PNV zergatik ez den euskaltzale

PNV zergatik ez den euskaltzale

Zergatik ez da euskaltzale, abertzale den eta euskara (bere eran) maite duen gure herriko alderdi nagusia? Astian zehar atzera joko dugu apur bat, erantzunaren bila.

Sabino Aranak fundatu zuen alderdia eta Sabino Arana bera ere ez zen euskaltzale, euskara hobesten ez zuen heinean. Euskara tresna bat zen harentzat, lanabesa, helburu handiagoen mesedetan (independentzia) eta oinarri nobleegoen zerbitzura (arraza) erabili beharrekoa, ahal izanez gero, baina bazter utzi zitekeena ere, tresna egokia gertatuko ez balitz. Ez zuen uste hizkuntza zenik herri bat eta gizarte bat osatu, trinkotu eta gotortzeko baliabide nagusia, Nebrijaren lau mende lehenagoko adierazpen zorrotzek eta Gaztelako inperialismo arrakastatsuak aurkakoa erakutsi arren argi eta garbi. Esate baterako, Kataluniak hain era bikainean lortu duen hizkuntzaren bidezko integrazioaren hautua ausart kritikatu zuen, Errores Catalanistas deritzan artikulu argigarri batean .

PNV ofizialki ez konfesionala da 1977az geroztik, baina ia 40 urte geroago ez duzu Euskal Herrian ikusiko PNVko zinegotzirik gabeko prozesiorik. Hein berean, gaur egungo PNVrentzat ofizialki, euskaldun egiten gaituena euskara bada ere, alderdia ez da euskaltzale bihurtu, ez du euskara hobesteko urratsa egin, hidalgia ziurtagiri gisa darabil euskara, besterik gabe. Nola daiteke hori?

Euskararen alorreko PNVren jarrerak ez dira Sabino fundatzailearen oinordekotza besterik gabe. PNV ez da Sabinoren zordun euskarari PNV zergatik ez den euskaltzaledagokionez. Biak ala biak dira, errealitate soziologiko beraren zordunak. Sabino euskaltzale ez izatea, ez zuen berak asmatu, bera jaio eta bizi izan zen gizarte giroari zor zaio.

Herri menperatu guztiak gaixotu egiten dira akulturazioaren ondorioz. Arima gaixotzen zaiela esango lukete lehengo zaharrek. Kalte psikologikoak nozitzen dituztela esango genuke gaur egungo hizkera aseptikoagoan. Literatura zientifiko ugari eta interesgarria dago gaiaren inguruan, munduan zehar azterturiko anitz kasu deskribatuz, gure artean inoiz aipatzen entzun ez dudan arren. Euskaldunok noski ez gara arauaren salbuespena, honelako aitortza bat egitea minbera gertatzen bazaio ere gure harrotasunari. Bai, euskaldunak ere gaixo gaude, gure herriak aspaldidanik jasotako jipoien ondorioz, gure hizkuntzak nozitutako burla eta iseken ondorioz. Horrelakoak urrun samar geratzen bazaizkigu ere, horiek eragindako hamaika jarrera oharkabeko, hortxe daramatzagu gure ADNan txertaturik.

Herri akulturatuaren gogoan, lotsa eta harrotasunezko koktel eskizofreniko samarra garatzen da, herri nortasunaren zati baten harrokeriazko apologiaz konpentsatuz, lotsaz abandonaturik uzten den beste zatia, gehienetan, hizkuntza. Gure herrian, akulturazioaren oldar bortitza Gaztela mugakide izan dutenek nozitu dute, beste eskualde batzuk erdararen babes samarrean luzaroago iraun ahal izan duten bitartean. Bizkaia izan da mendebaldeko muga etsaikorrean irmo eutsi diona hizkuntzari, baina hainbeste mendeko borrokak zauri larriak eragin dizkio gogoan. Bizkaia da euskaldun izatearen lotsa barneratuen duena. Bizkaia da baserritarrari “aldeano” esaten zaion lurraldea. Bizkaia da euskaldunek erdaraz jarduten dutenean, berezko azentua zeharo galdu dutelako, euskaldunak direnik batere antzematen ez zaien lurraldea. Bizkaia da, duela lau mende, erdaraz ez zekiten herri ordezkariak Gernikako Juntetxetik egozten zituena. Bizkaia da euskal literaturara azken eta berant iritsi zena. Mogelen fikziozko(?) Bizkaian, duela bi mende, elebakar euskaldunak defentsiban zebiltzan herkide elebidunen aurreiritziak borrokatuz. Sabinok ez zuen ezer asmatu, Sabino bere herriko seme izan zen besterik gabe.

Aipatu herri-gogoaren gaitzok ez dira Bizkaian bakarrik aurkitzen, Euskal Herri osoan aurki ditzakegu. Pello Kirten gipuzkoarra zen, Argentinara emigrante joandako gipuzkoar gehienek lasai eta axolarik gabe utzi zuten euskararen lorea ihartzen, eta erdaltzaletasuna nagusi da gaur egun Gipuzkoako elebidunen artean ere. Baina Bizkaian nabarmenago dira,- arestian esan ditugun arrazoiengatik-, eta PNV sendoago sustraituta dagoen Bizkaia sakon tradizionalean are nabarmenago oraindik. Lurra gaixo dagoenean, bertan sustraitzen den landarea ezin da sano egon eta gaixo dagoen landareak ezin du fruiturik eman. Hara hor kidetuta euskara eta Gernikako Arbola!

Bizkaiko PNVak EAEn agintzen diraueno, euskarak ez du atarramentu onik izango. Soka luzeko lotsak eta konplexuak, odola kutsatuta gorputz osoan zehar zabaltzen den gaitza bezala, gure gizarteko bazter guztiak kutsatzen jarraituko dute, agintaritzaren menpe dauden bide guztietatik, (hezkuntza, legegintza, telebista, administrazioa, e.a.) oraintxe bertan ari diren bezala.

10 pentsamendu “PNV zergatik ez den euskaltzale”-ri buruz

  • Guztiok gara gure garaien semeak hein haundi baten, baina uste dut hori ez duela justifikatzen EAJk izan duen jarrera. Euskaltzaleak direla badiote horrela jardun beharko zuketen, hiritar arruntak baino askoz gehio, baliabideak dituztelako, adibidez.
    Garaiak baino gehio saldukeria, hipokresia, diruzaletasuna…. errango nuke nik.

    Gizartea erdalduna da baina Euskaldun asko daude, beraz euskaraz egin zezaketen hain Euskaltzale badira, baina beraien bozkatzaile asko usatuko zituen, kolono mordo, Euskara inposatzea nazien gauza barneratua duten Euskaldunak…. Ta hori dirutan asko da.
    Baina hori ez da garaien semea izatea, hori zure burua, hizkuntza, kultura, nazioa… saltzea da.

  • ganbaratxotik 2015-11-30 19:18

    Hara: “Sabino Aranaren EAJrentzat euskera tresna izan da” diozu, eta ados nago. Baina ez nator bat erabilpen horren helburua “independentzia” dela diozunean. Izan ere EAJrentzat independentziaren alldarrikapena bera ere tresna bat besterik ez baita izan bere benetako helburu edo obsesioa lortzeko: EGONKORTASUNA. Alegia, Sabinok mande hasieran ideia ezkertiarren aurka, ideia berri eraldatzaileen aurka bere txoke-indarra behar zuen. Nola heldu haiengana? Nola gelditu “maketoen” inbasioa?. Euskaldun elebakarrak bereganatuz noski. Bizkaiko jauntxoek (Sota,…) ederto diruztatu zuten Sabinoren aktibismoa. Harridura sortzen dit oraindik gure herritarrek hain fenomeno nabarmena ez ikustea.

    Euskerak eta independentziak (estatu berriak) ditxozozko EGORKORTASUNA bermatzen dionean, EAJ-PNV guztietan independentziazaleena eta euskaltzaleena izango da.

    • Aranaren pentsaerari kritika ugari egin dakioke, baina Sabino larrutzea zetorkigun kolonizazioaren arazoa antzemateagatik, batez ere kolono haiek eta atzetik etorri zirenek zer eragin izan duten Euskal Herria asimilatzeko orduan, ez zait batere bidezkoa iruditzen.
      Gezurra dirudi gaur egun oraindik Espainiar inperialismoak burutuko prozesua klase borrokaren klabean irakurtzen duen jende ikusteak.

  • ganbaratxotik 2015-12-01 21:15

    Euskal Herria asimilatzeko? Inperialismoa? Zeintzuk egin zuten bat gaztelako erregeekin Nafarroa bazter utzita? Sabino diruztatu zuten jauntxoen aitzindariak, hain zuzen ere, “Bizkaiko aberatsak dira diruzale…”.
    Fenomeno politikoen atzetik, batez ere, ekonomia dago.
    Sabino Aranak baino askoz lehenago XAHOk zazpiak bat eta Euskal Errepublika aldarrikatu zituen. Zerk huts egin zion iparraldekoari?
    Euskal Herriak dirau. Eta iraungo du borroka egin behar denean borrokatuz. Eta historiak argi erakutsi digun bezela, gure lurraldea pasoko lurraldea izanik inguruko kulturak gurearen baitan integratuz. Alegia, oreka bat behar dugu estrategian malgutasuna eta gogortasunaren artean.

    Orain ESTATUA behar dugu. Hil ala bizikoa zaigu. Horretarako euskal herritar gehiengoa konbentzitu behar dugu. Tartean espainolak sentitzen direnak, frantziarrak sentitzen direnak, marokiar, txinatar,senegaldar,ijito,judu,….
    Denok irabazi behar dugu horrekin. Denok askeago izango gara.

  • JEL: Jainkoa, Espainiera eta Lagizarra 2015-12-02 11:08

    Lesakako udalak (Geroa Bai), UEMA utzi du. Bertako alkatearen aburuz «euskara sustatzeko, konbentzitu egin behar dugu eta ez inposatu».
    Euskara Normalizatzeko Planak udal erakundeetako lan hizkuntza euskara aukeratu izanari inposizioa esaten dio koxmopolitta-usteko jaun honek.
    Erakundeetako lan hizkuntza espainiera izatea zerutik etorriko zen, noski.
    http://erran.eus/mendialdea/1448865183006

  • Bizkaitar bat 2016-02-10 19:33

    A zer mespretxua adierazten duen artikulu honek bizkaitarrekiko eta Bizkaiarekiko (hemen baserritarrari “aldeano” mespretxuz deitzea ez dut ia sekula entzun. Beno, giro pijoetan gertatutako da, Gipuzkoako edo Nafarroako giro pijoetan gertatuko den bezalaxe). Aspaldi da bizkaitarrok batzuetan, euskalgintzane ta baita ere giro abertzaleetan mespretxuz ikusiak edo gutxiagotuak: gure euskara taxrragoa da, ez dugu ondo hitz egiten, gure euskalgintzzaren aldeko ahaleginak “pose” hutsa dira, erregionalista hutsak gara, hiri handi kutsatzaile eta “erdalduneak” gurean daude (zer euskal “autentikoak” diren herri txikiak!), dearroilismoa guk ekarri genuen…

    (Portzierto, guar egugno euskal ideologia “jatorrean”, Sabino kritikatu arren, haren ideologiaren traza asko ditu: herri-txikitasuna eta antiindustrialismoa, adibidez).

    Arrazoi du Hartsuaga jaunak Gernikako juntetxeetan 1648.ean erdaraz ez zekiena sartzeko erabakia hartu zuela Bizkaiko Batzar Nagusiak. Baina nonbait ahaztu du “bere” Gipuzkoan, erabaki hori bera 1621.ean hartu zutela, Bizkaia “espainolean” baino lehenago.

    Nik Hartsuagaren beste artikulu bat irakurri dut hemen, interesgarria hura: euskara eguneroko komunikazio tresna baino, hidalgia ziurtagiri bezala erabiltzen dutenak kritikatuz. Artkulu honetan ordea badirudi beste hidalgia-hierarkia bat eraikitzen duela Hartsuagak, bizkaitarrak euskaldunen artean beheko-mailan, ezhidalgo bezala jarriz.

    • Juan Inazio Hartsuaga 2016-02-12 00:05

      Sentitzen dot artikulu osoaren konklusio lez Bizkaia eta bizkaierarentzako mespretxua ikusten badozuz. Horiek ez ziran inolaz be neure idatziak ebezan asmoak. Errespetu handia deutsot bizkaierari, gainerako euskalkiei deutsedan lez, eta aspalditik saiatu naz apur bet ikasten, gure beste lortu ez badot ere, Eskertuko deutsut baita be, Gipuzkoako gertakari horren barri zehatzago emoten badostazu. Zagoz ederto.

      • Bizkaitar bat 2016-02-13 12:33

        Bai, argi dago zuk ez zenuela berez Bizkaia kritikatu nahi, baizik eta EAJk helburu politikoak (independentzia Sabinoren garaian, foruzaletasuna orian) lehenestearren euskalduntzea bigarren mailan uztea. Badakit hori.

        Baina asuntua da, horixe kritikatzeko sei edo zazpi esaldi bota dituzula Bizkaiari buruz oso, oso injustuak direnak, iraingarriak izateraino. Nik neu Nafarroari (demagun, “espainilisten lurraldea, Euskal herriaren zatiketa eragin zuena”) edo Gipuzkoari buruz (demagun, “euskal disneylandia, fantasiazko mundua”) botako banituen sekulako harrabotsa gertatuko zen.

        Eta ez, ez da zuri egindako kritika soilik. Zu, bizi zaren (garen) giroaren emaitza zara, zuk Sabino Aranaz esan bezala. Esan dut lehen, badago euskalgintzan edota giro abertzalean Bizkaia gutxiesteko edota “gaizki erortzeko” joera zabalduegia dago. bizkaitaarrok ekarri genuen industria (hain zuzen Aranak kritikatu zuena), hemen hiriak daude, “Kultura materialista” dugu antza, “euskal ideialismoa” edo “euskal komuntateak” desegin zituena… hala entzundut behin baino gehiagotan Bizkaiaz hitz egiten, eta ematen du hori politikoki zuzena dela “jatorren lurraldean”, Bizkaia “ez da jatorra” eta. Azken fienan eukaldunn bat “euskaldun eta nafar”, “euskaldun eta lapurtar”, “euskaldun eta gipuzkoar” izateaz harro egon daiteke, “euskaldun eta bizkaitar” bada, automatikoki “EAJkoa” da (eta nik sekula santan ez diot bozkatu alderdi horri).

        Gipuzkoako Batzar Nagusiak erdara ez zekitenn ordezkarien presentzia 1621.ean debekatu zuenekoa, Xabier Zabaltzren “Mater Vasconia” liburuan duzu

  • Peru Dulantz 2016-02-12 09:49

    Nik askotan esan dut, PNV Bilbon jaio zen, erdaldunen artean. Haientzat euskara beti izan da folklorearen parte bat, inoiz ez bizitzarako tresna bat. Horregatik, ez dute sinesten -ez dute inoiz sinetsi- gure bizitza publiko eta pribatuaren ardatzean koka daitekeenik; hizkuntza liturgiko moduan baino ez dute erabiltzen, eta hizkuntza liturgiko gehianak hilda daude dagoeneko.

  • Hori ez da EAJren gaitza soilik, Pero. Ezker abertzalean ere, gutxiengoa dira euskaltzale koherenteak (asko dira, baina gutxiengoa oraindik ere).