EHUskaraz, otoi

EHUskaraz, otoi

.
EHUskaraz, otoiBatxilergoa amaitzearekin bat, unibertsitatean sartzeko tramitazio guztiak gauzatzea tokatzen da. Behin notak eta zerrendak irtenda, beraz, niri ere, aurrera eta atzera hastea tokatu zait; paper guztiak dagokion bezala eduki eta matrikula egin ahal izateko. Atzo egin behar izan nuen lehen deia Farmaziako fakultatera, Gasteizera. “Secretariado” zioen orrialde batean topatu nuen telefono zenbakia, eta bertara deitu ostean, ezin nezakeen aurkakorik espero:

¿Si? – esan zuen emakume lehor batek.

¿Es la facultad de Farmacia? – nik.

Galdetu egin nuen; izan ere, badakit horrelako tokietan nor diren esateko ohitura dutela; “facultad de Farmacia, ¿dígame?”. Ez ze hala izan, ordea. Eta zoritxarrez, Farmaziako fakultatea zen erdaraz mintzo zen emakume lehor horrek telefonoa hartu zuen tokia.

Gaur, berriz, atzokoari jarraipena emate aldera-edo, matrikula egitera joan behar izan dut, Gasteizera bertara. “Administración” zioen ate batetik sartu behar izan dut, eta lehenengo hitzak: “espera un momento fuera, por favor. En seguida le atendemos.” Jo eta su erdaraz. “Beno, idazkaria izango da” esan dut neure kasa, “matrikula egingo didanak jakingo du euskaraz.”

Hamar bat minutu pasa ditut zain eta halako batean, gizon bizardun bat irten da atetik. “¿Para hacer la matrícula?” galdetu dit. Baiezkoa erantzun diot, eta berari jarraitzeko keinua egin dit. Mahai batean eseri naiz, bere parean. Egin beharreko tramite guztiak (asko ez baziren ere) gazteleraz egin behar izan ditut. Euskal Herriko Unibertsitatean.

Atzoko deiarenak moskeatu baninduen ere, gaurkoa jada, pastelaren ginda izan da, haserrarazi nauena. Ez al da bada lotsagarria Euskal Herriko Unibertsitatean (bai, ondo entzun duzue, Euskal Herriko Unibertsitatean) egin beharreko tramiteak euskaraz egin ezin izatea? Ikasketak euskaraz egin nahi, EHUren aldeko hautua egin, eta beraiek zure muturraren aurrean barrez lehertzea, ez al da lotsagarria? Guri edozein lanpostu eskuratzeko EGA eskatu, eta EHUko idazkaritzako langileekin erdaraz mintzatu behar izatea ez al da irrigarria?

Guri asko eskatzea erraza da; hezkuntza sistemak eskatzen duela esan, ta BUM! Batxilergoa ikasten ari zaren bitartean EGA atera behar. Gainera, edozein lanpostu ohiko eskuratzeko ere, gaur egun, FCE titulua eskatzen duten gutxienez, hizkuntzen garrantzia azpimarratuz. Eta, zoritxarrez, gu ikasten jartzen gaituzten pertsona horiek, guri hizkuntzen garrantzia erakusten diguten pertsona horiek dira, geure hizkuntzan mintzatzen ez dakitenak.

Zerbait aldatu beharko banu, oraintxe bertan, horixe litzateke; Euskal Herriko Unibertsitatera joan, eta euskaraz tramiteak egin ahal izatea. Hurrengoan joaten naizenean, karteltxo batekin topatzea: euskaraz, otoi.

EHUskaraz, otoi

EHU, euskara, ikasketak, unibertsitatea
Maddi Etxeberria

Sentipenak borborka, hitzak borborka. // Emakumearen kurbarik ederrena, bere irribarrea da. EGIN IRRI!

5 pentsamendu “EHUskaraz, otoi”-ri buruz

  • Pat Garrett 2016-07-13 20:38

    Zure kontakizunetik ulertzen dudanez, zeuk ere ez zenuen euskarazko hitz bakar bat ere bota. Hain erraz eman zenuen amore?

  • Horixe bera. Zure kontakizunetik ez da ateratzen behin ere ahalegindu zinenik euskarazko elkarrizketa sortzen. Zelan dakizu euskaraz ez zekitela? Neuk sarritan ikusita daukat, DENA euskaraz eskean aritzen diren ikasleetako asko -ez denak- erdaraz su eta gar aritzen dira egunerokoan, liburutegian, korredoreeetan, unibertsitateko tabernan… Zoritxarrez, errektorearekin bat etorri behar dut oraingoan, esaten duenean euskararen problema nagusia unibertsitatean ez direla erdarazko kredituak (hori ere arazo bada ere), problema nagusia gaur egun, dio/diot, euskaldun gehienen erosokeria, utzikeria eta koldarkeria dira.

  • Ba, ni ez nago ados zuekin. Zergatik bizi behar gara euskaldunok borroka batean? Egunero,egunero, egunero…. Oso nekagarria da! Aurpegi txarrak, jarrera txarrak… Herri euskaldunenetan ere bai.
    Normal euskararen erabilera atzeraka joatea. Jende arruntak ez du liskarrarik nahi.

    Publikora lana egiten dutenek lehenengo hitza euskaraz egin beharko lukete.

    Ongi izan!

  • Zergatik bizi behar dugun borroka batean? Gure hizkuntza minorizatua delako gurean, gaur eta hemen. Ez dago inon borroka eta deserotasunik gabeko hizkuntza-estatusaren aldaketarik, ez Flandesen, ez Iraelen, ez inon. Borrokarik gabeko eszenatokian etsitzeak iragarritako epekako heriotza geureganatzea esan nahi du, izan ere, hizkuntza-kontuak ez dira berez edo legez bakarrik aldatzen.Laburbilduta, euskararekin liskarrik nahi ez badugu, Unamunoren hizkuntzaren heriotza duin eta gozoa onartzera jotzen dugu, omisioz. Moralki, etikoki, justiziari begira ez luke horrela izan beharko? Seguru. Baina hori da daukagun panorama. Eta bestela azalduidazu zelan BEHARTUKO dugun populazioaren erdia, abertzale ez dena, ama hizkuntza ez daukana lehentasunez erabiltzera? Enpresa publikoetan, legez? Enpresa pribatuan? Eta abertzale izanda ere, milaka dira aitzakiaka dabiltzanak: orain ez da hizkuntza konturik tokatzen, nazioarteko denominazioek ingelesez behar dute, ingelesezko musika sonoritate hobekoa da, ETB Errioxan eta Kantabrian ere entzuten da…Martxa honetan txakurrekin eta umeekin hitz egiteko bakarrik erabiliko dugu Aitorren eta Amaiaren hizkuntza, eta kasu!! Umeak ere kexaka hasi zaizkigu eta!!!

  • Egia esanda, bai, Maddik idatzitako kontakizunean ematen du berak ez zuela euskaraz egiteko ahaleginik egin, baina, ez da akaso zerbitzu publiko batean hori bermatu behar? Ez litzaioke galdetu beharko bertaratzen denari euskaraz ala erderaz egin nahi ote duen?
    Zergatik izan behar gara euskaldunok beti eskean ibili behar dugunok? Ez da hori administrazio publiko batek legez duen betebeharra, hots, euskaraz aritzea euskaraz egin nahi duenarekin? Erreza omen zaigu denoi euskaraz egiteko eskatzen ibiltzea, baina 18 urteko neska edo mutiko ‘galdu’ batentzat, ezezagun zaion leku eta eremu batean hain erreza ez izatea logikoa da. Maldan gorako bidearen hasiera ezegokia, dudarik gabe. Eta bai, badu EHUk zer aztertu, aldatu eta hobetu euskararen normalkuntzaren bidean. Ikastegietako eta zerbitzu ezberdinetako idazkaritzetan euskaraz arreta bermatzea, horietako bat. Seguru nago ikasle euskaldunak horietara doazenean langile euskaldunekin topo eginez gero normaltasun osoz euskaraz egingo luketela. Gustora gainera. Aukera eman behar, baina, horretarako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude