Euskara legez menperatua
Euskara legez menperatua –
Hizkuntza subiraniarekin batera dabil, XVI. mendeko Pizkundetik bederen. Hizkuntzaren garapena, eta lehenik iraupena Estatuaren menpe dago. Horren etsenplu bikaina dugu frantsesa: erregeren hizkuntza zen, ondorioz errepublikaren hizkuntza da. François 1.ak inposatu zuen erresumako akta eta dokumentu publiko guztietarako Villers-Cotterêtseko ediktuaz (1539). Latinaren aurka egin zuen, baina geroztik Frantziako Estatuak «eskualdeetako hizkuntzen» zokoratzeko baliatu du.
Lehen errepublika saiatu zen hizkuntza horien osoki ezabatzera. Xede hilgarri horren burutzeko ez zuen aski luzaz iraun. baina Terrore denborako lege zorrotz batzuk oraino bizirik daude. Geroztiko frantses errejimen ezberdinek euskara zokoraturik atxiki dute, frantses bakarra inposatuz bizi publiko guztian, Helburua ez zen frantsesa «eskualdeetako hizkuntzei» gehitzea, baina horien lekuan sartzea, horiek ezabatuz. Frogatzat dokumentu ofizial andana gaitza badago, agertzen dutenak frantsesa behar zela «substituer à la langue basque». Berant, oso berant, Frantziako Errepublikak fazismo linguistiko baten antza zuen ukapenari azken bat eman dio «eskualdeetako hizkuntzak» hein batean onartuz, eta pixka bat laguntzen ditu galderei erantzunez, baina behar litzatekeenetik zinez urrun gaude.
Espainia liberalago agertzen da, baina ezinbestean horretaratu da nahiko berantean, abertzale mugimenduen bultzada biziak beharturik. Gaztelaniaz beste hizkuntzen zapalkuntza Francorekin gogortu bazen ere, aspaldian hasia zen, bereziki XVIII. mendean, Bourbon familiako errege berriek beste hizkuntza guztiak debekatu zituztelarik espainiar inperio zabalean.
Gaur euskarak egoera ofizial ezberdinak ditu hiru euskal eskualdeetan. EAEn du araudirik onena. Hor koofiziala da gaztelaniarekin batera, iduriz horren berdinean, ezen Espainiako Konstituzioak dio «también ofizial» dela. Haatik herritar guztiek gaztelaniaz jakin behar dute, ez omen tokiko hizkuntzaz, «también» horrek stricto sensu aditzera emanarren: interpretazio ofizialak ez du hitz hori kontuan hartzen erranahi betean. Beraz euskara gaztelaniaren azpitik dago. Frankismo denboran jasan zuen bortxazko atzerapena kontuan hartuz, euskal instituzio publiko batek diskriminazio positibo pixka bat egiten duenean, berehala norbaitek auzitegira jaulkitzen du, eta hor epaia beti euskararen aurka doa.
Sartaldeko herritar gazteek euskara eskolan ikasten dute, Unibertsitate publiko ala pribatuan toki zabala du, baina gero karrikan guti entzuten da: gaztelaniaren tsunamiak estali nahi du, Espainiako gobernuaren eta espainiar indar nazionalisten berme osoarekin. Beraz euskal botereen eragina hein bat mugatua geratzen da. Baina hor ez baleude, euskara hilzorian genuke Baskongadetan ere: hori bederen ekidin diote gobernuak, hirur diputazioek eta udalerri askok, euskaldun xaharren joatea gaindituz, eta galdua zuten toki batzuetan hizkuntza berpiztuz, bereziki Araban, hango Errioxa barne.
Nafarroa Garaian euskararen politikari dagokiola, eskuineko alderdiek Foru Erkidegoko lurraldea hiru zatitan banatua dute. Gipuzkoari junto dagoen ipar-sartaldean euskara koofizial dago EAEn bezalaxe, ber abantaila, muga eta nekeziekin. Erdigunean, Iruñerrian, toki eskasagoa du bizi publikoan, eta ber indarrek ahal dituzten oztopo guztiak jartzen dizkiote, adibidez euskarazko klaseen edo elebidunen irekitzeko tenorean. Noaindik Ebrora ofizialki lekuz kanpo dago, legez arrotza da, batzuentzat etsaia ere.
Akitaniako Baskonian Frantziako legez euskara hizkuntza pribatu bat da. Konstituzioko atal urrun batek dio: «Les langues régionales font partie du patrimoine de la France» Baina praktikan, artikulu horrek inolako eskubiderik ez digu ematen. Beraz ondare hil batez ari zaigula dirudi. Haatik Europaren presiopean eta ikastolek akulaturik, Frantziako Errepublika bere hetsiduratik pixka bat atera zaigu berriki, euskarari toki bat utzi dio etxetik kanpo, eskasa bada ere. Eskola publikoan eta kontratupekoan nahi dutenek ikas dezakete, haatik inor ezin da ikastera behartu.
Departamenduko seinaletikan sartua da, IGNeko mapetan ere bai. Instituzio publikoek laguntza batzuk ekartzen dizkiote Euskararen Erakunde Publikoaren bitartez. Euskal Hirigune Elkargoak bere mailako ofizialtasun bat ematen dio frantsesa eta gazkoinarekin batera. Baina badakigu Elkargoak ahalmen mugatuak dituela, EEP delakoak bezala, eta beharrik hor dugu euskal elkarte pribatuen lan eskerga. Hori gabe hizkuntza hilzorian genuke, baina horrekin ere biziraupena ez du oraino segurtatua.
Baina legerik beharrena, euskaraz mintzatzea dugu.
Azkenean, 2021eko maiatzaren 21etik, Molac bretoi diputatu nazionalaren izena dakarren legeak babes ofizial bat ekartzen die «eskualdeetako» hizkuntzei. Praktikan ahalmen gehiago ematen ote? Laster ikusiko. Baina gehienik eskas eta falta zaiguna, euskaraz mintzatzea da. Hori bederen gure meneko dugu. Beraz badakigunak euskaraz mintza gaitezen beti badakitenekin: hortik urrun gaude.