Euskara: baliatu beharreko aldagaia
Euskara: baliatu beharreko aldagaia –
Ekimen enpresarial bat garatzen ari den lagun bat beste proiektu batean murgiltzekotan da. Esperientzia duen arren, azken hilabeteotan hainbat formazio saio jaso du zenbait aholkularitza eta erakunderen aldetik, negozioa sortzeko garaian kontuan izan beharreko aholkuak eta gomendioak jaso dituelarik. Enpresa sortzeko garatu beharreko ideia, ekiteko eta sortzeko gaitasunak, proiektuaren izaera, merkatuaren azterketa, bideragarritasuna, legezko baldintzak… Kudeaketa arrakastatsurako oinarrizko printzipioak ere aztertu ditu, antolakuntzari, estrategiari eta plangintzari dagozkionak, komunikaziokoak eta pertsonen garapenari buruzkoak. Zerrenda luze horretan hizkuntzek zein leku duten edo izan beharko luketen galdetu nion, horietan guztietan hizkuntzek nabarmen eragiten baitute eta, horrenbestez, kudeatu beharrekoak iruditzen baitzaizkit.
Hizkuntzez ez da apenas hitz egiten, nahiz eta modu ageriagoko batez agertu beharko liratekeen ekimen enpresarialak kudeatzen dituzten pertsonen artean. Hizkuntzen (pluralean) eta euskararen (singularrean) aldagaiari erreparatu behar diote, ezinbestez, ekimen enpresarialak abiatzeko ausardia duten ekintzaileek eta enpresak sustatzen, berritzen eta hobetzen dihardutenek, bai eta administrazioek eta langileok zein kontsumitzaileok ere. Era guztietako enpresen balio-katean, ekoizten den produktuari edo eskaintzen den zerbitzuari balorea eransten baitiote hizkuntzek. Horregatik, euskara ere bada entitateen etorkizuneko balioa handitzen lagunduko duen inbertsioa.
Era guztietako enpresetan, eta horien harreman komertzialetan, hizkuntza-aniztasuna kudeatu beharreko aberastasuna da. Hizkuntza bat baino gehiago erabiltzea mesedegarria da merkatu eta bezero berriak irabazteko garaian, bezeroak asetzeko eta fidelizatzeko. Erosleak nahiago izaten du bere hizkuntzan hitz egin eta erosi; horregatik, produktu eta zerbitzuak lehiakorrak eta kalitatekoak izango badira, bere hizkuntzan eskaini behar zaizkio bezeroari. Hizkuntzek enpresen hazkunde ekonomikoan eragiten dute modu nabarmenean, etekinak areagotuz. Halaber, enpresa gehienetan, oro har, ez da zalantzan jartzen kanpoko merkatuetan aritzeko, tokian tokiko hizkuntza(k) erabiltzea komeni dela, baina gurean ez da askotan hala egiten, nahiz eta euskara gertutasunaren eta konfiantzaren adierazgarria den. Euskaraz komunikatzeko gaitasunak bide eta aukera berriak zabaltzen ditu eta nabarmendu behar da euskarak lurralde honetako entitateak ezaugarritzen dituela, balio eta printzipio batzuk erantsiz.
Barrura begira ere, onuragarriak dira euskararen ezagutza eta erabilera: enpresa, saltoki eta era guztietako entitateen barne kohesioan, lan taldearen motibazioan, funtzionamendu egokian, pertsonen formazioan eta inplikazioan zuzeneko eragina baitu euskarak. Talde sendoagoak, inplikatuagoak eta konprometituagoak sustatzen ditu, gure erakundeak indartsuago egiten ditu, eta merkatuan (tokikoan zein globalean) hobeto posizionatzen laguntzen du. Euskara gertutasunaren, konpromisoaren, inplikazioaren, konfiantzaren eta bizikidetzaren adierazgarri da.
Oraina eta etorkizuna euskaraz datoz. Euskararen balioez jabetzea eta horiek baliatzea dagokigu, tokiko merkatuaren zein globalaren abangoardian kokatzeko.