemosek. EH Bilduk ere badu zeresanik honetan, egungo gobernuari babesa eman eta urteroko aurrekontuetan akordioetara iritsi direlako. Jakin badakigu borondate politikoarekin euskarak beste esparru bat eduki dezakeela arlo publikoan, hala gertatu zen Barkosen legegintzaldian 2017ko Euskararen Dekretuarekin. ELA dekretuari babesa eman zion sindikatu bakarra izan zen, sindikatuaren aldarrikapen guztiak jasotzen ez bazituen ere, aurrerapausoak eman baiziren euskararen normalizazioan.

Erantzunkizun eta ardura politikoak hor daude, eta euskararekin konprometitua dagoen sindikatu bezala alderdi politikoengan eragiten saiatuko da ELA. Baina nafar, euskaldun eta euskalzale garen heinean, kezkatuta gaude. Euskararekiko mespretxu hau onartzen du Nafarroako jendartearen parte zabal batek. Euskararen normalizazioari oztopoak jartzen dizkion araudi baten aurrean ez dago erantzun masiborik. Alta, hizkuntza eskubideen errekonozimenduan aurrera pausuak egiteko saiakerak egin direnean, oso erantzun oldarkorrak jaso izan dituzte saiakera hauek -hezkuntzan zerrenda bakarraren planteamendua edo eremu ez euskaldunean euskara meritu gisa kontuan hartzea, esaterako-.

Euskara gatazka politikoaren erdigunean jarri du Nafarroan historikoki espainiar nazionalismoak, botere ekonomiko eta mediatikoen laguntzarekin. Konfrontatzeko erabili du hizkuntza, eta honek eragina izan du nafar askoren prozesu ideologikoan. Euskara erasotua ikusi dugunean, orain ere ikusten dugunean, erantzutera behartuak gaude, noski. Baina erantzuteko ditugun moduen eta, zabalago, euskarak merezi duen errekonozimendua lortzeko ditugun estrategien inguruan hausnarketa bat egin beharko genuke euskalzaleok. Nafar guztion hizkuntza eskubideak errespetatzea lortu nahi badugu, ezin ditugu gure ekimenak mugatu erabaki politiko baten aurreko erreakzioetara. Euskara gatazka elementu izatea ez genuen guk erabaki, ez gara horren erantzule. Baina euskara gatazkatik haratago eramatea gure ardura da, euskalzale guztiona. Bitartean, egungo indar korrelazioaren ondorioz, euskara museo batean nahiko luketen guzti horiek lasai egongo dira.

Horregatik ELAk mobilizazioak sustatuko ditu hizkuntza eskubideak errespetatu daitezen. Bestetik, sindikatu barneko egituran ere neurriak hartzen goaz euskara egunerokoan erlazio formal eta informaletan egon dadin, eta helburu bera dugu Nafarroako lan zentroetan, euskara planak sustatuz edo eta euskara ikasteko eskubideak borrokatuz. Honetaz gain, euskaraz eroso bizitzeko sortzen ari diren ekimenen bidelagun eta partaide gara, asko baigara Nafarroan euskaraz modu librean gure egunerokotasunaz gozatu nahi dugunak. Hala, zinez uste dugu konpromezu hauekin, orain euskara mehatxu bezala ulertzen duten horiek, aukera bezala ikusten joango direla.

Euskara Nafarroan Euskara Nafarroan

ELAko arlo publikoko arduraduna