Euskara batua: plastikozkoa, formala eta grazia bakoa
Euskara batua: plastikozkoa, formala eta grazia bakoa –
Batua eta euskalkien arteko dikotomia faltsuan, askotan entzun behar dugu euskara batua plastikozkoa, formala eta grazia bakoa dela. Hiru topiko dira eta datozen lerrotan frogatuko dugu ez direla egia.
.
Plastikozkoa:
Euskara batua plastikozkoa ei da. Ez ei da batere naturala, eta, txinoetan saltzen dituzten loreak bezala, artifiziala da. Egia da edozein hizkuntza estandarrek artifizialetik zer edo zer daukala, euskalki estandarrek ere bai, baina hortik aurrera berbaldunak harekin olgatu eta bakoitzak nahi duen kolorea eman diezaioke. ZuZeun idatzi ohi duen Santi Leoné horren adibidea da:
“Maite ditut, maite, gure euskalkiak, batua estaltzen didatenean”, Santi Leoné (ZuZeu, 2017-01-25)
…
Berdin- berdin egiten du Miren Amurizak Berriako orrietan:
“Mantzanilla bat“, Miren Amuriza (Berria, 2017-05-26)
.
Formala:
Imanol Azkoitiak Urolako Hitzan eman zuen elkarrizketa sonatuan esan zuen ez zuela euskara batua gustuko, bere ustez administrazioetan eta ikastoletan lantzeko ei zelako. Beraz, lehen latina edo orain erdarek, Frantziakoak zein Espainiakoak, sarri jokatzen duten rola jokatuko luke euskara batuak: gauza serio eta garrantzitsuetarako balioko luke herri xumeari; euskalkia daukanari, noski, arrotz egingo balitzaioke ere. Baina “herri xumeari” ez zaio euskara batua arrotz egiten eta gauza “informaletarako” ere natural-natural erabiltzen du estandarra:
Grazia bakoa:
Azken topikoa: euskara batua grazia bakoa da, epela, ez da bizia eta horren ondorioz euskalkietara jo behar dugu, adibidez, umorea egiteko. Baliteke Wazemanken eraginez sinestea, eta ez bere erruz, baina batuaz ere umorea egin da eta umore ona gainera, berbarako, Txoministak saioa:
Sentimenduekin ere antzera gertatzen da eta euskaraz idatzi diren olerki adierazkorrenetako asko batuaz idatziak izan dira, esaterako Xabier Montoiaren hau:
“Batzuentzat”- Xabier Montoia (Anfetamiña, Susa)
…
Eta, zer demonio, euskara batuak auzolotsa sentitzeko ere balio dezake, adibidez, Leizaola Fundazioak euskara sustatzeko asmoz egin zituen bideo kutre haiek, geure kalterako Interneten barrena galdu direnak.
Horiek horrela, esango nuke euskaldunok, euskalki dugunok zein euskalki bakoek, ez dugula euskara batua behar moduan menperatzen eta horren ondorioz euskara batua plastikozkoa, formala eta grazia bakoa bihurtzen dugula, ez alderantziz.
plastic: capable of being deformed continuously and permanently in any direction without rupture
Holaco plasticotassuna ukan badeça batuac, ethorquiçun ona ukanen du.
Ez dezagun inoiz ahaztu, nire kasuan bezala, euskara batua (lekuko euskarak zipriztindua, lekuko euskarak bizirik dirauten tokietan) dela euskaldunen gehiengoaren euskara. Izan eskolan ikasi dutelako, izan, nire kasuan bezala, gurasoek hori ikasi eta bizitzarako hizkuntza bezala hartu zutelako.
Ez naiz, agian, atabismoaren adibiderik onena: deustuarra, batu hiztuna (ia ia hemen idazten dudan bezala hitz egiten dut), Beloradoko abizen bat… ez dut agian denboran galdutako Euskal Herri hori nire berbekin sekula irudikatuko. Baina, joño! atzo bertsoeskolan batuaz egin nuen eta jendeak bertsoak txalotu zizkidan eta barre ere egin zuen. Ondorio azkarra: euskara batuak balio du trasmetitzeko. Balio du.
Beraz, bat nator Josu Lavinen iruzkineko plastikotasunaren definizioarekin eta aitortu behar badut: euskara batuak ez du falta, euskara batu hiztunek baizik. Euskara batuak dituen beste baliabide izanda eskolara eta administraziora mugatzen duten horiek guztiek dute falta.
Amaitzeko, muxu bat, ni bezala, euskara batuan konplejurik gabe bizi direnei. Segi horrela, euskaraz bizitzen, euskara batuaren plastikotasuna eta malgutasuna baliatzen!
Nire ustez, etxeko euskara batutik urruti dugunok sentitzen dugu, batez ere, estandar hori arrotz.
Tartean badira batzuk zorte handia dutenak, eta euskarazko jatorrizko forma oso aberatsak mantentzen dituztenak. Beste askok gaztelania eta euskara tartekatzen ditugu gure hizketan, sarri askotan konturatu barik. Eta, esparru batzuetan ahaztu egiten bada ere, euskara batua euren hizkuntza duten gero eta euskaldun gehiago dago.
Hiru hiztun mota horiek konplexu barik bizitzea gurako nuke. Libre, euskaraz komunikatzeko eta gozatzeko prest. Inor besteen gainetik ipini barik; bakoitzari baliagarri zaion eran, eta batetik eta bestetik edaten. Hizkuntza komunitate txikia gara beti elkarri mokoka ibiltzeko.
Nola sentitzen dute andaluziarrek Gaztelania batua? Askok beste gaztelania mota bat erabiltzen bait dute (100 dialektu baino gehiago bait ditu) , ta lekuaren arabera Gaztelania batua egiten dutenentzako baina beste erkidegoetako direnentzako zaila da ulertzeko.
Baina hoietako inork ez du sentitzen Gaztelania batua arrotz, barre egiten dute umorezko programak gaztelania batuan ikusterakoan, irakurtzerakoan…. baina beraien bizitzetan beraien dialektua erabiltzen dute komunikatzeko.
Zergatik? Leku oron dagoelako, ta leku oron badago zaila da arrotz izatea zuretzako nahiz ta beste dialektu bat nahiago izan.
Ohituta bazaude euskalki batean bizitzera, euskalki horrek zuretzako afektibitate gehiago izango du, hori ez du erran nahi, batuarekin ezin duzula gozatu, parrerik egin….
Zertan ikusten genuen marrazki bizidunak ETB1n? Uste dut batuan zirela ta umeak ginanean denok engantxatuta geunden Dragoi bola ikustera.
Hainbeste ze askorei gaztelaniaz emititzen hasi zirenean, ez zitzaigula gustatzen.
Beraz guztiz ados artikulua dioenarekin.
Niri, hitz gutxitan, xelebrekeria hutsa, hutsaren hurrengokeria, hots, kakaplasta kiratsdun jasangaitza baino ez den babaloreen ergelkeria ezjakin bezain konplexuduna… hoixe. Zer gabiltza txatxukeria hauen inguruan? Euskara maite dut, euskaraz bizi naiz, euskaldun ororekin mintzatzerakoan… No fucking problem at all.
Ai, zer pena!!