Frontoietatik

Frontoietatik

Duela ez hainbeste Ane Irazabal ETBko Italiako berriemaileak Napoliko Jai Alai frontoiko erreportaje bat egin zuen. Denboraren joana eta frontoiak jasan dituen historia eta istorioak ekarri zituen. Aurreko astean, Laxoaren finala izan zen Baztan-Erreka txapelketan Arraiozeko plaza (eta frontoian) jokatuta. Eta nik nire aldetik, lagunarteko frontenis txapelketa bateko irabazle izan nintzen atzo.

Eta frontoitik frontoira goazenez, hona hemen historian zehar eraiki diren eta nola edo hala mantendu diren frontoi ikusgarrien bilduma bat. Frontoietatik begirada bat.

Euskal Jai, Iruñea 1909an inauguratuta

Serapio Esparzak egina, estilo modernista oso nabaria zuen (Nafarroan apartekoa). Kristalezko sabaia, hiru alturako arkuak eta galeria metaliko paregabeak. Gainera, aditu eta bertan jolastu zutenen ustez, Euskal Jai frontoiak munduko frontis onena zuen. Bertan ere, Iruñeako lehen film soinuduna proiektatu zen eta hogei urtez zinema eta bestelako jaietarako erabili zuten.

2004an eraitsi zutenean, oraindik zutik zegoen bigarren frontoi zaharrena zen, Nafarroako aforo handiena zuena. Haren kontserbazioa eta iraupena eta ondorengo eraispenak polemika handia sortu zuen. Bigarren irudian ikus daitekeen egoerak agerian uzten duen bezala.

 

Euskalduna, Bilbo 1895ean inauguratuta

3000 pertsonako aforoa zuen eta eserleku guztietatik ikusten zen, gainera, argi elektrikoa ere bazuen. Estiloari erreparatuz, fatxada nagusia estilo ojibalekoa zen eta barnealdea arabiar estilokoa garaiko berriemaileen hitzetan “Granadako Alhambrari kopiatuta”.

Gerra Zibileko bonba batek itxiarazi egin zuen 1937an eta bi urteetara berreraiki zuten. Hogei urtez funtzionatzen jarraitu ondoren 1957an behin betiko itxi zuten.

 

 

Beti Jai, Madril 1894an inauguratuta

Joaquín Rucobak egin zuen eta egituraren diseinua, garai horretan XIX. mendearen amaieran gutxi gora behera, Madrilen zabaldutako laugarren pilotalekua izan zen, Jai Alai, Fiesta Alegre eta Euskal Jai pilotalekuen atzetik.

Dena den, 1919 arte izan zen zabalik. Espainiako Gerra Zibilean, polizia etxetzat erabili zuten; eta ondoren, diktadura frankistan, musika banden entsegurako aretotzat. XX. mendearen erdialdean pilotalekua Citroën enpresari saldu zioten, konponketak egiteko lantegitzat erabiltzeko.

1997an Frontón Jai Alai enpresak erosi zuen, pilotalekua berreskuratzeko asmoarekin. Proiektua bertan behera geratu eta pilotalekuak hainbat jabe izan ditu ondoren. Urteetan abandonatua egon zen arren, zaharberritu berri dute eta bisitarientzat irekita dago.

 

Manila Jai Alai, Filipinak 1940an eraikia

Manila Jai Alai Welton Becket eta Walter Wurdemann estatubatuar arkitektoek diseinaturiko pilotalekua izan zen. Asiako Art-Deco edifizio bakar eta hoberenetarikoa zen. Fatxada zilindriko batez osatua, arkitektoen esanetan jokoaren abiadurari erreferentzia eginez.

Zesta puntak zale amorratuak zituen Filipinetan eta apustuen ondorioz zenbait hildako ere izan ziren frontoian. Horregatik, 1986an aurrez aurreko akordio horiek zirela eta, zesta punta debekatu zuten herrialde osoan.

Protesta asko izan baziren ere, 2000. urtean Lito Atienza Manilako alkateak eraikina eraisteko agindua eman zuen. Hiriko epaitegi nagusia eraikitzeko asmoa bazuen ere, ez zuen inoiz egin. Beste behin ere, polemika artean eraitsita.

 

Jai Alai, La Habana 1901an eraikia

Oihuen jauregia “El palacio de los gritos” ezizenez ere ezagutzen zen frontoi hau. Mazzantini anai gipuzkoarrek eta Basilio Sarasqueta abokatuak sustatu zuten.  Sekulako arrakasta zuen eta euskaldun asko joaten ziren hara bertan jokatzera, izarrak baitziren. Eta pelotaren historiako frontoi esanguratsuenetako bihurtu zen bere garai loriatsuetan. Adituen ustez, 1930 eta 1950 bitartean munduko frontoi garrantzitsuena izan zen.

Gaur egun erortzeko zorian dagoen La Habana erdiguneko altxorra da.

Gehiago jakiteko, hona hemen La Habanako, Memoria de La Habana irratiko zatitxo bat, frontoiari buruz hitz egiten, bertako memoriaren ikuspuntutik.

Frontón Jai Alai

Hurrengo astean frontoi gehiagorekin nator, bitartean zaindu!

Frontoietatik 

2 pentsamendu “Frontoietatik”-ri buruz