Euskara batuaren oso zaleak al gara? (Imanol Azkoitiaren gutuna)
Euskara batuaren oso zaleak al gara? (Imanol Azkoitiaren gutuna)
“Dorian Grayren egiazko erretratua” azpeitiarrerara ekarri zuela-eta, joan den azaro bukaeran Imanol Azkoitia elkarrizketatu zuen Urola Kostako Hitzak. Bertan batuerari buruz esanek oihartzun handia izan zuten, eta guk geuk ere jaso genuen kontua, “Imanol Azkoitia eta analfabetismoaren apologia?“ izeneko sarreran.
Mindu samar, erantzuna eman du orain Azkoitiak, Urola Kostako Hitzara igorritako gutun baten bidez; hemen duzuen hauxe (egilearen argazkia Uztarriatik jaso dugu):
Euskara batuaren oso zaleak al gara?
Aspaldian hautsak harrotu ditu nik egindako lanak, eta, horren harira, Urola Kostako Hitzan egin nuen adierazpen batek: “Ez naiz euskara batuaren oso zalea”.
Esan beharra daukat ni euskara batuaren oso zale ez izateak ez duela esan nahi euskara batuaren aurka ezer daukadanik, ezta gutxiagorik ere, nahiz eta bere muturretik begi-kartolak kentzeko gai ez den norbaitek hori sinetsi.
Nik esandakoak irakurtzen dena besterik ez du esan nahi. Ez dut hitz egiten jeroglifikoak erabiliz, besteena baino euskara maila hobea dudala erakutsi nahian. Ez naiz mahaipeko mezuak erabiltzen dituena, zertarako? Garbi hitz eginez gero, buru-argi usteko motza ez denak ulertu ahal badu.
Euskara batua ezagutu aurretik nintzen euskalduna, gure gurasoak eta aiton-amonak bezalaxe.
Guk euskara batua gurtu behar dugula irizten dioten jainko-usteko literatoei esan nahi diet duela urte batzuk arte, auzoko beren “euskerie” aldarrikatzen zuten gazte (umeez eta zaharrez gain) harroengatik ez balitz, euskara baturik ez litzatekeela izango, eta, besteak beste, euskarari eta euskaldunoi esker irabazten dituzten urrezko dominak lortzeko, atxurrari eta palari heldu beharko lieketeela. Harroa izateko erarik negargarriena da esker txarrekoa izatea.
“Dorian Grayn erretratue” egiteko erabakia lagun batek hori bera egiteko eskatu zidalako hartu nuen. Sekula ez dut mesede perfekturik egin, baina beti saiatzen naiz eskatzen didanari ahalik eta ongien laguntzen. Liburu hau ere ez da perfektua, akats mordoa izango du, baina bisturirik gabe irakurtzen duenak gure herrietako egungo hizkera nahikoa ongi islatzen duela ikusiko du.
Nik egindako lana ez dago euskara batuan idatziko litzatekeen eran idatzita, nire idazkerak gure hizkerarekin bat etorri behar lukeela iritzi bainion. Horrexegatik, analfabetotzat jo nau bakardadez eginiko bere idazmahai herrenaren bueltan orbitatuaz bizi den tonto-harroren batek.
Ez naiz honetatik bizi, baina “euskerie” bizi dut eta “euskeraz” bizi naiz, beti egin dudan bezalaxe. Liburua argitara ateratzeko kostu ekonomikoak lagunak eta biok hartu ditugu geure gain, eta salgai dagoen lekuetan egitea kostatu den prezioan dago. Hala ere, guk ez daukagu irabazi ekonomikorik honekin, liburuak, salgai dauden lekuetan, dohaitzan utzi baititugu.
Hor duzue euskara batua, inork eskatu ez arren, beti besteon irakasle izatearekin nahikoa ez, eta “sarijasotzaile” zuzen askoak ere bazaretenok.
Barkatu, mesedez, akatsak, eta interesa azaldu duenari, nire eskerrik beroenak.
.
Imanol, ondo begiratzen baduzu, nik ez dizut zuri inon ere analfabeto deitu. Nik esan dut zure adierazpen hori (ez zarela batuaren oso zale), bere xumean, mingarria zaidala, euskaraz analfabeto huts diren asko (eta zu ez zaude horien artean, bistan da) harro daudelako horretaz (nahiz eta erdaraz ondo alfabetatuta egon), eta zurea bezalako adierazpenek (oso modu leunean eta oso zeharka bada ere), azken batean, ibili-ibili eginda, euskarazko analfabetismoa sustatzen dutelako. Eta horixe pentsatzen jarraituko dut, inork kontrakorik ikusarazten ez didan bitartean. Hortik ateratzen duzun ondorioa hau da: “Nik egindako lana ez dago euskara batuan idatziko litzatekeen eran idatzita, nire idazkerak gure hizkerarekin bat etorri behar lukeela iritzi bainion. Horrexegatik, analfabetotzat jo nau bakardadez eginiko bere idazmahai herrenaren bueltan orbitatuaz bizi den tonto-harroren batek”. Ala ez naiz ni “bakardadez eginiko bere idazmahai herrenaren bueltan orbitatuaz bizi den tonto-harro” hori? Zein ote da hortaz? Esan bezala, ez dut inon esan analfabetoa zarela (bestela ezingo zenuen egin duzun itzulpena egin); eta nire haserrea ez zen zure lanarengatik, euskara batua erdeinatuz egindako adierazpenagatik baizik. Nik baditut nire kartolak, ez dizut ukatuko hori, baina zureak ere ez dira makalak.
Bonaparte printzeak, orain mende eta erdi, tokian tokiko hizkeretan egindako itzulpenak agintzen zizkien hainbat laguntzaileri, dialektoen arteko diferentzia xeheenak identifikatzeko asmoz.
Uste nuen joera hizkerazale hura gainditzen ari ginela, eta haratx, batzuen buruak berdin jarraitzen du.
Baina bada ñabardura bat: Bonaparten euskal herrietan zeuden ezberdintasun dialektalen berri izan nah izuen; azken aldiko (tira, ez dira hain azken aldikoak) ilustratu batzuek ezberdintasun horiek ondo (edo hobeto) errotu nahi dituzte, indartu.
Ba niri ez zait ideia txarra iruditzen gaur egungo euskalkien lekukotasun idatziak uztea horretarako literatura unibertsaleko obra ezagun baten itzulpenak eginez. Gehiago esango dut: meritu handia du hori diru-laguntza publikorik gabe egiteak, eta horretan ari direnek esker ona eta txaloa jaso beharko lukete guregandik, ez irainak. Auzi honetan, nire ustez, aurkakotasunak dira saihestu eta kritikatu beharrekoak. Aldarrika dezagun zer euskararen zale garen, baina gainerakoak mespretxatu gabe.
Espiritu libertarioa ala autismo genetikoa? On-onismoa ala onanismoa?
Horra gakoa!
Lau katu, eta bakoitza bere zilborrari begira eta bere ilargia aurkitu nahian; bakoitza bere berezkoena omen duen nortasun horren lekukotasuna idatzirik uzteko irrikitan.
Lau katu, hankaz gora, airera begira eta energia guztia ezerezean xahutzen.
Lauak espezie desberdinekoak balira bezala, elkarrekin eta batera aritzeko aukerei ateak itxi nahi izango balizkiete bezala.
Poema epiko baterako gaia
Neu naffarreraren alde nago eta ez nago berce euscara mota guztien contra, alde baicic.
Hala ere, batuerazco “diezazkizuegun” moducoac impracticableac direla affirmatzen dut, ceren “dietzazuegun” moduco forma practicableac eçagutzen baititut.
Azkoitia jaunaren erantzuna, bikaina:
– hasteko, tautologia bat: esan dut esan dudana, alegia, ez nagoela euskara batuaren oso alde. Ez dut esan kontra nagoenik eh, baizik eta ez nagoela oso alde. Horrekin kitto euskara batuaren aurrean dudan posizioaz eman beharreko esplikazio guztiak.
– bigarrenik, jakin-usteko literastoentzako ad hominem erraz bat. Diozuena esaten didazue, elitista harroputz galantak zaretelako.
– hirugarren, “lastozko gizon” motako argudio batzuk: erakutsi alfabetatu gabeko euskaldun zahar harro horiei begirune gehixeago, arren.
– bukatzeko, argi utzi bere itzulpen-lan alimalekoarekin ez duela sosik irabazi, aitzitik, bere sakeletik ordaindu duela. Euskal kulturagintzan dokumentatutako kasu bakarra. Zinez nabarmentzekoa da, Dorian Greyren erretratua azkoitierara itzuli duela oso-osorik, aberasteko asmorik gabe. Bejondeiola.