Euskara euskaldunon arazo?

Euskara euskaldunon arazo? –

Bizi garen gizarte erdaldundu honetan ematen du euskararen kontuak euskaraz bizi nahi dugunon arazo direla soil-soilik, eta ez herritar guztienak.

Politikoki eta administratiboki Euskal Autonomi Erkidegoan, Euskal Hirigune Elkargoan edota Nafarroako Foru Erkidegoan bizi garen euskaldunok badakigu euskaraz gain, gaztelania edo frantsesa -beste hizkuntzak beste-, eta, aldiz, aipatutako hiru eremu administratibootan bizi diren askok ez dakite euskaraz, eta EAEn osorik eta NFEn partez euskaldunoi eskubideak aitortuagatik, euskaraz jakiteko betebeharrik ez dagoenez, euskara unibertsalizatu gabe dagoenez, euskaraz bizi nahi dugunon arrangurak eta kezkak gure arrangurak eta kezkak dira bakarrik, hein bateko elkartasuna elkartasun, pentsiodunen kontuak pentsiodunenak diren bezala, edota LGBT kolektibokoen arazoak haienak soilik diren bezala, edota feministenak emakumeenak, edota migratzaileen aferak migratzaileenak.

Euskara euskaldunon arazo?Gauzei horrela begiratuta, iduri du aterabidea dela goian izendatutako gizatalde zapaldu eta erdigunetik periferiara bazterrarazitako guztiok batu eta elkarrekin borrokatzea, pixkanaka periferiatik erdigunerantz eginez joateko, baina kontutxo bat gelditzen da hor ezkutuan, batere kontutxoa ez dena, baizik eta giltzarri eta ardatz, eta da pentsiodunak beti egongo direla, LGBT kolektibokoak eta emakumeak eta migratzaileak ere bai, mundu globalizatu honetan, baina gerta litekeela, asko baino lehen, euskaraz normal samar bizi garenak gero eta gutxiago izatea eta, esate baterako, Eskozian gaelikoz bizi direnak bezain urriak izatera iristea, non eta ez zaion euskararen eta euskaldunon aurrerapenari beste norabide bat eta bultzada politikoa ematen.

Goraki eta hedatuki aldarrikatu beharra dago euskara gure herriko eliteek ia beti zokoratu izan dutela azken mendeetan, eta elite horiek men egin diotela Gaztelatik zabaldu den gaztelaniaren inposizioari Euskal Herri penintsularrean, eta Paris ingurutik hedatu den frantsesari Euskal Herri kontinentalean -oroit “eraztunaren” eta antzeko jolas maltzurrak eskoletan, eta batzar nagusietan edo biltzarretan, gaztelania edo frantsesa jakin beharra diputatu izateko-; gure elea ez dela landu unibertsitate eta apaiztegietan, ez gorte eta bestelako botereguneetan, eta mendeetako zokoraketa eta landu-ezari ezin zaiola aurre egin, onenean, eskubide indibidualak hein batean errespetatuz soilik, baizik eta askoz politika eraginkorragoak behar direla abian jarri eta garatu.

Euskal Autonomi Erkidegoan, legez, herritar guzti-guztiek dute eskubidea gaztelania ez ezik euskara ikasteko Oinarrizko Hezkuntza Orokorrean, eta, halere, jakina denez, neurri apalean betetzen da hori, eta ez da neurririk hartzen hori iraultzeko. Ez dakit nola ez dagoen kexa gehiago derrigorrezko irakaskuntzatik gaztelaniadun bai baina euskaldun atera ez direlako. Amore emate orokortuaren seinale?

Gizarte bezala zerk kohesionatuko gaitu: kontzertu ekonomikoak eta hein bateko autonomiak eta gaztelaniak edo frantsesak?, eta euskara, euskaraz bizi nahi dugunon kezka baino ez da izango? Hortik Eskoziako gaelikoaren estatusera goaz, edo bretoierarenera Bretainian. Hori ez da aterabidea. Euskara ez da euskaraz bizi nahi dugunon afera hutsa.

Pentsiodunen, LGBTkoen, feministen eta migratzaileen eskubideak aintzat hartzea garrantzizkoa da estatu demokratiko batean, baina euskararen garrantzi politikoa beste bat da, eta euskara erdigunera, gure jendartearen muinera ekartzeak izan behar du gure helburua. Ikuspegi hori gailenarazi behar dugu, horretarako praktika eta legedi egokiak ezarririk. Tempus politikoak eta linguistikoak ezberdinak izango dira; autodeterminazio eskubidea eskuratzea bizkorrago lor liteke berreuskalduntzea baino; haatik, biak dira beharrezkoak.

Euskal Herri erdaldunduan euskara ezinbesteko bihurtzea da historian barrena bertako eliteek arrotz eliteekin elkar aditurik eragin dioten bazterketa bidegabeari justizia historikoa kontrajartzea, hots, Euskal Herria berreuskalduntzeko eskubide eta xedeari men egitea eta horretan indarrak jartzea, bazterketak bazterturik.

Euskara ikastea eskubide eta betebehar bilakatu ezean, frantses eta espainol itsasoetan suntsituko gara, hamarkada asko baino lehen.

Euskara euskaldunon arazo?

Pako Sudupe

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)

7 pentsamendu “Euskara euskaldunon arazo?”-ri buruz

  • Funtsean bat nator azaldu duzun ideiarekin. Baina edozein ideiak, aurrera aterako bada, gizartean masa kritikoa behar du. Eta galdera da, euskara gai zentraltzat hartzen dugonok zenbat gara? Agian nire bizitzaren bolada ezkor batean nago, baina oso gutxi garela iruditzen zait, eta are okerragoa dena, gero eta gutxiago izateko joera dagoela ematen du.
    Maiz entzun izan dut “Euskal Herria feminista izango da edo ez da izango”. Eta badakit beste batzuk pentsatzen dutela sozialista, kapitalista edo beraiek gogoko dutena ez bada, ez dela izango.
    Baina zenbat dira (gara) “Euskal Herria euskalduna izango da edo ez da izango” leloa ardatz gisa har dezaketeenak?

  • Pako Sudupe

    Eskerrik asko komentarioagatik Xanti. Zalantza horiek askorenak dira, nireak ere bai, baina ez dugu etsiko.

  • Ez dakit zer izango den etorkizunean, baina egun ez da euskalduna, eta beraz ez da. Euskal Herria desagertuz joan da gradualki, eta euskaldunen kopurua ikusita ezin esan daiteke bizirik irten denik. Agian geratzen garen euskaldunok batu eta entitate berri bat sortu behar genuke: Euskal Auzoa edo Euskal Kuadrilla.

  • euskaldun bat 2020-02-03 20:28

    Zorionak euskara aldarrikapenen paketetik ateratzeagatik! Garrett, ez zara batere koherentea.

  • “Euskaldun bat”ek botatakoarekin erabat ados: “aldarrikapen paketetik” ateratzeko norbaitek esan behar zuen eta zuk, Pako, esan duzu.
    Beste horrelako egia franko badago saltsa nahasian gainera atera beharko luketenak

  • Pako Sudupe

    Eskerrik asko Euskaldun bat eta A.

  • Jose Inazio Lopez de Luzuriaga 2020-02-07 17:14

    Eskerrik asko, Pako, gaia hain modu argian eta txukunean azaltzeagatik. Bat nator zurekin: orain ezin badugu eskubide bat edo beste lortu, aldaketa geoestrategikoak edo sozialak medio, agian geroago izango dugu aukera eskubide horietako baten bat lortzeko. Aldiz, euskara galtzen badugu galera hori betikoa izango da… ez badugu Israeldarrek duten botere ikaragarria eskuratu. Eta hori, gure kasuan, pentsaezina da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude