Euskal nazioaren elkarrizketa

Euskal nazioaren elkarrizketa –

Ibai Iztuetak Berria egunkaria, Euskaraldirako hilabete falta den honetan.

Hizkuntza bat, nondik begiratzen den, elkarrizketa bat da. Elkarrizketa bat ahots ugariren artekoa, mendetan luzatuz iristen zaiguna eta kilometro karratutako eremuan zabaldu ohi dena. Elkarrizketa publikoa da eta intimoa da; beregaina ere bai: gurean, Euskara izena ematen diogu Euskal nazioaren elkarrizketari.

Euskal nazioaren elkarrizketaHizkuntzen elkarrizketa izaera azpimarratzekoa da, hizkuntzen izaera jende-artekoari erreparatzen laguntzen digulako eta, era berean, egurrezko mahaiak bezain errealitate hautemangarri eta neurgarri batez jabetzeko modua ematen digulako. Hala, hizkuntzen tamaina neur liteke erabilera sozialaren adierazleen bidez. Egun arrunt batean argazki batzuk atera eta une horretan hizkuntza horretan dabilen jendea harrapatzean datza, nolabait ere, adierazle hauek erabiltzea.

Argazki hauetan, adibidez, zera antzematen da, gure tamainaren neurria, berez, 400.000 hiztun pasatxokoa dela. Laurehun mila gisa konta litezkeela, alegia, egunez eguneko une honetan ala hartan euskaraz ari direnak. Bistan denez, gaur-gaurkoz euskaraz egiteko gai litzatekeen jende kopurua baino txikiagoa da (700.000 omen gara egiteko gai eta beste 390.000 ulertzeko lain). Baina, azken batean, errealagoa ere bai, hizkuntza bat egiazki bizi, elkarrizketaren baitan bizi delako eta ez norbanakoen irudimen mutuan edota asmo hutsean.

Baten bati 400.000 hiztuneko tamaina eskasa irudi lekioke. Eta, tira, hein batean sentipen ulergarria da, txikizio iraunkor —eta erresistentzia epiko— baten emaitza delako. Guztiarekin ere, aurrera egiteko prestatzen denak negarrak hurrengo baterako utzi behar izaten ditu-eta, aise asko har liteke aitzakiarik gabeko tamainatzat ere. Zeren eta, hara, Islandieraz ikasten poema liburuaren autoreak ongi asko dakien bezala, gaur egungo islandiarren elkarrizketaren tamaina 320.000 hiztun ingurukoa da. Eta ez dute islandiarrek, ziurrenik, handitasun mira edo uste arazorik izango, baina lotsarik ere ez. Bere burua errespetatu eta bere bidea egiten duen herria dirudi, inori konturik eman behar ez diona, edo inori esplikaziorik zor izatekotan, kontuak eskatzeko ere prest dagoena.

Jakina, tamainaz antzekoak izanagatik ere, euskal nazioaren elkarrizketarako eta islandiar nazioaren elkarrizketarako baldintzen artean badira alde nabarmenak ere, ezta? Horietako bat, islandiar jendea ozeano atlantikoaren iparraldeko uharte bakar batean bizi dela eta, gu, berriz, ez. Gainera, konparazioari irudimen apur batez eustearren, islandiarrak ez bezala, gu uharte bakar batean ez, baizik eta uhartedi edo artxipelago batetan sakabanaturik bizi garela ere esan liteke eta, barreiaturik bizi garelakoxe, sarriegi berez garen baino txikiago eta bakartuago sentitzen garela. Hala ere, egon, badago nahi izanez gero uharte guztiak bata bestearekin loturik dituen gorputza ikusteko modurik.

Adibidez, Beñat Agirreren mapa eskuan hartu eta esan liteke euskal uhartedian era bat baino gehiagoko uharteak deskriba litezkeela. Har ditzagun, esaterako, dentsitate dezenteko uharte multzo batzuk, aliritzira bezala. Ekialdetik mendebalderako joanaldian, era bat baino gehiagotakoak ezagutuko ditugu: erabilitako datuak eta egindako kalkuluak zuzen antzekoak izango balira, esan ahal izango genuke 2.260 inguru euskaldun aritzen direla egunero solasean Eskiula, Maule eta Atharratzeren arteko hirukian eta 4.160, berriz, Larzabale, Esterenzubi, Donibane Garaziren eta Orreagaren arteko zerrendan. Laukizuzen itxura eta 15.000ko tamaina luke, aldiz, Sara, Baigorri, Basaburua eta Leitzaren arteko elkarrizketaren uharteak. Eta ekialdetik mendebalderantz, uharte karratu handi bat, gero, Getaria, Azpeitia, Ziortza-Bolibar eta Earen artean: 41.000 euskaldun elkarren artean euskaraz, eguneko edozein unetan.

Eta, orain, ekar ditzagun hizpidera uhartetarrak auzune txikitan sakabanaturik dauzkaten horietakoak. Hasteko, zergatik ez aipatu ipar-mendebaldean txatal bat, Basauritik Santurtzi eta Getxoraino doana eta, euskaldun dentsitatez txikia izan arren, arras jendetsua dena? Ibaizabalen ondotik doazen lur hauetan, 24.000 inguruko tamaina hartuko luke eguneroko solaskide kopuruaren uharteak. Hegoalderantz, berriz, Aiarako lurraldean esaterako, bada 1.650 inguruko tamainako bat eta erdialderako bidean, hara hor lehenengo Gasteiz eta gero Iruñerria, 9.000 eta 7.500 inguruko tamainako beste bi uharte. Beste bat: Ipar-ekialdeko muturrean, Baiona, Angelu eta Biarritzen artean, ez da erraz neurtzen, baina 1.200 inguru.

Eta, amaitzeko, eman dezagun uharte urrunen berri. Zer diren uharte urrunak? Bada, uhartediaren gorputz nagusitik distantziarik handienera daudenak. Ikuspegi honetatik, esate baterako halako paralelo geografiko bat marraztu daiteke, iduneko bat edertzen duten pitxien gisan, Gaubeatik Zangozaraino iristen diren herriekin: Erriberabeiti, Bastida, Lapuebla de Labarca, Viana, Tafalla eta gehiago… 380 lagun aritzen dira paralelo honetako itsasoaren erdian, Euskal nazioaren elkarrizketa elikatuz, elkarrizketa honetatik edanez.

Euskal uhartedia izendatu berri ditugun balizko irla hauez eta beste hamaikatxoz dago osaturik, 400.000 inguruko tamaina osatu arte. Tamaina honek bere horretan zenbat iraungo duen, itsasoko urek gora egingo duten, behera egingo duten, hori besterik da. Behera egingo dute urek, noski, garen horren kontzientzia maitasunez eta erantzukizunez zaintzen badugu. Nik neuk, posible ikusten dudanaren barruan, alabek geure oraingo adinera ailegatzerako gure elkarrizketen neurria gutxienez 600.000 izatea nahi nuke. Eta nahi nuke, hala balitz, biloben bizialdian 1.000.000 hiztuneko elkarrizketara irits daitekeela espekulatzeko modua izango nukeelako, besteak beste. Milioi bat: oraindik ere uhartedi, baina ez hain sakabanatu eta badaezpadako, baizik eta gozagarriago eta, behin honetara ezkero, ziurrenik urpera ezin.

Euskal nazioaren elkarrizketa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Euskal nazioaren elkarrizketa”-ri buruz

  • Bittor Hidalgo 2020-10-26 11:51

    Niri (oso) ona iruditu zitzaidan artikulua, hala nola ere atzoko Berriako Urtzi Urritikoetxearen ITZULPENAREN ZUBIAK… Zuei?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude