Euskara kolokan Nafarroan?

Euskara kolokan Nafarroan? –

“Lingua Vasconum Primittiae”aren sorterrian, Nafar Erreinu Zaharrean hain zuzen ere, euskararen etorkizuna kolokan dago, zeren Nafarroa Oinezaren oihartzun mediatikoaz gain, errealitate gordinak frogatzen du Nafarroan euskararen hedapena geldialdirantz doala, azken 15 urteotan gorakada bat gertatu bada ere.

Euskara kolokan Nafarroan?Nafarroako euskararen egoera zalantzagarria ikusirik, gogoeta sakonaren eta kritika eraikitzailearen beharra badugula ondorioztatzen da; zeren euskararen ahuleziak euskaraz bizitzeko konpromisoa hartzeko eskatzen digu, hots, euskaldunok, erabiltzen dugun euskara gaurkotu, hobetu eta bere erabilera areagotu eta erdaldunek, euskara ikasteari gogotsu ekin, zeren euskararen erabileran baitago etorkizunaren giltzarria.

Beraz, Nafarroako euskararen geldialdia saihesteak ahalegin eskerga eskatuko digu euskaldunoi eta “fosilizazio” hori ekiditeko euskararen aldeko aurrekontuak areagotzea premiazkoa da baita euskara eguneroko bizitzaren arlo guztietan ikusgai izatea, Nafarroan bizi garenontzat euskara ondasun kulturala eta batzeko tresna bilaka dadin.

Tamalez, Administrazio publikoetan euskararen erabilera arautuko duen Nafarroako Gobernuak Foru Dekretu berrian Eremu ez-euskaldunetako euskararen balorazioa desagertuko da. Honi, D ereduan matrikulak gutxitzea eta PSNren eta Nafarroako Suma ingelesaren aldeko konpromiso tinkoa lotzen bazaio, ortzimuga zalantzagarri bat ematen du euskararentzako eta hori dela eta, euskararen aldeko mobilizazio orokorraren aldarrikapena premiazkoa da.

Euskara kolokan Nafarroan?

Analista.

3 pentsamendu “Euskara kolokan Nafarroan?”-ri buruz

  • Bat nathor!

    Adeitsuqui

  • German: erabilera? Hori besterik ez bagenu! Ezagutzak, ezagutzak huts egiten digu. Nola erabili eiskaraz ikasten ez badugu? Montesori bezalako pedagogia atzerritarrak birrindu dute murgiltze sistema.

  • Mikel Haranburu 2023-02-09 20:34

    Ni ideiekin bat banator ere, ideien formulazioekin ez naiz kontent geratzen. Gainera, uste dut gure aspaldidaniko gurpil zorotik ateratzeko giltza (bat behinik behin) formulazioak berritzea eta doitzea dela.
    Beste artikulu batzuren harietan behin eta berriro iradoki nahi izan dut hori; barka ezaidazue astuna banaiz, baina ez dut beste modurik ezagutzen…
    Esaten direnak egiazko izan daitezen, ala ez, kendu “Euskara” hitza eta “euskaldunak” jarri. Niretzat ezinbestekoa da hori.
    Bestalde, orain ez gara hasiko aztertzen ea hizkuntza batez zer egin daitekeen… (erabilera gako, ezagutza bide…). Jakina, Euskara hizkuntza bat, hizkuntza, besterik ez da. Hizkuntzak erabili egiten dira, zein ere, behar dugun neurrian baina batez ere behar dugun moduan: alegia, gure hizkuntza Euskara bada, erabil dezagun “gure hizkuntza” denez.
    Hasteko puntua da hori. Gero etorriko dira lege xedapenek, administrazioek, indar eta ahulezia politikoek, hezkuntza erakundeek… dakartzaten gorabeherak…
    Baina, ez dezagun nahas hezkuntza hizkuntzaren dinamikarekin… Kontua baldin bada galtze dinamikari buelta ematea, agian onena litzateke dinamika hori hasi zen puntutik -gutxienez maila pertsonalean hasi zen puntutik- itzulerari ekin. Hizkuntzaren ordezkapenak eman dira aspaldi handia dela, nahiz eta Montesori oraindik zabaldua ez zegoen…
    Erabilpena eta ezagutza direla eta, aspaldi dakigu hirugarren hanka motibazioa dela, eta horixe dugu huts nabarmena, aipatu ere egiten ez baitugu… eta eskasak baikara, oso eskasak, ondokoari motibazioan eragiten…