Moc-­moc-­moc, euskaraz

Moc-­moc-­moc, euskaraz

Urte batzuk pasa dira dagoeneko, baina gogoan dut, nola gure aitaren auto zaharrean Euskal Herritik kanpora egiten genituen bidaietan, SS matrikuladun autoak ikusten edo bilatzen jolasten ginela. A-1 errepidean ez zen arraroa makina bat aurkitzea, Huelva inguruan ohiz kanporagokoa. Eta gogoratzen dut nolako pozarekin ospatzen genituen topaketa haiek. Moc moc moc, jotzen genion bozina, auto batek besteari, agur modura eta baita erantzuna jaso ere, era berean, eta nola elkarri agur egiten genion eskua leihotik astinduz emozio puntu batekin, haiek ere gu bezalaxe, euskaldunak, Euskal Herritik kanpo zirela eta.

Moc-­moc-­moc, euskarazGaur egun gauzak asko aldatu dira; SS matrikulak desagertzeaz gain (anonimotasun batez babestuta bezala goaz orain), badirudi ez dela bidezkoa horrelako baserritar usainik egitea, paletada bezala ikusia dagoela, oso baldar.

Esate baterako, Europako aireportu batean beste euskaldunik ikusten badugu, lehen ohikoa zen

–Hombre, euskaldunak hemen ¡ Nongoak?

hura botatzea orain ez dela zuzena. Apur bat desegokia dela.  Akaso erantzungo liguke

Ta ze demontre axola zaizu zuri nongoa naizen? Eta jakina, ez da hori plana ere. A ze kortea, ze lotsa!!

Akaso “Ley de protección de datos” edo datuen babes arautegi famatu hori hausteko arriskuan ere egon gaitezke, eta ez, ez da plana.

Hala ere, gaur egun, irakurle, sentitzen dut nik halako tentazio bat bezala horrelako kasuetan; ez da kuriositatea bakarrik, ez dakit, euskaldunon arteko lotura fin hori. Nazio bereko partaide garenez… ezin ukatu, munduko beste bazterren batean euskaraz hitz egiten ikusteak baduela bere emoziotxoa. Eta eupada bat, nola ukatu?, barkaezinezkoa izango litzateke nire ustean. Zalantza dut.

Eta burutazio hau, pasa den astean, laneko kontu bat Galizian konpondu beharra aprobetxatuz, Euskal Herriko udaberri honetako giro tropikalaz kutsatuta edo, bikotea eta biok egindako bidaia antolatuaren haritik dator.

Ostiralean lan arazoa konpondu eta larunbatean Vigo hiritik abiatzen den itsasontzi batean Cies irletara joan gara. Hango eta hemengo, hurbil eta urrungo, zuri eta beltz, gazte eta zahar, era desberdinetako jendetza juntatu ginen bertan.

Giroa ederra zen eta Alto do Principe izeneko mendi tontortxo batera igo ginen bikotea eta biok. Harri handiz osatutako tontorra da eta gailurrean harrizko jarleku natural batek burutzen du, tronutxo bat izango balitz bezala, lekuari izena ematen diona, suposatzen dut. Panoramika ederraz gozatu daiteke. Gu iritsi ginenean bi iparamerikar neska zeuden tronutxoan eserita, amildegiaren kontra kontran. Argazkia ateratzeko asmotan, gu zain, eta gure iparamerikar printzesak tronutxoa uzteko asmorik gabe. Egoismo hutsa edo ignorantzia inozoa? Dena den, han geundela zerura begira harri handi haietako batean etzanda, tapa, gure euskara ederrean hitz egiten beste bikote bat agertu zitzaigun. Begirada batean euskaldunak zirela antzemateko horietakoak; bizarra, belarritakoa, Salomon zapatilak, eta plan horretan. Guk txiton, zalantza artean.

Hauek ere aspertu ziren printzesa tematien zain, eta bueltako bideari ekin zioten, gu baino minutu bat aurretik.

Eta jaitsiera bidean, non agertzen zaigun bide bazterrean, gerizpean, euskaldun parea, bokadilo eder bana jaten. Ezin ba okasioa galdu, eta kortesiazko “on egin” bat bota nien parean pasatzean. Eta kortesia berarekin biek batera “eskerrik asko” epel batekin, kortesiazko erantzun arrunta esan bezala, erantzun zuten. Baina hitz horiek ahoskatzeaz bat konturatu ziren benetako egoeraz, gakoaz, Euskal Herritik kanpo geundela alegia , eta ozenagoa izan zen bigarren “ESKERRIK ASKO” bat bota zuten, biek batera, hau ez kortesia hutsez baizik eta irribarre batekin eta Euskal Herri bereko hiritar bezala elkar aitortuz, euskaldunen arteko lotura fin hori azpimarratuz.

Eta horrela geratu zen tramitea beteta, gustura, eta datuen babes araua hautsi gabe.

Moc-­moc-­moc, euskaraz