Euskara 2 – Gaztelania 38
Euskara 2 – Gaztelania 38
Eztabaida ez da atzo goizekoa, horregatik bildu ziren hainbat lagun Euskaldunon Egunkaria sortzeko. Euskal prentsa Argian gorpuzten zen modu agerienean, baina astekaria izaki, egunerokotasuna bilutsik zen, Egunkaria sortu aitzin. Hutsune bat betetzeari ekin zioten, eta ereite lan hartatik gaurko fruituak.
Egin 1977an jaio zen, ezkertiar eta abertzale; baita euskaltzale ere, baina euskaratik baino gaztelaniatik (eta apur bat frantsesetik). Eskolak, helduak, admnistrazioa eta eguneroko bizitza euskalduntzearen alde, baina gaztelaniaz. Ez dakit garai hartan zein izango zen, zehazki, egoera soziolinguistikoa. Baina ez dago aditua izan beharrik desastre hutsa zela jakiteko. 500 urteko Espainiaren atarian, erresuma gaztelarrak bere fase ezberdinetan, bi diktadurek edota bi errepublikek berdin berdin zanpatu zuten gure hizkuntza. Odoluste latza, etnozidio barkaezina.
1977an Eginen euskaltzaleak zeuden, noski baietz, eta hein handi batean zabaldu beharreko mezua gaztelaniaz zabaltzea deliberatu zuten. Beren garaiko alaba eta semeak ziren, haiek eta haien testuingurua ziren, eta ez naiz inor epaitzen hasteko. ETA-k gaztelaniaz funtzionatzen zuen, eta Eusko Jaurlaritzak, eta Jarraik, eta HB-k, eta ikastola asko altxatzen zebiltzan gurasoek ere.
Baina egun ezberdina da, garai honen semea naiz ni, eta beraz zilegi bekit pare bat kontu aipatzea.
1998an Egin itxi zuen estatuak, estaturari min egiten ziolako, eta hori, min egiteko gaitasun hori izatea, txalotzeko modukoa da. Hausnarketak, bestelako informazioa, kazetaritza serioa arriskutsuak dira, horregatik dabiltza Turkian egunkariak eta hedabideak ixten egunero. 1999an jaio zen Gara; eta jaiotza horretan erabaki bat edo beste ez zen zuzena izan, ene iduriko.
Aste honetan bideo hau ikusi dut sare sozialetan. Euskara 2 – Gaztelania 38. Ene uste apalean sekulakoa da. Bere objektibotasunak bilakatzen du birrintzaile. 2-38 , euskara lehena, etxean jolasten duelako, noski; eta etxean galtzeak are eta larriagoa bihurtzen du porrota.
Gaurko GARA: Euskarak 2, gaztelaniak 38. Goleada latza, ohi bezala. pic.twitter.com/qaimCMY5tp
— Edu Zabala (@goikone) November 1, 2016
1977tik 199ra gauza asko aldatu ziren; 1999tik 2016ra gauza asko aldatu dira. Euskararen erabilera ez dela itxaropentsua badakigu, inkesta soziolinguistikoak tranpeatuta datozela ni baino hobekiago azaldu dute beste batzuek. Baina datu objektiboa da gaur egun Euskal Herrian 40 urtetik beherako jende askok, eta adinean behera eginez gero geroz eta gehiagok, ulertzen duela euskara.
Erdaldun elebakarrei mezu sorta bat helarazi nahi horretan, GARAk hein handi batean lortzen duena euskaldunoi informazioa gazteleraz ematea da.