Alokairua

Alokairua

Jon Delgado Aldabaldedrekuk Irutxuloko Hitzan

Alokairuaz hitz egiten dugunean askotan gazte askok hura ordaintzeko ditugun zailtasunak etortzen zaizkigu burura. Dena den, gazteon arazo soila izatetik urrun, belaunaldi ezberdinetako jende xumeenari eragiten dion kontua da, are gehiago Donostia bezalako hiri batean.

Donostian (2011) 11.460 etxebizitza zeuden alokairuan, guztien %14a. Honek aurreko hamarkadetako eszenatokiaz hitz egiten digu, bertan langileriak etxebizitza jabetzan izateko aukera izan baitzuen, batez ere hori izan zelako bultzatutako higiezin eredua. Orain joera hori aldatzen hasi da ordea, langileon bizi baldintzen okertzearen eskutik.

Diruak ez du ideologiarikEusko jaurlaritzaren apustua argia da; eskaintza handituz alokairuen joera gorakorra baretzea. Batetik hutsik dauden etxebizitzei zergak igotzea alokairuan jar daitezen eta bestetik etxe berriak eraikitzea (alokairu sozial eskaintzan). Joko-zelai politikoan, alderdi sozialdemokrata nagusienek ere (gurean, Podemos eta EH Bildu), alokairuaren erregulazioa zein etxebizitza sozialen eskakizuna mahaigaineratzen dihardute, ez da ordea, jabego pribatuaren aurkako proposamenik ageri, etxebizitza eskubidearen unibertsaltasuna ezabatuz. Hau da, ez dago etxebizitzaren auzian doakotasuna, kalitatea eta unibertsaltasuna premisa gisa duen programarik parlamentuan.

Donostian 2016tik m2 -aren prezioa alokairuan %27,5 igo da. Intxaurrondo eta Altza bezalako auzoetan familia errentaren %40 eta %50 artean bideratzen da jada alokairura, eta Erdigunetik langileriaren zati handiena kanporatua izan da halabeharrez, Gros eta Parte Zaharra horren erakusgarri direlarik. Jabetza gehienek etxebizitza funtzioa betetzen duten arren, jabetza asko ere «stock» moduan erabiltzen dira, lursailekin gertatzen den bezala, egoera egokia denean saltzeko.

Guzti honen salaketa hutsa eginez ez goaz inora. Gure teilatura harriak botatzen ariko ginateke Jaurlaritzak eta bere sateliteek dioten moduan eskaria handitzeren edota alokairuaren erregulazioaren inguruko eztabaidetan galduko bagina. Egungo ekoizpen ereduan etxebizitzara sarbidea unibertsala izan daitekeela defendatzen ausartuko al da norbait? Auzia ez datza alokairurako eskaintza handitzean, edota laguntza konkretuak eskatzean, baizik eta, hasteko bada ere, jabetza zein ekoizpen eredu hau auzitan jartzean. Azken hauek auzitan jarri eta aldatzeko lan politikoa egin ezean, badakigu zein den emaitza: Laissez faire.

Alokairua

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.