Euskara inposizioa omen
Nork bere eguna izaten du. Negar batean amaren alutik odolez blaituta atera, ipurdian zaplateko bat eman eta egun hori, zeure izendatzen dute. Oraindik begirik ireki ez duzun arren baldintzarik gabe maite zaituzten ingurukoek boligrafo gorriz markatzen dute urtea, eguna eta ordua egutegian. Hortik aurrerakoak ondotxo ezagutzen ditugu: belarriko tirakada maiz desatseginak, urtez urte mezu bera bidaltzen dizkizuten ezagunak, lagunekin asteburuko parranda behartua eta igandeko familia bazkaria. Antzeko zerbait gertatuko da egun batzuk barru euskararen egunarekin. Negar malkotan eta odolez bustitako egunen batean sortuko zen amaren baten alutik. Inguruko guztiek gorriz markatuko genuen egun seinalatua egutegian. Euskarak bere egunean (eta baita gainerako 364 egunetan ere) jasan behar izaten ditu belarriko tirakada desatseginak, urtez urte mezu bera bidaltzen dizkioten ezagunak, abenduaren 3an halabeharrez eskoletan ospatutako jaialdiak, eta hurrengo eguneko aje linguistikoak.
Horixe geratzen da egun bat ematen dizutenean; gainerako guztietan zutaz ahaztea zilegi bihurtzen dela.
Dena den, ez da gaur eta hemen nire asmoa egun bat oparitzearen hipokresia, egun bakarreko txapa-eramatea eta zoriontze behartuak kriminalizatzea, izan zitekeen arren. Azken aldian, erdi nazkatua nago, hobekiago esanda guztiz nazkatua nago, euskararen aldeko edozein politika inposizio edo eraso gisa hartzearekin. Inguruan entzun ditut diskurtso bat baino gehiago, esaterako, administrazio publikoan bertako langileak euskaraz ikastera/jakitera behartzearen sufrikarioa seinalatuz. Eta neure baitarako pentsatzen dut sarri diskurtso hori inongo erreparorik gabe okatu duen horrek bizi ote duen egunerokoan euskal hiztun batek bizi behar duen gutxiespena, mespretxua eta zapalkuntza.
Ez nuke biktimizazioan erori nahi, hitzari behinik behin tirri piska bat hartu diot eta, baina geure hizkuntza eskubideak behin eta berriz urratzen direnean, adar jotze etengabe bat iruditzen zait instituzioetan (publikoetan bereziki, baina baita pribatuetan ere) hizkuntzaz aldatu beharra, bertoko hizkuntza ofizialean (nahiz eta, ados, ez bakarrean) hitz egin ezin dugulako. Orduan nork edo nork ahotsa altxatuz botako digu, gaztelera edo frantsesa ere gureak direla, edo euskara ez dela politizatu behar, edo hizkuntza guztiak direla berdineko aberasgarriak. Eta guk, aurrez geneukan harridura aurpegi berarekin begiratuko diogu. Ziurki eztabaida lagunak ez bezala guk ezagutzen baititugu, gutxienez, aurrez aipatutako hiru hizkuntzetatik bi.
Atsegin ditut hizkuntzak, zenbat eta gehiago jakin hobeto, ados. Baina hizkuntzetan ere sortzen dira botere harremanak; nik euskaraz hitz egiten dudanean, sarri, kontestuagatik, tokiagatik, egoeragatik, gaztelerak zanpatzen du. Neure baitan aldiz, euskaraz ari dira zirrikitu guztiak eta barnean adoretuta kanpora jaurtitzen dudanean, “perdona en castelllano, por favor” batek, txikitze sentsazio izugarria ekar dezake. Hor bai, gertatuta da inposizioa. Eta gazteleraz zein frantsesez sinatzera behartutako paperek, hartutako kafeek, egindako kontsultek ez dute goxatu nire sufrikarioa. Ez da bi hizkuntzen arteko bataila bat, bestea errespetatzeko keinu bat baizik; euskaraz hasten ditugun egun guztiak odoleztatuta eta ipurdiko batekin hasi ez daitezen.