Hordago!

Hordago! –

Hordago!
Arg: Idoia Zabaleta, FOKU, NAIZ

Askotan errepikatu izan dugu hizkuntzak objektuak direla, eta beraz, hizkuntzei ez zaiela eskubiderik urratzen. Aitzitik, eskubideen jabe herritarrak direla berretsi izan dugu. Eta, ondorioz, egun Nafarroan gertatzen diren bidegabekerien objektua herritarrak direla, hau da, nafarrak diskriminatzen dira, milaka nafar bihurtzen da bigarren mailako herritar, etab.

Berriki, Nafarroako hegoaldeko muturrean aurkeztutako Hordago ekimenak ere herritarrak ekarri ditu erdigunera. Herritarrak bihurtu ditu bereizkeriaren bozgorailu, urte luzez eskubidez gabeturik egon diren milaka herritarren izenean hitz egin dute.

Baina herritar horiek ekiteari erabaki dute, bai eta behetik gora ekiteari ere, nondik eta Nafarroako eremu diskriminatuenetik. Eta, horrela, hordago jo dute handira, txikira, parretan eta jokoan. Izan ere, unea iritsi da hordagoak jotzeko. Karta onak daude orain jokoan aritzeko.

Ea, bada, behingoz, zonifikazioaren jokoa irabazi, eta herritarren arteko berdintasuna lortzen dugun. Kuraia on, lagunok, geu ere joko-lagun izango gaituzue.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2021ko azaroaren 16koa]
Hordago!

Euskararen Gizarte Erakundeen KONTSEILUko idazkari nagusia

2 pentsamendu “Hordago!”-ri buruz

  • Berdina al da Goizueta, Leitza, Arantza… eta Cortes, Buñuel edoeta Cascanteko errealitate soziolinguistikoa? Ez al genizkieke errealitate ezberdinei errezeta egokituak aplikatu beharko?
    Konparazioa eginez, lehenengo moltzokoak gaur egun “Ahobizi” izan daitezen izan beharko luke helburua, eta bigarren multzokoak “belarriprest”.
    Ikas dezagun espainiar zein frantziarren akatsetatik eta buru gehiagorekin joka dezagun. Mendetan euskaldun izan ez diren eskualdeak, biztanle gehienen nahiaren kontra euskalduntzen ahalegintzen ari garen bitartean, euskaldun jaiotzen direnak erdaldundu ditzaten uzten ari gara.
    Zonifikazioa beharrezkoa da. Eremu bakoitzean aplikatu beharreko arau eta ekimenetan dago benetako eztabaida.

  • Mikel Haranburu 2021-11-25 14:50

    Plano, maila edo esparru desberdinak bereizi behar direlakoan nago ni. Uste dut une batzutan soziolingustika egiten ari izaten garela, baina bestetan hiztunen jarrerez edo jokabideez dihardugula, bestetan legegintzaz edo eskubide legalez… Iruditzen zait nahasiegi ditugula gai eta plano horiek guztiak, eta diskurtsoetan denak ere zopa linguistiko batean sartu ohi ditugula, gero ezin burutan atera ditugularik helburu argiak eta dinamika aurrerakorrik.
    Esan dezagun baietz, errealitate soziolinguistikoak ez direla berdinak, inon ere, baina garrantzitsua dena, errealitateak baino, dinamikak direla.
    Legeak egiterakoan errealitatea aintzat hartu behar da, baina errezetak aplikatzerakoan, eremuan diren dinamikak, eta areago, helburu edo xedeak ere. Esaterako, PSNk aitzaki ederra du (?) errealitatea aipatzen duen aldi oro, legeaz mintzatzen direnetan. Alabaina, aurka ematen den diskurtsoa ez da errealitate batez ari, baizik eta hizkuntza berreskuratze nahiari dagokiona, alde batetik, eta etorkizun batean komunitate guztia hizkuntza baten ezagutzara-edo, iristeari dagokiona, beste aldetik.
    Grosso modo, ordea, legeek ez dute helburu edo xede linguistikorik; oro har eskubideak bermatu, diskriminazioak saihestu eta horrelakoak bai, baldin eta ez badira aldi baterako legeak, hau da, hizkuntza baten normalizaziorako legearen amaiera iristen baita delako hizkuntza normalizaziora iritsi denean…
    Beste gauza bat da, errezetak aipatuta, mendetako gaitza sendatzekotan aplikatu nahi ditugun erabakiak eta beste. Kontua da, gaitz hori ez dela berdina guztiontzat, eta askotan gaitz ere ez dela, Nafarroako hainbat eremutan (Euskal Herri guztian berdintsu…).
    Ni zonifikazioaren aurka nago. Ez du inolako zentzurik foru lege batean, non errealitatea, zeinahi den, ez den betikotu eta gero fosilizatu behar, asmo politiko baten ariora. Bai, ordea, ontzat emanen nuke estatus hitza eta kontzeptua erabiltzea. Adibidez, aurreko legegintzaldian hainbat udalerri “zona” batetik bestera pasa ziren, beren lurraldea eta guzti…
    Ez al da egokiagoa, eskubideez, zerbitzuez eta hiztunen hizkuntz dinamikez ari behar dugunean, estatusak baliatzea? Ez al luke horrek malgutasuna ekarriko han edo hemen gertatzen diren “errealitatearen aldaketak” tratatzekoan? Zergatik hiru zona, eta ez lau, edo bi edo bost? Zergatik ez egin azpizona txikiagoak zona “mistoan”, zenbakiek lege baten beharra adierazten baitute, Nafarroa osoan bezalatsu?
    Arazo ia historikoa da zona direlakoen gaia, baina ideia berririk nekez agertu ohi da…