Euskara da gaitza

Euskara da gaitza –

Euskara da gaitza.

Ez da horrela, ala? Bai. Horrela da. Eta norentzat da hain gaitza larria? Denontzat, edo ia denontzat.

Hartu politika instituzionalean gizarteko abanikoan diren joera guztiak eta guztientzat da euskara gaitza:

Nazionalismo espainolean ezin dute garbiki esan, bizi gaituen garaiko seme-alabok garen aldetik ez dago ezkutuko edo idatzitako nazioarteko hitzarmen eta aldarrikapen ponposoen kontra jartzerik eta beraz ezin garbi hitz egin; praxian baina, ez dute zalantza zirrikiturik uzten eta horretan dute tema eta seta: ezabatu beharreko gaitza da. Nazionalismo espainolean ez dago ez ezkerrik  ez eskuinik, are gutxiago euskarari dagokionez, hor denok bat.

Euskara da gaitza

Euskal nazionalismoan ere zama da, enbarazu, euskara. Eskuina deitzen den horretan ikusi dugu zer hizkuntza politika egin duten 50 urtez boterean egon ondoren. Ezkerra deitzen den horretan ere praxian ezberdintasun handiegirik ez eskuinean duten lagunekin alderatuta, are gehiago, oinarriak zabaltzen ari diren honetan.

Eta jendearentzat? Herriarentzat? Norbanakoarentzat? Hemen ere abaniko handi bat irekitzen da: Erdaltzale aktibistak: praktikan erdaldun guztiak, euskara etsai; euskaltzale aktibistak, euskararen heroiak, gehienak bizi diren ekosistema tristean nahikoa lan bizi ahal izateko; euskaltzale epelak praktikan erdaldun guztiek betetzen duten funtzio bera betetzen dutena: euskararen erabilera, euskararen bizia bera, minimoetara kondenatu.

Ia denontzat da euskara gaitza. Baina medikuntzatik begiratuta kasu bitxia da gure hau: Arazoa ez da gaitza gaixoa baizik. Gaixoak du bihurtu bihotza edo birikak edo burmuinak tumore. Orain huraxe erauzi nahian dabilela dirudi.

Aitortza sintzeroa behar dugu denon partetik, baina batez ere lehenengo abanikokoak betetzen dutenen partetik (politika instituzionala betetzen dutenena),  zintzo adierazteko ezen norbere agenda politikoak sortzeko, azaltzeko eta aurrera eramateko euskara sekulako traba izan dutela lehenik, eta bigarrenik hizkuntza dela-eta zein duten helburu, aspaldidanik gehiengo handia daukaten euskal nazionalista horiek.

Normalizazioa? Eta zer da hori?

Garaia dugu haiek bezala denok ere garbi aldarrikatzeko baleko litzatekeen normalizazio bakarra norbanakoa euskaraz bizi daitekeen egoera soziolinguistiko bat, ekosistema bat erdiestea dela, eta horretarako, bertan bizitzeko eta lana egiteko euskara beharrezko den komunitate bat, herri bat eraiki behar dela. Esan gabe doa horretara iristeko metodologia bat, sistema bat eta neurri eta baliabide guztiak jarri beharko liratekeela martxan. Hobe gaur bihar baino.

Izan gaitezen zintzoak: hainbat esparrutan -hezkuntza, helduen euskalduntze alfabetatzea, udalen mugimendua, komunikabideak, argitaletxeak, teknologia berriak…- dimentsio globalago batean kokatu eta komunitate edo herri bezala jomuga garbi bat eduki ezean, egiten ari den lan eskerga hankamotz geldituko da beti, alferrikako lana izango da, guztiz nekagarri eta ahigarri ez ezik:

Alferrik da hezkuntza sistema bikain baten alde larruazala harramazkatu beharrean ibiltzea edo munduko metodologiarik onena asmatzea eta ezartzea, eskolatik atera eta etxea, kalea, mendia, jolastokia… guztia euskalduna ez bada. Alperrik da euskal curriculum bikain bat sortzea curriculum hori non zerturik ez bada. Hezkuntzak bi parte ditu eskolakoa eta eskolatik kanpokoa. Hezkuntzak bi subjektu ditu umeak eta helduak, bizi guztiko etengabeko heziketa batean murgilduta baikaude denok ere.

Alferrik da beste berrogei eta hamar urte pasatzea helduak euskalduntzen eta alfabetatzen, ikasle koitaduek euskaltegitik kanpo euskararik batere ez duten bitartean eta beraz non erabili ez duten bitartean.

Alferrik da beste berrogei eta hamar urtez ikerketa soziolinguistikoak egiten pasatzea hemen bi puntu igo garela eta hor hiru jaitsi ikusteko eta guztia zientziaren eskemetan errendituta bi partetan partituta emateko. Ez dago erabilera eta ezagutza horrela banatzerik: ezagutzak erabilera behar du belarri, begi eta azal poroetatik hizkuntza sartuko diona, hizkuntza ezagutu ahal izateko; eta erabilerak ezagutza sakona duten hiztunak behar ditu zertarako eta aise, goxo eta suelto erabili ahal izateko.

Alferrik da Berria, Argia, Hamaika telebista bezalako komunikabide zoragarriak eta heroikoak edukitzea euskaraz prentsa inork irakurtzen ez badu.

Alferrik da espainiar edo Euskadiko legediari aurre egiteko arropak urratu beharrean ibiltzea euskaldunok lege propiorik egiterik ez dugunean eta eginda ere non aplikatu ez badugu.

Galdera asko dakar honek guztiak:

Lehen aipaturiko abaniko instituzional horretan nor dago normalizazioa definitu berri dugun hori dela onartuta, helburu zintzo bat markatzeko eta aurrera eramateko prest? Nazionalismo espainolean inor ez. Eta nazionalismo baskoan? Ere ez. Batzuk garbi esanda, beste batzuk xurikerietan azalduta, baina azkenean, inor ez.

Beste galdera: posible al da, gure agintari guztiak Espainiako autonomien martingala horietan guztiz katramilatuta dabiltzala, Espainiako estatuaren barruan helburu horretara jartzea? Ez,  gauza guztiz ezinezkoa da hori.

Orduan zer gelditzen zaigu? Guztia kareletik botatzea gu barne? Ez. Oraindik ez:

  1. Bihar ere argituko du, eta lanean segitu beharko dugu bakoitzak berean. Norbaiti hala iruditu bazaio ere ez naiz lehen aipaturiko esparruotan egindako lan ikaragarri eta heroikoa sutara botatzen ari, haiexek, miretsi, goretsi eta nabarmentzen ez ezik haien lanari zentzu bat ematen saiatzen baizik, zertarako eta behar dugun portura iritsi ahal izateko.
  2. Normalizazio posible bakarra hemen definitzen den horixe dela ez dakigu baina berau argitu, sakondu, zabaldu, eztabaidatzea da kontua, edo ezeztatu eta zakarrontzira bota beste bat jartzeko, baina betiere jomuga bat zedarritzeko eta nora joan garbia izateko helburuarekin. Bestela kantak dionez nekea zaigu hasiko eta gureak egingo du noraez jasanezin batean. Politika da, benetakoa, berreskuratu behar dena, eta hizketan hasi.
  3. Nire buruan behetik gorako eskemak besterik ez dira kabitzen eta eskema hori inola ere bazter utzi gabe, oso gorako helmugei batere beldurrik ez diegula eduki behar iruditzen zait, are gehiago goiko horiek zertan ari diren ikusita. Maximalismoetan ibiltzea da gaur egungo agintari batzuek egitea oso gustuko duten kritika, nik esan behar banu hamarkadetan minimalismoetan ibili eta ondorioak ikusita maximalismoetarako pasatzeko garaia heldu dela esango nuke.

Ez dadila inoiz gehiago inorentzat euskara zama izan, bai ordea, lurreko parte honetako gizakiontzat bizitzen, zoriontsu izaten eta jendaila helduagoa, abegikorragoa eta munduari irekiago izateko  ezinbesteko eguneroko tresna kuttuna baizik.

Euskara da gaitza Euskara da gaitza Euskara da gaitza Euskara da gaitza Euskara da gaitza

Zer duzu buruan “Euskara da gaitza”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude