Euskara, diskriminazioa eta ideologia administrazioan
Diskriminazioa eta ideologia administrazioan –
Udaltzainen kasuan, hautatuak gazteak dira (38 urtetik beherakoak izan behar dute derrigor), eta horietako askok eskolan euskalduntzeko aukera izan dute. Eustaten arabera, tarte horretako herritarren %50 euskaldunak dira, eta %70,6 ia-euskaldunak. Gainera, eskatzen den euskarazko maila oinarrizkoa da, B2 maila, eta, ondorioz, titulu hori ikasteko aukera du hautaketa prozesura aurkezten den edonork (oposaketa gainditzeko beste ezagutza batzuk ere ikasi beharko ditu, adibidez, Espainiako Konstituzioa. Hori behar bezala ezagutzen ez duena diskriminatuko dute). Hortaz, Espainiako Konstituzioaren ezagutza exijitzea naturaltzat jotzea eta euskararena, aldiz, diskriminaziotzat lerratze ideologikoa da, ez besterik. Ez al dute zerbitzua hobea eskainiko bi hizkuntza ofizialak ezagutzen dituzten udaltzainek?
Beste adibide bat: gaztelania jakitea derrigorrezkoa denez, ez dakiena diskriminatuko dute; esaterako, Ipar Euskal Herritik datorren hautagai euskalduna. Zentzuzkoa da hori?
Beste egoera bat: Barakaldoko herritar euskaldunak eskubidea du berarekin harremanetan jartzen den udaltzainak euskaraz hitz egin diezaion, Ondarroan bezalaxe. Ezin da herritar horren bizkar utzi udaltzain euskaldun bat eskatu behar izatea, euskaraz egin nahi badu, agian egoera desatsegin baten aurrean aurkituko delako eta botere harremanak zeharo ezberdinak direlako bataren zein bestearen artean. Gogoratu dezagun Azpeitian euskara ez dela Irunen baino ofizialagoa: gaztelera bezala, euskara ere ofiziala da.
Areago, udaltzainek ere euskaraz lan egiteko eskubidea dute. Hori ere bermatzeko behar dira udaltzain elebidunak, lan hizkuntza gisa nahi duenak erdara eta nahi duenak euskara erabili ahal izateko bermea direlako.
Bestelako diskriminazio batzuk ere badaude administrazioko hautaketa prozesuetan, CCOOk salatu ez dituenak. Esaterako, Europar Batasuneko nazionalitatea ez duten etorkinek ez dute aukerarik administrazio publikoetan lan egiteko, ez gureetan, ez Espainiakoetan. Beraz, euskararen ezagutza oraingoz txikia izangatik ere kolektibo horietan, euskara dakien etorkinak ez du udaltzain izateko aukerarik. Bestetik, arrakala sozioekonomikoari erreparatuz gero eta medikuntzaren adibidearekin jarraiki, ikasketa horiek egin dezaketenen artean arrakala dago, jatorri umileko mediku askoz ere gutxiago daudelako. Diskriminazio zerrenda erraz luza genezake, bistan denez, baina arrakala batzuk ikustea eta beste batzuk ez, zera erakusten digu: ideologiak garamatzala diskriminazio jakin batzuk azpimarratzera eta beste batzuk bazterrean uztera.
ELAk badu gogoa Hizkuntza Politikarako Sailburuordearekin sakon aztertzeko administrazioetako euskararen normalizazio Dekretuan etortzekoa omen den aldaketa. Argi dugu trantsizio bat beharko dela denon hizkuntza eskubideak bermatzeko, baina epe bat zehaztu behar da behingoz trantsizio horretarako; administrazioan urtetan lanean aritu diren behin-behineko langileen egoera kontuan hartuta, noski. Argi dugu ere, epaitegi, egunkari eta iritzi publikoan hedatzen ari diren hainbat eztabaida Dekretu hori baldintzatzeko sortzen ari direla (kasu honetan, aurretik udaltzainen bi lan poltsa ontzat eman ondoren, hirugarrenari aurkeztu baitiote helegitea). Epe laburrean, administrazioetan erretiroa hartuko duten langile kopuru handiak kontuan izanik, posible da administrazioak erabat euskalduntzea 10-15 urtetan, egungo langile finko eta behin-behinekoei erabaki traumatikorik ezarri gabe eta euskararen ezagutza ez duten herritarrak euskaldunduz.