Euskalgintza – Amagoia Mujika

Euskalgintza –

Arratsalde on, guztioi!

Euskalgintza

Herritarron ekimena da gure herriaren bereizgarri bat. Gizarte zibilaren indarra. Eta sormena. Euskaldunon Egunkariaren sorrera gogora ekartzea besterik ez dago, Joanmari Torrealdaik deitu bezala euskalgintza zibilaren prestutasuna erakusteko. Herritarrei esker sortu zen Euskaldunon Egunkaria, oztopo asko eta kontrako jarrera guztien gainetik, euskaldunok euskaraz informatzeko eskubidea genuelako eta dugulako, gure herria gure hizkuntzan pentsatzeko eta kontatzeko eskubidea eta betebeharra dugulako, gure begien bidez munduan gertatzen dena adierazteko, beharrezko tresna delako euskararen normalizazioan. Itxi ziguten, baina Berria altxatu genuen. Sortu genuen, bizi da, eta bizirik dago, herritarrei eta erakundeen laguntzari esker.

Norbanakook asko egin dezakegulako euskal mundu aberats bat eraikitzeko. Baina erakundeek eta gobernuek ardura handia dute, politika publiko sendoak bultzatu behar dituzte, euskarari ekosistema oso bat eman eta hizkuntzaren dimentsio guztiak bermatu. Ikus-entzunezkoen esparruan ere bai.

Oztopo eta erronkaz betetako bidea dugu aurretik, horregatik da funtsezkoa erabakiak eta apustuak euskararen biziberritzean eragingo duten norabidean kokatzea, baita ikus-entzunezkoen esparruan ere. Norabide horretan, euskarazko irrati-telebista publikoaren egitekoak berebiziko garrantzia du; hizkuntza prestijiatzeari eta sustatzeari dagokionez.

Ezinbestekoa da gaur egungo ikus-entzunezkoen kontsumo ohituretara adi dagoen euskarazko irrati.telebista bat, estrategiak eguneratuta dituena, anbizioz helduko diona euskarak aurrean dituen erronkei eta euskaraz bizitzeko baldintzak biderkatuko dituena, euskararen biziberritze prozesuak pantailak ere zeharka ditzan.

Pantailak ez ezik ekosistema oso bat behar du euskarak, gure burua kontatzeko eta berrasmatzeko baldintza duinak eta babesa eskainiko dizkiena kulturgintzan ari diren sortzaile guztiei, besteak beste.

Hizkuntza-auzia, euskararen biziberritzea, eraldaketa prozesu bat da, beste hainbat eraldatze-prozesu bezala, bultzada behar duen prozesua. Euskara eta euskararen biziberritzea eskubide, askatasun eta bizikidetza marko batean jartzen asmatzea, kontsentsu zabalak lortu eta euskararen aldeko hizkuntza politika transbertsal sendoak abian jartzea.

Kultura eta ikus-entzunezkoetan euskara erdigunean jartzearen alde egin dezagun bultza eta agintaritza eta eragile politikoek garatu ditzatela hizkuntzaren biziberritzean eragingo duten hizkuntz politika sendo eta eraginkorrak.

Gaur bide bat abiatu da. Abiatzea bera ere, bada zerbait. Esaerak dioen bezala dabilen harriari ez baitzaio goroldiorik lotzen. Euskarazko idatzizko hedabidea sortzeko, norbanakook, elkar hartuta, lan izugarria egin genuen bezala, era berean, elkar hartu eta segi dezagun anbizioz lanean euskarazko kultura, sorkuntza eta ikus-entzunezkoen alde.

Euskalgintza

Hainbat eragilek bat eginik Eusko Jaurlaritza eta EiTBri zuzendutako kanpaina jarri dugu abian, kultura eta ikus-entzunezko politikak errotik aldatzeko eskatuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude