Euskara bost axola EITB-ri… (eta guri?)
Euskara bost axola EITB-ri… (eta guri?)
Garaiera handian eginiko ‘reality’ «gogorra» estreinatuko omen du ETB2k (estreinaldiak ETB2n batez ere, eta errepikaldiak, batez ere ETB1en izan ohi dira). “Objetivo Chimborazo”-n, Hego Euskal Herriko talde bat eta Espainiako hiru lehiatuko dira. FORTA Telebista Autonomikoen Federazioarentzat ekoitzi dute saioa. Ez bila Iparraldeko euskaldunik, katalanik edo galegorik. Andaluziakoak, Aragoikoak eta Gaztelakoak dira beste hiru talde lehiakideak. ¡Arriba-arriba! Hain gara “nasío” foral kosmopolitta…
Radio Euskadi entzutea ere, ariketa gero eta gogorragoa gertatzen da espainiar sentimendurik ez duen edonorentzat. “Este país” (Espainia) gora eta behera aritzen zaizkizun esatari eta laguntzaileak ez dira falta, edota euskararen “exijentziak” EHko gazteen artean migrazioa areagotzea eragin ote dueneko kezka agertzen duen profesionalik ere (MQP saioko esataria bera).
“Tú al norte, yo al sur” saio xelebreak ere, ez zien Iparraldeko neba-arrebei so egiten, ez horixe.
Hori baino “zabalagoak” izaki, Andaluziarrekin harremanak sendotzera begira egindako saioa zen, hango “Canal Sur” telebistarekin elkarlanean. Nazio foralaren oinarriak zein diren erakusten ari zaizkigu egunez egun.
Euskarazko telebista publiko bakarraren “reality”-a are tristeagoa da.
Urte luzetako gainbeheraren ondotik, %2ko ikusleria ez du gainditzen. Eta ez da harritzekoa, programazio erabat gorabeheratsua eskaintzen baitu, etxeko produktu duinekin batera, beste edozer eskaintzeko gauza dira ETB1eko arduradunak: erdarazko habanera lehiaketak, rancherak, edota euskaraz azpi titulatutako erdal saioetatik hasi, Lasturko erromeriarekin segi edo saloi-dantza eta kulturismo saioekin jarraituz, kamara ezkutu mutuekin bukatzeko… Igande goizetako “Egi bidean” eta meza santua ahaztu barik. Bitxia da erdarazko katean ez dutela errito erligiosorik eskaintzen… Soilik euskal hiztunon salbazioa dute buruan, ala? Gaixo erdaldunak…
Hain ikusleria datu urriak lortzen dituen hedabide batek aldaketa sakonak ezarri beharko lituzke, gutxien-gutxienik. Baina, Eneko Olasagastik oraintsu salatu bezala, “badirudi ez garela kontziente guztion diruarekin mantentzen den hedabidea dela… Edota konsziente bagara, berdin zaigula”.
Edota ez gara konturatzen euskarazko telebista publiko sendo eta kalitatezkoa ezinbestekoa dela euskarak etorkizunik izango badu, telebistak jarraitzen baitu izaten herritarrok gehien erabiltzen dugun hedabidea, egunero-egunero hiru orduz gora kontsumitzen duguna bataz beste, interneten eta irratiaren gainetik, eta paperezko hedabideen oso gainetik.
Erdarazko askotariko hedabideen eraginak eta euskarazkoen urritasunak ez ditu kezkatzen ikastetxeetako eta euskaltegietako irakasle eta arduradunak?
Eta euskarazko zerbitzua bermatu behar luketen erakunde publikoetakoak?
Nola ikasiko dute euskara ganoraz ikasleek nahiz langile publikoek, erdara hutsez (edo ia) elikatzen badira?
Eta galdera da: ez gara konturatzen… edo bost axola zaigu?
Etb 2 patetikoa da. Urteak dira ez dudala ezertxo ere ikusten.
Aldiz, Euskadi Irratia oso gustukoa dut. Eta Etb3 ozta-ozta, balekoa. Hobetu zezaketen.
Eta, etb1, ba, zer esan; negargarria.
Ona!
Iduri du honelako artikuluak beti idatzi ahal izanen direla: gaur, hemendik bost urtera, hemendik hamar urtera… Eta egoera ez dela inoiz aldatuko.
Eta kezka bakarra Zuzeun agertzen da, tarteka Berrian, noizean behin Argian…
Kezka falta kezkagarria
Labaienek-eta burua altxako balute, lotsaren lotsaz atzera ere hilko lirateke. EAJ-ren kudeaketa hilgarria izaten ari da euskal hedabide publikoentzat. Hori garbi dago.
Baina inork ulertzen ote du ezker abertzalearen ixiltasuna eta pasotismoa?
Euskara traba eta estorbu, tabu, zama, eta kontu astundeserosotzat daukate erakunde abertzaleek, batzuek beste batzuek bainoago.
Lehentasuna, soilik unionistentzat da lehentasun euskara… Egurra emateko baina.
Eskerrak ia euskalgintza osoa (Kontseilua, euskaltegi sareak, Topagunea, Hekimen, Ikastolak, D ereduko ikastetxeak, euskara zerbitzuak, …) ezin “zuhurrago eta adiago” dagoen auzi honen gainean (ere), “etengabe salatuz” eta erakunde publikoei nahiz alderdi politikoei “ardura handiagoa zorrotz eskatuz”, eta ez nor bere zilborrari begira (arrisku hori beti izaten baita).
Gaizki gaude, baina non geundeke horrelako euskalgintza “ausart eta independenterik” gabe?
Ahaztu zaizu EiTBren azken espainoltze prosezua: Santanak gure historiaz espainolen bertsioan eginiko dokumental pila bat!! Sanchez Albornoz anti euskaldunaren jarraitzaile sutsua omen da espainol historialari hau eta ETBkoek edo ez dute kriteriorik edo espainoltaduna barneraino sartuta dute…
Kriterioa bai: yo al norte y tú al sur, ocho apellidos vascos, Chimborazo, Radio Euscañí… Urkullu-OrtuzarTB.
Euskadi irratian estropadak entzuten. Esatari laguntzaile euskalduntxarra jardunean:
“Hondarribia es dauka etsaiRIrik”, eta gisa horretako beste harribitxi asko entzuteko parada. ¿Pixka bat es mucho?
alderdi errejionalistaren chocoa den bitartean ez dago zeregiñik…