Euskalgintza, bide onean

Euskalgintza, bide onean –

Danel Abando Olabarrik, DBHko irakasleak, Naiz hedabidean.

Ausardia behar da gero neonazismoa eta euskalgintza esaldi berean jartzeko. Eta hain zuzen ere ausardia hori eskertzen diot egileari, epelegia izan daitekeen, ahots-berdintasunerako joera handiegia duen gure euskal mundu honetan hautsak harrotu eta eztabaidarako parada eskaintzeagatik. Lerro hauek idazten ditut Jon Miranderen “Haur besoetakoa” irakurtzen nabilen honetan. Liburu higuingarria, arbuiagarria oso; eta aldi berean hain da iradokitzailea, hain liluragarria, ausarta finean. Ez diezaiogun autokritikari eta eztabaidari ihes egin, akabaturik baikinateke.

Euskalgintza, bide oneanEuskalgintzak akats asko egingo zituen bere ibilbide konplexuan, baina bere barnean «Ordezkapen Handiaren marko neonazia» normalizatzen eta zabaltzen ari dela esatea irakurketa erabat erratua iruditzen zait. Aipatzen den gai zentralera joz: euskalgintzak sekula ez du planteatu etorkinen afera arazo gisa, erronka, aintzat hartu beharreko edo birpentsatu beharreko auzi gisa baizik; are euskara eta euskal kultura aberastu dezakeen aukera legez. Beste askoren artean, arazoa diglosia, erabileraren atzerakada, oztopo legalak, zonifikazioa, gure lurraldeen arteko mugak, euskarafobia edo zapalkuntza izan daitezke, baina etorkinak sekula ez. Eta nolanahi ere, hizkuntza dela-eta hitz egin daiteke etorkinez, edo euren artean dauden ezberdintasunez; izan ere, zaurgarritasun maila eta ezaugarri diferenteak dituzte, dauden egoeragatik erabat bazterturik bizi direnetatik, espainiar kultura hegemonikoaren parte diren edo sentitu daitezkeeneraino. Zelako existentzia miserablera bultzatzen ditu gure gizarteak? Zenbat bazterkeria pairatzen dute? Eta zergatik ez, gure hizkuntza eta kulturarekiko zer nolako jarrera dute? Noski, haietaz baino hobe genuke haiekin hitz egin, haien bizipenak eta gureak hurbildu daitezen, herri bera osatzen baitugu, ezberdin bizi eta ulertzen badugu ere. Hortaz, euskarari dagokionez, edozertaz mintzatu gaitezen, baita gure haur euskaldunez ere, euren jatorrizko herrian, Euskal Herrian, arrotz sentitzen diren horiez, estres linguistikoa, erabateko ezintasunak izatearen ukazioa (euskaraz bizitzeko, izateko ezintasuna) edo besteen irainak jasan behar dituztenak.

Bestalde, normala iruditzen zait gurean afera horrekiko kezka egotea, euskara ez ezagutzea baita etorkinen ezaugarrietako bat, bizitzan aurrera egiteko egingo duten bide malkarrean hura ikasteko hamaika oztopo eta zailtasun izatearekin batera. AEBetan supremazistek latinoamerikarrekiko duten gorrotoa gaitzesgarria da erabat, gurean arabiar kulturari diogun mesfidantza eta ezinikusia bezainbeste, horiek pribilegio edo hegemonia posizio batetik eraikitako jarrerak baitira. Ez, ordea, euskalgintzak emandako urratsak edo lortutako aurrerabideak, menpeko izatetik erdietsi eta egunero borrokatu behar direnak (nolabaiteko instituzionalizazioa barne).

Laburbilduz, mintzatu gaitezen eta, bereziki, autokritika praktikatu dezagun.

Hori bai, ez gaitezen erori gureak ez diren marko diskurtsiboetan, otoi. Ez gaitezen beti defentsiban egon, ekiteko beldurrez, esku-loturik. Erdaldun baten aurrean euskaraz aritzea gaizki, esparru publikoan euskara exijitzea gaizki, derrigorrezko murgiltze eredua gaizki… Galtzaileak izatera kondenaturik gaude, garaipenerako bideari beldur diogulako. Azken batean, euskalgintzari egiten zaion kritika horren oinarrian ez al dago gaizki-ulertu bat? Twitterren auskalo zein norbanakori irakurritakoak euskalgintzari egoztea, euskalgintza ordezkatzen ez duen eta ondorioz bere eguneroko jarduna baldintzatzen ez duen norbanakoren baten erruz hain zuzen?

Tira, aspaldidanik ezagun zaizkigu «feminazi» edo «euskararen talibanak» gisako etiketak; berriki jakin dugu euskara burgesiaren beste instrumentuetako bat dela. Eta orain, zorioneko gu, badugulako beste ezizen polit bat: euskalgintzaren neonaziak. Zer eta guk proposaturikoa!

Euskalgintza, bide onean

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

9 pentsamendu “Euskalgintza, bide onean”-ri buruz

  • “Euskalgintzak sekula ez du planteatu etorkinen afera arazo gisa”. Euskalgintza oso inuxentea izan da orain arte, baina une honetan, kuantitatiboki, etorkinen afera arazo latza da, desagerpenera eraman gaitzakeena. Eta horrela ikusten ez duenak, errealitatearekiko sekulako desafekzioa dauka, Saturnon bizi da.

  • Tximinorentzat 2023-09-28 09:16

    Tximino, zurekin guztiz ados nago.

  • Mikel Haranburu 2023-09-28 12:55

    Etorkinena bezain arazo larria da kultur etorkinen etorrera, zoko-moko guztietara iristen dena.
    Onkeriaz inguratuta gaude; baina sarri askotan, zerbaiti, edo norbaiti on egitea beste hainbat helbururen kalte suertatzen da. Gure zoritxarrerako, jakina.

  • Kultur etorkinari ehunmilaka etorkinen etorrera lotzen badiogu, gehi teknologia berriak, gehi munduan zehar bidaiatzeko dauden baliabideak (garai bateko sei hilabeteko bidaia, gaur egun hegazkinez hamar ordu dira), gureak egin du! Horretaz gain euskaldunok edonor etorri daitekela eta kopuru horrek mugarik ez lukeela izan behar uste badogu, gureak egin du. Eredu migratzaile hau, gure buruaz beste egitea da, hori bai, aurrerakoitasunaren izenean.

  • Nere ustez, articulu honen eguileac nahasmen hadia daduca bere buruan. Berac criticatzen dituenec ere… nere ustez nahasmen handia daducate… Cer eguin? Ba ez dakit…

  • 1. Europako mendebaldea eta, batik bat, Euskal Herria, etnikoki ordezkatuak izaten ari direla ez da uste bat ezta teoria bat ere, errealitate bat baizik, matematika hutsa. XX. Mende hasieratik honat hainbat etorkin uholde jasan behar izan ditu herri honek. Zifrak ikaragarriak dira: 50-70 hamarkada artean Bizkaiak bere biztanlegoa bikoiztu zuen. 1975ean EAEko populazioaren %30ª kanpotik etorriak zen. Eta ezin dugu ahaztu aldi berean milaka eta milaka euskaldunek utzi dutela bere bizitokia Ameriketara, Parisera edo beste nonbaitera joateko. Hori gutxi balitz, orain jaiotze tasa autoktonoaren amiltzea dugu, kanpotik datozen familia askok eta askok 4-5 haur dituzten bitartean. Honakoa ordezkapen etniko baten historia ez bada, ez dakit nola izendatu daitekeen.

    2. Hizkuntz ordezkapena eta ordezkapen etnikoa txanpon beraren bi alde besterik ez dira. Bai, hizkuntza batek biziraun dezake bere hiztun-herri jatorrizkorik gabe, eta etnia batek biziraun dezake bere jatorrizko hizkuntza galdurik ere. Ados, baina ez da gure kasua izango. Hemen euskara naturalki eta berezkotasunetik mintzo dugunak gehienbat berezko euskaldunak gara. Eta maila txikiago batean, berezko euskaldunon mikro-gizarteetan integratu nahi izan duten erdaldunak, bertokoak nahiz atzerritarrak. Horrek adierazten du euskerak ez duela biziraungo berezko euskal komunitaterik gabe.

    3. Pairatzen dugun inmigrazio basatia ez da erronka bat, madarikazio bat baizik. Ahulegi gaude eta ez dugu baliabiderik eraginkorki aurre egiteko. Ez da nahita ere posible izango horrenbeste jende euskalduntzea, ez borondatez ezta bortxaz ere. Euskal hiztunen komunitatea geroz eta urriagoa eta ahulagoa izango den neurrian, hainbat eta erakarpen indar gutxiago izango du erdaldunak erakarri bere baitan integratzeko. Bistan da galbide espiral batean gaudela, D eredua ez dela nahiko, eta Instituzio politikoetaz ezin dugula miraririk espero. Horrenbeste maite dugun sistema demokratikoari esker, euskal hiztunen kopurua urrituz doan neurrian hainbat eta babes instituzional gutxiago izango du euskalgintzak ere, alderdi politikoak gehiengoaren desio eta interesen arabera mugitzen baitira (baita “gure” alderdiak ere).

    4. Duela 50 urte erabili zen borroka sozialen bidezko murgiltze-eredu hori, horrenbeste goraipatua dena (eta horren emaitza apalak eman dituena), ez zaigu baliagarri, inondik inora ere, eta berau defendatzea pobrezia intelektual handia adierazten du. Ez zaigu baliagarri, hasteko, testuinguru historikoa guztiz bestelakoa delako, egungo “borroka sozial” delakoek ez dute zer ikusirik garai haietakoekin, egungo etorkinen profila askoz ere arrotzagoa delako, eta, azkenik, gure herriaren forma askoz ere eskasagoa delako (hasteko, ez gara gaztez beteriko herri dinamiko eta bizi bat 70. Hamarkadan bezala).

    Hau da errelaitatea bere gordintasunean. Panorama honen aurrean euskal neonazismoekin eta tankerako mamuekin nahasi eta konplexuz bete nahi gaituzten horiek, edota inmigrazioa besarkatu beharreko fenomeno ongarritzat dutenek: 1) oso galduak daude bizitzan, edo 2) Euskal Herriaren aurka ari dira lanean.

  • Mikel Haranburu 2023-09-29 12:27

    Txalo zaparrada luzea..!!

  • ZVO: Nahita ere ezingo nuke hobeto adierazi. 2 urteko alaba hasi berri da haur eskolan, Gasteizko auzo “jatorrenetako” batean, eta haren ikaskideen ERDIAK afrikarrak dira, magrebtarrak eta beltzak batuta. Andereñoak ingelesez badaki eta halaxe komunikatzen da gurasoetako batzuekin. Batetik, gure jaiotza-tasa suizidak, eta, bestetik, immigranteen uholdea, akabua dira gure herriarentzat. 20 urte gehiago erritmo honetan eta finituta egongo gara, oroimen bat baino ez gara izango, eta ez gu bakarrik, Europako herrialde batzuetan konturatzen hasita daude…

  • Benat Castorene 2023-09-30 15:17

    ZVOren diagnostikoa, Iparraldean bederen. ezin dugu onartu baizik
    Orai artinoko kantatzen duten helburuak utzi behar ditugu. Momentuz, eta garaiz deno, gelditzen zaizkigun indar apurrak bildu eta kontzentratu behar ditugu beharbada oraindik egingarria izan litekeen egitasmo baten gainean, hau da, eskualde mugatu batean, euskal komunitate mugatu bat zeinean euskaraz mintzatzeaz gain euskaraz bizi gintezkeen. Bai, erronka zaila da baina beste saio guziak alferrikakoak dira eta erabateko desagerpenera eremaiten gaituzte.