Euskal Osakidetza
Euskal Osakidetza –
Oraindik orain lagun-min batek esandakoa laburtuko dizuet, zer-pentsa emango dizuelakoan. Proba bat egitera joan zen berriki Donostiako Onkologikora -dakizuen bezala, erabat zentro publikoa den zalantzan dago-.
Beheko solairuan egiten dira proba horiek, eta lehen leihatilan, informazioan zegoenarekin, euskaraz egin zuen. Itxaroten egon eta jada barrura sarturik, ziztada eman zionak erdaraz baino ez zekien, eta bi orduz itxoin behar zuela esan zion. Kate espainol bat jarria omen zegoen itxaron-gelan, eta hiru emakume eta bi gizonezko zain. Ordu laurdenean denak isil-isilik telebistari begira edo. Guadalajarako herri batean entzierroak bertan behera utzi eta mehatxuak egon omen ziren, eta horren inguruko elkarrizketak eta iritziak eta abar errepikatzen omen zituzten, behin eta berriz.
Baina isilik ezin etsirik, laster hasi omen zen bost laguneko talde horretako berritsuena, gizon bat, hitz eta pitz, bere bizipenak eta abenturatxoak kontatzen. Salamankakoa zela esan omen zuen, Tolosan bizi eta inguruan ibiltzen zena igeltsero-lanean, lurzoruak eta jartzen. Hasieran, gizon berritsu horri beste emakume batek bakarrik laguntzen omen zion solasean, eta gerora nire laguna ere sartu omen zen elkarrizketan. Jakina, denak erdaraz, eta bizkitartean, telebistan, zezen eta entzierro kontuak.
Itxarote-gelan batzuk irten eta beste batzuk sartu egiten omen ziren, baina beti berriketan gai-jartzaile salamankarra, eta gizon adintsu bat, isilik, solasa berarekin ez balihoa bezala. Zergatik ote dago gizon hori isilik, pentsatzen omen zuen, bere artean, nire lagunak. Halakoren batean tokatu zitzaion nonbait mutu egondako gizon horri itxarote-gelatik proba egiteko makinara joatea, eta lehenbiziko hitzak orduantxe entzun omen zizkioten. Erizainak erdaraz egin zion, eta gizonak ere hala erantzun zion. Solasean ari zirenen artean komentatu omen zuten gizon hori gaixo txarra izango dela, bere gaixotasuna umore txarrarekin hartzen duena. Beharbada, euskalduna zen, pentsatu omen zuen nire lagunak -abizena euskalduna bide zuen-: solasaldian parte hartzeko behar zibikoa urratu zuen!
Lagunaren esanetatik neure hitzetara etorririk, Donostiako ospitaletan -Euskal Herriko edozein ospitaletan, salbuespenak salbuespen, eta euskaldun kontsekuenteak gorabehera-, euskaraz egiteko aukera loterian saria tokatzea baino zertxobait errazagoa izan daiteke baina alde handirik ez: suertea alde baduzu, euskaraz harekin edo honekin egin dezakezu, jendearen arretan, lehen lehiatilan batez ere, baina barrura sartzean, eta medikuekin eta, askoz nekezago, eta gerta dakizuke bi orduz itxaron beharra Espainiako edozein ospitaletan bazeunde bezala, igual-igual, telebistan kate espainola eta erdaraz egin beharra, betebehar zibikoa dela medio.
Ez zaizue inoiz gertatu atean honako errotulu bat ikustea: “Euskaraz egin, nahi baduzu!” eta bertako langileek erdaraz baino ez jakitea? Niri bai.
Baina, noski, hori ez da ezer mundu honetan, eta Euskal Herrian ere gertatzen diren hainbat miseriarekin alderaturik, eta komentatzea ere merezi ote du? Ez dute zerikusirik gisa horretako gertakari aski arruntek gure ongizatearekin? Diru faltak edo arrazak edo genero aferek bakarrik dakarkiote norbanakoari gaizki izatea edo gaizki sentitzea?
Euskaldunok beharturik gaude erdal munduan murgiltzera; eta alderantziz, berriz, ez; gutxiz gehienetan, guztiz borondatezkoa da. Eta ez Eusko Jaurlaritzak, eta are gutxiago Nafarroako Gobernuak, dute plangintza errealik horri buelta emateko. Gaztelaniaz jakitera legez derrigorturik, eta euskaraz, aldiz, norbanakoaren borondate huts-hutsalaren mendean gaude. Ez da harritzekoa asimilazioak, ordezkapenak, jarraitzea.
Nik ezagutu nuen Onkologikoan teknikari lanean hasi zen kantukide bat, Orfeoikoa, valentziarra eta valentzieraz ere badaki, baina ezagutu nuenean, etorri berria baitzen, ez zekien hitz bat ere euskaraz.
Bada bai, Pako, etengabe gure erakunde nagusietan, ondo diozun bezala. Kanpokoa da TVE1, baina gaitz berdina transmititzen du aspaldi honetan, estatuko TB katearen azken perla: ETBko Herri txiki inpernu handi moduko programa bat jarri dute abian, eta Euskal Herriko toki batera bederen heldu dira: Elantxobera.
Aurkezlea umore errazera lerratua eta ahoberoa, euskarazko izenak gaizki ahoskatzen, eta tonika horretan esan ere ez zuen “vosotros como los indios” telefono baten txirrinean “irrinsi” bat entzun zuela eta haurrek frontoian pilota jokoan eskuz jotzen zutela eta oinutsik jokatzen zutela eta. Ba hori, “indios”. Bertaratuei “grazia” egiten zien… No comment
* Valentziako katalanez, alegia
“Ez zaizue inoiz gertatu atean honako errotulu bat ikustea: “Euskaraz egin, nahi baduzu!” eta bertako langileek erdaraz baino ez jakitea?” diozu, Pako.
Bai motel. Behin baino gehiagotan. Baina ez dago kontraesanik hor. Zerorrek egin dezakezu euskaraz nahi izanez gero, baina bestaldean dagoenak erdaraz egin dezakeen neurrian, zer uste zenuen ba?
Hemen, poziktibitytarron lurrean, euskara “en libertad” erabiltzen baita (con mucha suerte, erran nahi baita), baina erdaraz “voluntariamente porkojones”, Salamancan bezala.