Maite zaitudalako…

Maite zaitudalako … –

“Maite zaitudalako sortzen dut». Ziurrenik azken urteetan Donostian dagoen pintaketarik ezagunetakoa da. Egileak nor diren ez dakigu, baina haien mezua nonahi aurki dezakegu, baita Donostiatik kanpo ere. Kaligrafia berberaz egindako pintaketa honek hainbat iritzi, hausnarketa eta inpresio sortu zituen bere garaian, baina, nire ustez, honen alderdi aipagarriena izan da pintaketaren hausnarketaren gakoa benetako sorkuntzan materializatu dela; izan ere, ez dakit maitasunez egin ziren, baina pintaketa honetatik hainbat kamiseta eta double dry hopping-dun garagardoa sortu dira.

Maite zaitudalako…
Arg: EITB

Litekeena da «esplotatzailea», «12 ordu, 7 egun, 1.000 euro» eta «Prekarietatea STOP» bezalako pintaketek ibilbide laburragoa izatea merchandising munduan, eta pintaketen ligako bigarren mailan egotea «Azora kanpora», «desalojorik ez» eta beste hainbesteren alboan. Ziurrenik problematikoagoak direlako hauek publizitate eslogan eta salmenta produktu bihurtzea.

Izan ere, etxebizitzaren arazo endemikoaren eta agintariek sustatutako turistifikazio basatiaz gain, Donostiak iritzi publikoan hainbeste protagonismo ez duen eta, aitzitik, hiritar guzti-guztiek onartua eta barneratuta dugun arazo handi bat du, batzuetan eztanda egiten duena. Senra tabernetako esplotazio kasu sistematikoa azaleratu zenean ez dut uste inor modus operandi horrekin harritu zenik, ezta Alde Zaharreko taberna hauetako ostalari horiena kasu isolatua denik ere.

Agian gogoratu gaitezke gure inguruan turistentzat hain bideratuta ez dagoen jatetxe, okindegi, taberna edo establezimendu kateekin, bertan kontsumitzen dugun edo albotik pasatzen garen bakoitzean, irekieran zein itxieran, lanean dagoenarekin. Normaltzat daukagunarekin, hau da, edozein ordutan joanda ere, kafea olo esnearekin gustatzen zaizula dakien horren lan orduekin.

Ostalaritza sistematikoki egoera irregularrean dauden langileez baliatzen den sektorea dela esatea ez da ez originala, ez ausarta, baina ezta esklusiboki sektorearena ere ez. Izan ere, ostalari enpresaburu batzuek lasaitasun osoz eragindako lan esplotazio eta bestelako gehiegikeriak Atzerritarren Legeak ahalbidetzen ditu, eta hau indargabetu ezean, milaka pertsona eta langile abusu, hertsadura eta xantaien aurrean egoera zaurgarrian jarraituko dute. Noski, horien kontura aberasten diren ostalari, ugazaba eta patronala txanponaren beste aldea dira.

Ostalaritzako lan esplotazioaren egoera Donostiako hiri-ereduaren koiunturaren parte da, turistentzako aurkezten den hiriaren, baina baita guk bizi dugunaren errealitatean dagoena ere.

Irutxuluko Hitzan argitaratua

Maite zaitudalako …