Euskara espetxean
Euskara espetxean –
Arkaitz Zarraga Azumendik ARGIAn.
Espetxeetan harremanak ezberdinak dira. Hainbat baldintzapen dituzte, baina nagusiak dira espetxean daudenek ez dutela bertan egon nahi eta ezin dutela elkar ekidin. Testuinguru muturreko horretan sortzen diren egoera komunikatiboak, hizketa egintzak, erregistro eta gakoak bereziak dira eta, ondorioz, arrasto agerienetakoa hizkeran islatu ohi da. Hamaika ikerketa egin dira hizkuntzalaritzaren hainbat esparrutatik, eta ondorio argia da lexikoan zein fraseologian berrikuntza iturri oparoa direla burdinen atzean sortzen diren hizkera horiek. Gerora, berrikuntza horiek kalera irten eta hizkuntzaren parte bilakatzen dira, hasieran hizkera kolokialetan, baina azkenean akademiek ere onartzen dituzte ekarpenok.
Euskarak ez du izan esparru hori beretzat. Euskaldun ugari egon dira espetxean, baina ez da gure eremua izan. Euskarak berezkoa zuen informazioa ezkutatzeko gaitasuna eta, jazarria izan bada ere, beste presoen inbidia piztu izan du. Horren lekukotasuna Txori Urdinak liburuan jaso zuen Zigor Olabarriak Santi Cobosen eskutik.
Euskaldunen arteko harremanak bereziak direla esango nuke. Horrek eraman zuen Santi, adibidez, euskara ikastera. Liskarrak ohikoak diren testuinguruan, besarkadak, zaintza keinuak eta elkarlana dira nagusi euskaraz
Hala ere, euskara ez da Puerto de Santa Maria, Alcala Meco, Picassent edo Fleury Merogiseko hizkuntza, eta bertan izan diren ehunka presoei senideak, lagunak eta herria bera urruntzeaz batera, euskara ere urrundu diete. Horri partxea jarri nahian ibili dira bost urtez berrogeitik gora irakasle, gutunen bidez eta batzuetan lagunei bisita kenduta, euskara zulo txikiren batetik sartu nahian. Arrakasta itzela izan du ekimenak, batez ere sortu diren harremanen ikuspuntutik, baina baita ikasleek lortutako emaitza akademikoei dagokienez ere. Ikasle finak inondik ere.
Orain gutxi Zaballako espetxean Kolonbian hizkuntzen biziberritzean laguntzen egiten dugunari buruzko hitzaldi bat eman nuen, euskaraz, jakina. Bertan zeuden 60 entzuleak euskaldunak ziren, tartean bi kolonbiar belarriprest eta Santi Cobos bera, Leoneko semea. Euskara komunikazio hizkuntza bilakatu da bertara heldu berri diren hainbat presoren artean. Euskara erdigunean kokatu eta hainbat ekimen sortu dituzte, bertsoak, liburuak eta mintza saioak, adibidez. Irakaspen ederra denontzat ere, euskara erdigunera ekartzea.
Euskaldunen arteko harremanak bereziak direla esango nuke. Horrek eraman zuen Santi, adibidez, euskara ikastera. Liskarrak ohikoak diren testuinguruan, besarkadak, zaintza keinuak eta elkarlana dira nagusi euskaraz, eta hori, batzuei deskolokea badakarkie ere, erakargarria gertatzen zaie beste hainbati. Euskara ikasteko eskariak izugarri igotzen ari dira Euskal Herrian dauden espetxeetan.