Euskara da pasaporterik onena

Euskara da pasaporterik onena –

Duela gutxi Iñaki Williams Athleticeko futbol jokalariaren bideo bat zabaldu zen twiterren. Kirolariak bertan esaten zuen oraindik entzun behar duela “beltz batek ezin duela jokatu Athleticen”, edota “beltz hori ezin da euskal herritarra izan (vasco)”. Horren harira txio hau idatzi nuen, eta aurreikusi ez arren, kalapita piztu:

Zein dira Williamsi “vasco”-a ez dela esaten diotenak? Tartean beste “vasco” erdaldun elebakar batzuk; kasu askotan, gainera, Williams iruindarra bezala, etorkinen seme-alabak direnak. Eztabaida antzua da euskaldunon gehiengoarentzat, hanka ez buru ez daukana, jatorriaren ingurukoa; euskalduna euskaraz mintzo dena baita, eta Williamsek euskaraz egingo balu, ez lukeelako azalpenik emateko beharrik sentituko ere. Erik Gartzia txiolariak esan zuen gisan, badago bideo horretan “excusatio non petita” ikaragarri bat.

Eztabaida une batzuetan “gogor” joatearen arrazoia, ene ustez, batzuek Williamsi herritartasun estatusa ukatzen ari nintzaiola pentsatu zelako da. Inondik inora. Euskal herritarra da Euskal Herrian lan egin eta bizi den pertsona, eta masa hori da, hain zuzen ere, herri hau hobeto biziko den errepublika independente batera eramango gaituen subjektua. Errepublika hori sortze bidean eta jaiotzean, euskarak erdigunea hartu beharko du, geroz eta gehiago; eta orduan, guk ere, munduko beste estatuen gisan, ofizial eta derrigorrezko bihurtuko dugu gure hizkuntza (okupatuak gauden bitartean “behar soziala” sortu dezakegu, baina estatu batek eskaintzen dituen tresna gabe). Euskal Herria herri egiten duen ezaugarri nagusia (ez bakarra) euskara delako. Unai Fernandez de Betoño txiolariak oso ondo helarazi berri du:

Williams Iruñeko gizon bat da; erdalduna, Euskal Herriko biztanleriaren %70a bezala. Euskal herritarra.

Komunitate euskalduna beste kontu bat da. 

Adibidez: Periko Solabarria izugarri miresten dudan pertsona zen, eredu izugarria zenbait arlotan; aldi berean argi daukat Periko bezalako euskaltzale amorratu batek euskaraz ikasi izan balu, unibertso berri bat zabalduko zitzaiola bizitza osoan begien aurrean izan zuen munduan; eta Oteizari eta Basterretxeari ere; Eva Foresti; Euskal Herriaren luze-zabalean hamaika ikastola sortzen eta hauspotzen itzelezko lana egin duten euskaltzale erdaldunei… Mundu berri bat, herri berri bat. Ibarretxeri zabalduko zitzaion bezala, edo Toti Martinez de Lezeari, edo espetxean euskaraz ikasi duten preso guztiei, edo Fermin Valenciari; duela gutxi iritsi eta euskaldundu den senegaldarraren gisan, 50 urterekin euskaraz ikasi duen goierritarraren antzera.

Euskara da pasaporterik onenaEuskaldunberriei kale-izenak jarri zaizkie. Merezi dutelako, ze kristo. Baten-batek Artze parafraseatu zuen, arrazoiarekin hau ere: euskara ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, baizik eta okupatzen gaituzten bi estatuek ahaleginak eta bi egin dituztelako eta egiten dituztelako berau desagerrarazteko. Eta hala ere, euskaldunberriak daude; eta hala ere, berezko “obligaziorik” izan gabe (eroso bizi baitaiteke erdara hutsean Euskal Herri osoan), badago euskara ikasten duen jendea.

Euskaldunberria beso zabalik hartzen da. Gainera, beste jatorri batzuetako lagunek ez digute zertan azaldu gaztelarra-gaskoia-beltza-tutifrutia eta euskalduna izan daitekeela aldi berean; ez dago beharrik, badakigu, haiek demostratzen digute. “8 apellidos” eta istoriak, baina ez gara gu abizenean, jatorrian eta azalean gehien fijatzen garenak. Gaztelania hutsean mintzo den Williamsek azalpenak ematen ditu, beltza eta euskal herritarra dela esplikatuz; eta euskaraz mintzatuko litzatekeen Williamsek?

  • ¡Tú eres negro, no eres vasco, no puedes jugar en el Athletic! (vous êtes noir, vous n’êtes pas basque, vous ne pouvez pas jouer à Athletic)
  • Barkatu, errepikatuko didazu berdina euskaraz? (bien bitartean richter eskalan 9,7 mailako lurrikara nabaritzen da Iratiko Bolidorrean)

Badira eremu honetan adituak eta arituak: Euskal Herria 11 Kolore, Banaiz Bagara, AEK… Haiek markatzen dute iparra, ene ustez, “heterodoxia” eta “multikulturalismoa” ez dadin inperioak sortu eta herriak suntsitu dituzten potentzia espainiar eta frantziarren parametroetan eman.

Testuinguruak behartuta eta nahitaezkoa delako, ilara luzeak egiten dituzte etorkinek (espazio eta denboran) erresidentzia baimen espainiarra lortzeko, edo pasaporte frantsesa, edo…

Baina jakin dezatela, bai etorkinek eta bai hemengo elebakarrek, beltzaranek eta blondek, Williamsek eta Euskal Herriko gainontzeko jokalari erdaldunek, ilara askoz ere motzagoa eta ederragoa dagoela beso zabalik hartuko dituen komunitate euskaldunera: euskaltegikoa. Eta gainera, irrikitan gaudela zuen zain!

Euskara da pasaporterik onena
Arg: AS
Euskara da pasaporterik onena
Euskara da pasaporterik onena

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.

22 pentsamendu “Euskara da pasaporterik onena”-ri buruz

  • euskaldun bat 2018-08-13 11:15

    Kriston txapa idatzi duzu. Jokalari horri euskalduntasuna (vasco) ukatzen diotenak, ia gehienak, espainiar etorkinak dira. Zenbat aldiz esan dizut horiek berak direla gero okerrenak etorkin berriekin? Zenbat aldiz esan dizut espainiar inmigrazioa kaltegarria izan dela euskal kulturarentzat? Baina zuk beti lelo berarekin erantzun duzu: langile klase zapaldua garela guztiok, sistema zapaltzaile batean bizi garela eta espainiar etorkinek lan handia egin dutela langile klasearen borrokan eta gure herriari bizkar emanda bizitu badira ere, ezin zaiela errurik bota, elite zapaltzaileek duelako errua eta baita konkistatuta gauzkaten Espainia eta Frantzia estatuek. Begira Benat… ni Espainiako estatuburua izango banintz, Katalunia eta Euskal Herriko arazoa konpontzeko garbi daukat zer egingo nuen: natalitatea sustatzeko politikarik ez egin eta inmigrazioa sustatu, batez ere bi lurralde horietara bidaliko nituzke etorkinak.

  • Oinarrizko kontzeptu batzuetan nahasmen handiegia dago oraindik.
    Euskal Herrian bizi den oro “euskal herritarra” dela ez hanka ez buru ez duen asmakizun bat da. Ana Beltran “euskal herritarra” da Euskal Herrian bizi delako? Ez, Euskal Herrian bizi den espainiar bat da.
    Bestalde, euskaldunok ez gara komunitate linguistiko soila. Komunitate nazionala gara. Historikoki “vasco” edo “basque” euskaldunon komunitateari edo komunitateko kideei emandako atzerritarren definizioak dira. Gertatzen dena da euskal komunitatea espainiar eta frantziar erasoak deseuskaldundu egin duela hein handian.
    Baina euskara jakite hutsak ere ez du euskaldun egiten. Euskalduna da euskal komunitatekoa dena. Euskara jakitea da euskaldun bilakatzeko egin daitekeen urrats handienetakoa, baina jakintza linguistikoz haratago nazio pertenentzia suposatzen badu. Gure aiton-amonei ez zitzaien burutik pasatzen italiar batek euskara ikasi zuela jakinez gero, hura automatikoki euskalduna zela esatea. Nik zahar bati entzuna dut: “gerran bazen italiar bat euskaraz bazekiena”…euskaraz zekien italiarra, ez euskalduna!
    Euskal komunitateak egoera anormala bizi du, egoera normalean euskal komunitate osoa bailitzake hizkuntzaz ere euskalduna eta garrantzitsua da oinarrizko kontzeptuak argi izatea.

  • Nola-ren iruzkinak agerian uzten du euskaldunak egun pariatzen duen krisi existentziala: horren da larria ezen zailtasun nabariak dituen bere nortasuna, hots, bere burua definitzeko.

    Espainiar eta Frantziar potentzia inperialistek eragindako kolonizazio kulturala da egoera horren kausa nagusia, baina ez bakarra. Akulturazio horretan badute erantzukizun handia XX. mendean zehar euskal gizartean infiltraturiko ideologia moderno atzerritarrek.
    Lehen euskal nazionalismoak jada bazuen eragin batikanista eta kapitalista anglosaxioa, oinarri foruzaleaz gain. Baina gutxienez argitzera eman zituen baserri-giroan biziraun izan zuen euskal nortasunaren ezaugarri nagusiak Bilbo-aldera iritsi-berririko inmigrazio gaztelarraren aurrean: euskara, tradizio forala (ohiturazko zuzenbidea eta batzarren bidezko antolakuntza komunalista), baserri-giroko bizi-ikuspegi eta ohiturak eta, jakina, euskaldunaren berezko erlijiotasun sakona, onomastika (leinua) eta fenotipologiaren bidez adierazitako originaltasun etnikoaz gain.

    Modu parekidean izan ziren ulertuak ezaugarri guzti horiek, osotasun baten parte esentzialak, izan ere, holistikoa da nortasun oro: bizitzako esparru eta alde guztiak barne hartzen ditu, oinarrizko mundu-ikuspegi eta balioetatik hasita ohitura sozial eta lanaren kontzepzioraino. Adibide gisa: merkataritza eta finantzak judutarren berezko lanbide historikoak izan ez balira, judutartasuna ez zen inolaz ere egun dena izango, ezta bere zentzu erlijiosoan ere. Euskaldunokin, ere, berdin: ez ginateke garena izango gure bizi-bide tradizionala lurrarekin eta baliabide naturalen ekoizpenarekin loturik izan ez balitz, guzti hori Estatuengandik ahalik eta gehien bereizitako bizimodu eta gizarte antolakuntza autónomo baten baitan, egitura foralen, batzarren eta herri lurren bitartez artikulaturik.

    Tamalez, ez zion inolako mesederik egin jada gainbeheran zegoen euskal nortasunari 50. hamarkadatik aurrera euskal abertzaletasunean zabalduriko marxismo kulturalak. Horren eraginez, arbuiatuak eta zentsuratuak izan ziren mundu-ikuspegi marxista, materialista eta estatu-zale harekin baliokideak ez ziren euskalduntasunaren ezaugarriak: leinua eta “arraza”, Jainkoarenganako fedea, baserri-munduko tradizio autónomo eta komunala… eta, modu hartan, nortasun-ezaugarri bakar batera mugatu zen, nagusiki, euskalduntasuna: euskarara.

    Hala, euskara dela euskaldun egiten gaituena esan izan digute orduz geroztik jaio garenoi, gure buruak nortasun desitxuratu batean doktrinatuz. Modu horretan, izaki moderno eta kosmopolita bilakatu da egungo euskalduna, eta ez du zertan izan behar tradizio familiar edo kultural baten ondorengo, ez eta komunitate zehatz baten partaide aktiboa ere. Nahikoa du EAEn bizi eta euskal “klitxeekiko” begikotasun minimo bat izan zinezko euskotar izateko, eta, txalo bero bat, gainera, euskaraz defendatzen bada.

    Garai batean euskalduntasuna euskararen ezagutza hutsera murriztu zuten horiek, egun kulturen aniztasuna, herrien nahasketa eta ordezkapen etnikoa ospatzen duten berberak dira: abertzaletasunean infiltraturiko marxista kulturalak, besteak beste. Baina arbaso euskaldunen ondorengo den euskal komunitate entikoa ezingo da, sekula, herri atzerritarrengandik ordezkatua izan. Euskal Herriaren heriotza izango baita guzti horren emaitza

  • Orain dela 100 urte arte euskalduna euskaraz zekiena izan da. Nola itzultzen duzu “euskalduna zara?”esaldia? Nik”sabes vasco o euskera?” ulertu dut beti. Egia da pairatzen dugun genozidio /etnozidio egoerak kontzeptua aldatu duela (adibidez, txikitan euskara galdu baina bere semeei euskara erakutsi edota euskalduntasuna txertatu duena nik uste euskalduna dela ).
    Bestalde hemen euskara edo euskal nortasuna bost axola zaion ehundaka mila kolonizatzaile espaiñol/etorkin ez dira nire ustez euskaldunak (intxaurrondon bizi eta lan egiten duten guardia zibilak euskaldunak dira?).
    Beste talde bat legoke: nahiz eta abizen guztiak euskaldunak eduki, eukal nortasun gabeko kolonizatu baskoak(adibide gisa errealeko Álbaro Odriozola basco/kolonizatua).
    Bukatzeko, azken urteetan iritxi diren 200.000 etorkinak, ia denak euskaldutasuna oso urrun ikusten dutenak.
    Azkenean lau katu gara eta azkenean betiko erreflexiora iristen naiz; edota aktibatzen gara frente kultural zabal eta argi batean, alderdi politikoetatik at, euskara ardatz bezala, edo jai daukagu.

  • Aitzol Azurtza 2018-08-14 04:10

    NOLA-ri zuzendua: Esaten duzu “euskara jakite hutsak ere ez du euskaldun egiten. Euskalduna da euskal komunitatekoa dena. Euskara jakitea da euskaldun bilakatzeko egin daitekeen urrats handienetakoa, baina jakintza linguistikoz haratago nazio pertenentzia suposatzen badu. Gure aiton-amonei ez zitzaien burutik pasatzen italiar batek euskara ikasi zuela jakinez gero, hura automatikoki euskalduna zela esatea. Nik zahar bati entzuna dut: “gerran bazen italiar bat euskaraz bazekiena”…euskaraz zekien italiarra, ez euskalduna!”

    Ni Venezuelako Caracas hirian jaso nintzen orain dela berrogeita lau urte, eta euskalduna naiz. Euskaldun peto-petoa. Haurtzaroan eta gaztaroan hamazazpi urte igaro nituen Donostian, gurasoak eta aurreko arbasoak laurehun urtez Beterrikoak ditudalako. Hala ere, azken hogeita hiru urte atzerrian daramatzat. Euskal Herritik kanpo Euskal Herrian bertan baino urte gehiago igaro dudan arren, euskaldun peto-petoa naiz. Gure amonak (aiton-amonen artean ezagutu nuen amona bakarrak eta gaur egun ehundik gora urte izango zituenak), esaten zigun euskalduna “euskaraz hitz egiten zuena” zela, eta hiztuna nonahikoa izanik ere, euskaraz mintzatzeko gai zen bitartean euskalduntzat identifikatzen zuen. Italiar batek euskaraz hitz egingo balu, gure amonak euskalduntzat joko zukeen. Nik ere bai.

  • Uste nuen dagoeneko argi genuela euskaldunaren eta euskaradunaren arteko aldea. Euskaldun al dira Carlos Iturgaiz, Gorka Maneiro edo Idoia Mendia? Edo euskaradun huts mediokreak?

    Bestalde, baserri-giroan biziraun zuen euskal nortasuna ez zen besterik baizik eta gainbehera joandako populu baten azken utzikina, inola ere ez eredu gisa hartzekoa, zeren aurreko mendeetan euskalduntasunak esparru guztiak hartzen baitzituen, baita hiria ere.

  • Kaixo Garrett; eta adibidez nahiz eta eguneroko bizitzan euskaraz bizi den zubero edo baxenabarra baina frantses peto petoa sentitzen dena ez ahal da euskalduna? Imagina ezazu frantses sentitzen dela baina euskara oso barneratua duela
    Nire ustez euskarak ematen dio euskalduntasuna kasu honetan nahiz eta egia da, kolonizatuaren sindromea daukala

  • Urtziren adibidea ona da ikusteko naziotasunean kulturak eta komunitate pertenentziak duten garrantzia. Hain justu pertenentzia hori ezinbestekoa da eta hor berriz diot gure arbasoek nekez jotzen zutela inor euskalduntzat hori gabe. Gaur egun Joxe Manuel Odriozolak egindako lanak ere argigarri izan daitezke hau ulertzeko.
    Odriozolak esaten du eskolan euskara ikasten duten ikasle asko “erdaldun elebidun” bilakatzen direla. Zer esan nahi du horrek? Euskara dakitela hornonbait, baina ez direla euskaldunak. Hau da ez direla euskaldunak, euskaraz dakiten erdaldunak baizik.
    Baina areago hizkuntzaz haratago naziotasunean faktore subjektiboak sartzen dira eta gerta daiteke batzuk sentimenduz etabar. euskaldun sentitzea, hau da euskal kulturak egituratzen duen komunitateko kide sentitzea. Faktore subjektiboaren garrantzia oso handia eta determinantea da.
    Normalki nortasun kulturalak eta nazionalak bat egiten dute, baina akulturizazio eta nazio zapalkuntza egoeran, disfuntzioak eta berezitasunak ematen dira. Modu horretan badaude euskal kultur nortasuna izan arren, nortasun nazional arrotza dutenak.
    Erdaraz juxtu-juxtu jakin eta españazale edo frantzizale amorratu diren kasu ezagun horiek kategoria horretan sartzen dira.
    Eta badaude euskal kultur nortasun beterik (eta linguistikorik) ez izan arren, naziotasun euskalduna dutenak, beste faktore batzuengatik euskal atxikimendu nazionala dutelako. Beste kontu bat da berez atxikimendu horrek nortasun linguistikora ere eraman behar duela.

  • Benat Castorene 2018-08-15 08:45

    Garrett: “azken utzikina, inola ere ez eredu gisa hartzekoa”
    espero dut gaizki ulertu zaitudan, bainan, “utzikin” terminoa ez zaut gustatzen; Errespetu handia dut lehenagoko baserri munduarentzat
    Baserri mundua ez dugu berpizteko zen bezala bainan egon liteke inspirazio iturri, oraiko hiriak bezainbat.
    Gazteei transmititu baginie mundu horren ideia bat, gutiago lukete lurrez kanpo hazitako landare aire hori.
    Hegoaldetik bereiziak izan garenetik, mendeak dira, Iparralde osoa utzikin horretaz osatua zegoen eta berari esker euskaldun egon zen luzaz. Guk ez dugu sekulan euskal hiri propiorik izan, herriska edo purgu zenbait baizik.
    Utzikin hura gainbehera joan denetik dena pikutara!

  • Gure arbasoek nekez lotuko zuten euskalduntasuna eta nazio pertenentzia, euskal nazio pertenentzia XX. mendeko kontua delako. Beraz edo XIX. mendean adibidez euskaldunak ziren eta nazio pertenentziarik ez zuten edo espainola eta frantsesa zen berau.
    Hots, euskalduna da euskaraz hitz egiten duena, eta kitto. Hortik aurrera, mundu bat.
    Bestalde, XIX. eta XX. mendeko iraultza industriala eta inmigrazio haundirik gabe, euskara ez zen egongo dagoen egoeran baizik eta desagertuta edo zokoratuta leonesa, bearnesa edo fabla aragonesa bezala. Beraz ona litzateke inmigrazioei (ez dira denak gaztelarrak izan gainera, egon da galiziarra, portugaldarra, barnekaldeko EHkoa…) euskararen egoeraren zama ezartzeari uztea behingoz eta kontrakoa ondorioztatzen hastea: inmigraziorik gabe ez zen egongo industriarik eta industriarik gabe ez zen egongo ez inolako botere ekonomiko ez politikorik ezta haren pean berreskuratze bidean jartzerik (XIX. mende bukaerarako heriotzera kondenatua zegoen euskara, hots, industria iraultza baino lehen).

  • Nortasun kulturalak eta nazionalek bat egiten dute eraikuntza idealetan, baina errealitateak mundu zabalean kontrakoa erakusten du. Europa zuri, zurrun eta zapaltzailean bai, helburu horrekin zapaldu dute Estatuek. Zorionez ez dute lortu. Eta mundu zabalean, ez da ia inon betetzen binomio hori. Aniztasun kultural eta linguistikoa nortasun nazionalena baino infinitoki zabalagoa da.

  • euskaldun bat 2018-08-15 13:16

    Herri nahiko txiki batean bizi naiz. Umea nintzelarik, espainiar etorkin guztiak espanol hutsez mintzo ziren eta hainbat hamarkada pasata gero ere espanol hutsez mintzo dira eta euskaraz ez dakite ni pa. Beraz, utzi behingoz euskararen egoeraren errua euskaldunoi botatzeari eta hasi behingoz etorkin guzti horiei kontuak eskatzen.

  • euskaldun bat 2018-08-15 13:20

    Eta aniztasuna oso gogoko baduzu berriz, langile klasearen borrokan hainbeste lan egin omen duten horiei predikatu aniztasuna, euskaldunak aspalditik gara eta eleanitzak. Beraz, teorizazio gutxiago!

  • Irakurri ondo, nik ez diot inori errurik bota, ez etorritakoei ez euskaldunei, are gutxiago. Ez zara zu bakarra txiki-txikitatik euskaldun izan dena erdaldun itsaso baten erdian.
    Eta jakina euskaldunak hizkuntz-anizdunak garela. Baita lehen eta orain etorritako hamarnaka mila asko, agian zure herriko horietako asko barne. Ez dauzkazu Euskal Herriko hizkuntza egoera deskribatzeko patenterik, eta denok ezagutzen ditugu zein mota ezberdinetako euskaldunak bizi garen Euskal Herrian, zorionez.
    Hori bai, industrializaziorik gabeko Euskal Herri ideal baten bila ari bazara, hobe bidaiatxo bat egiten baduzu Bearnen zehar, eta han ikusiko duzu zein zen gure hizkuntzaren eta herriaren etorkizuna ez balitz inmigraziorik egon industrian lan egiteko XIX eta XX. mendean.
    Bide batez, abertzaletasuna, euskara salbatu duena, industria guneetan sortu zen, eta bera gabe, herri txiki guztietan gaur egun ez zen jada euskararik egingo.

  • euskaldun bat 2018-08-15 14:44

    Beraz dena zor diogu inmigrazioari: abertzaletasuna, euskara galdu ez izana, industrializazioa… Hori horrela dela sinesten ez duena herri bukoliko bat amesten duen munduko berri ezer gutxi dakien bat da. Berriro diozut: orain dela hamarkada batzuk ni pa ez zekitenen eta gaur egun ere ni pa ez dakitenen herriko zerrenda egingo nizuke izen eta abizenekin. Erretiroa hartu dutenean asko euren jaioterrietara itzuli dira, euren jaioterrian vasco izatearen gala edo behintzat vascotaz asko dakitenaren gala egingo dute ziuraski. Hauek izan ziren beraz baserritar atzeratu haiek aurrerabidean jarri zituztenak eta herri hau apur bat atondu zutenak bestela gureak egin zuen. Zenbat gauza berri ikasten den egunero.

  • euskaldun bat 2018-08-15 14:55

    Inmigrazioa Francok sustatu zuela esaten da… baina gero diozu inmigrante horiek abertzaletasuna sortu zutela… orduan, Francori inbentua el tiro por la culata atera zitzaion, ez!? Bitxia benetan…

  • Euskal hiritarra: Euskal Herrian bizitzen dena.

    Euskalduna: Euskal Herriko nazioaren parte dena. Euskara ezinbestekoa nahiz ta ez den gauza bakarra. Baina euskararik ezean, ez zara euskalduna. Berdin du zure errua den edo ez (gehien gehienek ez dute ikasi nahi izan ta diote nahiz ta dohainik izan ez zuketela ikasiko).
    Hau da , zure aita euskalduna bada euskara dakielako, hala sentitzen delako (espainiarra ere sentitzen bada ez da euskalduna, espainiarra edo frantziarra baizik, edo traidore hutsa), bainan zuk euskararik ez dakizu. Jatorri euskalduna izango duzu, bainan ez zara euskalduna izango.

    Hau da, etxea lapurtzen badizute jada ez da zurea, ba euskararekin berdin, gutxiago ez baduzu ezer egiten berreskuratzeko.

    Ta hainbeste borrokatu zuten guraso hoiek , zergatik ez zuten euskara ikasi? Esfortzu gehiago behar zuelako beraien semeek ikas zezaten baino? Zenbat aitzaki petral ez aitortzeko ez dugula potrorik hainbeste maitatzen ditugun, senide, laguni…. kargu hartzeko esanez. Euskalduna ez zara euskararik ezean, beraz utzi aitzakiak….

    Ta diotenentzako garestia dela ta ez dakit zer historio. Garestia da ikasi nahi ez dutenengatik, ikasi nahiko bazuten jada dohainik zatekeen. Beraz bai, euskara da pasaporterik hoberena ta euskararik gabe ez da euskalduna naiz ta bere familia 1000 urte eraman hemen.

  • Industrializazioak mekanikoki berezko hizkuntzaren iraupena eragitearenak ez du ez hanka, ez buru. Industrializazioa testuinguru eta eragin jakin batzuren baitako prozesua da eta kapitalismoaren garapenean estatu-nazioen merkatu bakarraren eratze prozesuekin lotuta dago, jakina den bezala aldi berean merkatu eraketa hori menpeko herrien asimilazio prozesuarekin ematen delarik. Beraz, menperaturiko herrietan industrializazioak estatu menperatzailearen hizkuntza eta kultura hedatuz egin dira eta ez alderantziz. Besterik da industrializazioak proletalgo industrialaren sorrera eragitea eta herri zapalduko proletalgoak bere izaera iraultzailearekin nazio erresistentzia beste dimentsio batera eramatea. Biarnon bezain industria gutxi dago Behe Nafarroan eta frantziar hizkuntza ordezkepenak askoz erresistentzia gehiago izan du.
    Bestetik aspaldi deseuskaldundutako lurraldeak kenduta egitate objektibo bat da eremu erdaldunenak inmigrante gehien jaso duten eremuak direla (Ezkerraldea, Ermua,…) eta konfigurazio sozialaren aldaketek konfigurazio linguistikoan izandako eragina.

  • Juan Inazio Hartsuaga 2018-08-17 12:17

    Euskalduna: Bere hizkuntza-jokabideaz, euskara gailen dadin laguntzen duena.
    Kiriioiloa: Bere hizkuntza-jokabideaz, euskara heriotz-bidean ipintzen duena eta kolonizatzailearen hizkuntza gailen dadin eragiten duena.
    Kirrioiloak bi motatakoak izan daitezke: Euskolonoak, alegia, euskaraz dakitenak-, eta baskolonoak, euskaraz ez dakitenak.
    Definizio hauek hizkuntza-jokabidearen araberakoak dira eta gure lurraldean bizi den edonor zehazki sailkatzeko balio dute. Ez dute inor gaitzesten ez eta inor inoren gainetik edo azpitik ipintzen, baina nor bere tokian kokatzen dute doitasun handiz.

  • Juan Inazio Hartsuaga 2018-08-17 12:21

    Eta beste gauza bat. Lagun afrikar bat badut, futbolari ez baina arbitroa dena, Iñaki bezala umetan Iruñera etorria baina Iñaki ez bezala, euskalduna dena.Agian bere aitak esan ziolako Euskal Herrira etorrita euskara ikasi behar zuela.

  • Euskaldunak euskara jakin behar du? euskaraz hitz egin behar du? euskalkian agian?
    Euskalduna izan al daiteke anarkista, autonomoa, nagusirik gabea, hau nahi ez duena eta botereak nazka ematen diona edo derrigorrean abertzalea (patriota) izan behar da?
    Euskaldunak, Vascoak, Basqueak,… xenofoboa izan behar al du? Eta estatista? Bi hitzak ez al doaz eskutik emanak?
    Euskalduna izan al daiteke etorkina? Etorkina noiz arte da etorkin eta noiz euskaldun (edo vasco-a) euskaraz ikasitakoan ere? 2, 3 5, 10, 25 urtetara?
    Zer da euskal kultura? Zein euskal komunitatea? Non dago euskal herria? Etnia?
    Galdera denen erantzuna ote daukagu? Euskaldun xenofobo batek bai behintzat!!

  • euskaldun bat 2018-08-26 13:44

    Ni ziur nago zuk zeure baitan gauzak garbi dituzula baina nahasmena sortu nahi duzu. “Zer da euskal kultura?” galdetzen duzu, alajaina! Amerika konkistatu zutenean zurea bezalako jarrerarekin ezabatu zituzten bertako kulturak. Konkistatzaileak argi ditu galdera horien erantzunak, zapalduarengan sortu nahi du nahasmena. Arsuagaren definizioei jarraiki, zure jarrera kontuan hartuta, euskolonoa zara.