Euskal literaturan aipatzen den lehen txoria, *duka, dagoeneko desagertuta
Euskal literaturan aipatzen den lehen txoria, *duka, dagoeneko desagertuta –
“Euskal literaturan aipatzen den lehenengo txoria, *duka, dagoeneko desagertuta dagoen espezie bat izan daiteke (eta izena ingelesezko mailegu bat)”, idatzi du Asier Sarasuak Eibartik blogean.
Euskarazko aurreneko hiztegi eta lan zaharrenetan bada hegaztien aipamenik, jakina, baina seguru asko 1677an argitaratutako “Liburu hau da itsasoko nabigazionekoa” izanen da txori-izenen zerrenda labur bat dakarren euskarazko aurreneko saiakera. Eta zerrenda horretako lehenengo txoria, dagoeneko desagertu den espezie bat da, pottorro handia (Pinguinus impennis), XIX. mendean betirako galdu zen hegaztia. Edo hori da nire teoria, behintzat, ez baitago guztiz argi! Hara ba.
1677an argitaratu zuen Piarres Etxeberri “Dorre” lapurtarrak Liburu hau da itsasoko nabigazionekoa izeneko lana, gure inguruko itsasoetan egoki nabigatzeko hainbat aholku ematen dituen gidaliburua. Hortxe aurkituko dugu, ziurrenik euskarazko txori-izenak biltzen dituen lehenengo zerrendatxoa dena (Txoriak.eus-era ere eraman dugu, jakina). Sei izen besterik ez, baina arrazoi historikoengatik aipagarria, besteak beste, lehenengoz (eta agian azkenengoz euskal idazle klasikoen artean) XIX. mendean desagertu zen pottorro handiaren (Pinguinus impennis) aipamena egiten duelako.
Idazleak, Ternuko kostaldea deskribatzeko orduan, Bankuko xorien ezagutzak izeneko ataltxoan, sei txori-espezie aipatzen ditu: dukak, gorrak, xukutun-xoriak, usoak, potorroak (alzidoak) eta marloiñak (kaioak). Azken hirurak badakigu zer diren; lehenengo hirurak ez, ordea, ez baitira berriz agertzen inolako hiztegi edo hegazti-zerrendatan.
Hala ere, duka horren inguruko deskribapena nahiko garbia da, eta nire teoria botatzera ausartuko naiz, naturalistikoa ez ezik, baita linguistikoa ere: dukak Atlantiko iparraldean bizi ziren pinguino edo pottorro erraldoiak dira (Pinguinus impennis), eta baliteke transkripzio arazo bat ere egotea izenean, eta benetako izena *aukak izatea (dukak horren ordez).
Goazen azalpenetara.
Dukak (*aukak?): desagertutako pottorro handiaren lehenengo aipamen historikoa
Halaxe diosku Etxeberrik:
Jakiteko duzu noizere hurbiltzen baitzare Ternuago lehorretikan 100 lekoetarat kausituko duzu xori bels handi batzuk, zeina ezin bola baitaiteske eta euskaldunek deitzen tuste dukak, hek ikusten tutzunean bankarrengatik guardia emanen diozu zure buruari eta guardia emanaraziko zure iendeari.
Beltz, handi eta hegan egin ezin dutenak. Aukerarik sinesgarriena honakoa iruditzen zait: dukak Pinguinus impennis dira, XIX. gizaldian betirako desagertu zen pottorro handia.
Marinel europarrek Antartika aldea exploratzen hasi arte, hauexek ziren “benetako” pinguinoak (gaelikotik, pen gwyn). Europarrek ezagutzen zituzten pinguino bakarrak, alegia. Alzidoen familiako espezierik handiena zen; metro beteko garaiera zeukaten eta 5 kg-ko pisua. Eta ezin zuten hegan egin.
Atlantiko iparralde osoan bizi zen garai batean pottorro handia (XV. mendeko lekukotasun idatziak daude alzido handi hauen inguruan), Floridan hasi eta Mediterraneoraino. Hegazti honen aztarna arkeologiko aberatsenetakoak Euskal Herrian bertan ditugu, Lekeitioko Santa Katalina kobazuloan.
Gaur egungo pinguinoek bezala, pottorro handiak ezin zuen hegan egin eta, horren ondorioz, oso hegazti erraza zen ehizatzeko. XV. gizaldirako Ipar Atlantikoan bakarrik geratzen zen, eta XVI. mendean Europatik desagertu ziren.
Islandian, Groenlandian eta Kanadan geratu ziren atzenak, azkenengo ale ezaguna 1852an Ternuan ikusi zelarik. Gizakiak betirako suntsitutako beste espezie bat, Tasmaniako tigre martsupiala, dodoa edo Ameriketako uso migratzailea lez.
Esan bezala, XVI. gizaldirako desagertuta zegoen Europan, baina Ternura eta Islandia aldera joaten ziren euskal arrantzaleentzat espezie ezaguna izango zen eta, horrela, euskal literaturan aipatzen den lehenengo espezie bihurtu da, gezurra badirudi ere.
Baina dukak ala *aukak?
Harrezkero, ez dugu aurkitu dukak bezalako izenik pottorroentzat. Eta hala izanik, egia ote XVII. gizaldiko itsasgizonek duka deitzen zietela? Ez ote akats tipografiko bat, eta XVI. mendeko euskaldun haiek ezagutu zituzten hegaztiak aukakizatea? Izan ere, horixe baita txori hauen izena ingelesez (auk) eta aspaldikoa bezain ugaria da euskal marinel eta arrantzaleek ingelesezko (eta beste hizkuntza batzuetako) maileguak hartzearena, Islandian bezala Ternuan ere.
Gainera, ez da ahaztu behar, Etxeberriren lanean hainbat itzulpen-arazo eta akats tipografiko nabarmen daudela, eta litekeena da hau ere horietakoa izatea. Orduan, dukak, berez, aukak balira?
Tira, seguru asko ez dugu sekula jakingo, baina hortxe nire teoria (beharbada zoroa): euskal literaturan aipatzen den lehenengo hegaztia dagoeneko desagertuta dagoela, eta ingelesezko mailegu baten bidez heldu dela guregana, transkripzio-akats eta guzti.
.
Oh.: Argazkiak, Wikipedia.
Liburu hau da itsasoko nabigazionekoa
Liburu hau da jxasoco nabigacionecoa Piarres Etxeberri Dorre lapurtarrak 1677an argitaratutako itsasgizonendako gidaliburua da. Jatorriz, ehun urte lehenago Martin Oihartzabal marinel ziburutarrak frantsesez idatzitako lanaren itzulpena (“Les voyages aventureux du Capitaine Martin de Hoyarsal, habitant du çubiburu“, 1579), nahiz eta Etxeberrik zenbait atal erantsi zizkion, lehenengo orrialdean argitzen digunez, “escararat emana, eta cerbait guehiago abançatuba“.
Klasikoen Gordailuan aurkitu daiteke osorik (baita faksimila ere PDF formatuan). Eta Oihartzabalen frantsesezko bertsioa hemen.
Atalez atal, gure inguruko kostaldeetan arazorik gabe nabigatzeko argibideak eskaintzen ditu. Oihartzabalek ez du Ternuko hegaztien berririk aipatzen, baina Etxeberrik erantsitako ataletan Ameriketako kostaldearen inguruko informazioa gehigarria ere idatzi zuen, eta azpiatal horien artean dago gorago aipatu dugun hegazti-zerrenda txiki hori, Segidan dire Bankuko xorien ezagutzak, alegia, hemen transkribatzen dudana (Klasikoen Gordailutik kopiatuta, inolako aldaketarik gabe).
.
Seguidan dire Bancuquo chorien eçagutçac
Iakiteko duzu noizere hurbilzen baitzare ternuago leihorretikan 100 lekoetarat kausituko duzu xori bels handi batzuk, zeina ezin bola baitaiteske eta eskaldunek deitzen tuste dukak, hek ikusten tutzunean bankarrengatik guardia emanen diozu zure buruari eta guardia emanaraziko zure gendeari.
Iakiteko duzu noizere hurbilzen baitzare bankurat, ikusiko duzu xori xuri haiñitz zeiñak deitzen baituste eskualdunek usoaketa ondoan kausituko duzu komunski xori beltz batzu batzuk zeiñak baitute moko luxea eta sabel xuria halakoak gutitan frogatuko duzu dabilzala bankuas hagitz atherat lekat bankuaren kantalean edo bankuas leihor aldetik baizen hartarakotzat halakoak iksten ditutzunean zunda etxea ahal dezakezu agian ondoa atrapatuko duzula.
Iakiteko duzu baldin zundatzen baduzu bankuas esteko partetik kantalean Bakaillauko Irlaren gaiñean eta atrapatzen baduzu zunda izanen duzu leihorrat 60 edo 70 lekoa.
Iakiteko duzu noizere hurbilzen baitzare leihorrat atrapatuko tutzu Potorro flotak 8 edo 10 edo 12 edo gehiago tropa bakotxean eta hala ikusten ditutzunean guardia emanen diozu leiohorrari.
Iakiteko duzu ikusten baitutzu xori xuri handi batzuk marloiñak baino handiagoak eta lepho luzeak zeiñak deitzen baituste eskaldunek gorrak, baita halaber xori belz batzuk zeiñek baituste xango gorriak, zeinak deitzen baituste eskaldunek xukutun xoriak; hek ikusten ditutzunean etzara hagitz urrun izanen eta egiñen diozube zeben buruei guardia.
.
Liburua osorik aztertzeko:
- Liburu hau da itsasoko nabigazionekoa (Klasikoen gordailuan)
- Liburu hau da itsasoko nabigazionekoa (Faksimila PDF formatuan)
Artikulu ederra!!
Oso interesgarria! Eskerrik asko!
Artikulu oso interesgarria Asier Sarasuarena! Zuzenketa txikitxo bat besterik ez nuke egin nahi. Pen gwyn izena galesetik dator, Galeskoa, ez gaelikotik (hauek adar goidelikoko hizkuntzak dira, irlandera, eskoziar gaelikoa eta desgertutako maniar gaelikoa).
Bestalde, teoria polita bada ere, ez dago aski frogatuta pinguino hitza “pen gwyn”en jatorria duenik. Ternuan badago Pen gwyn izeneko leku bat, Izan ere, “pen” hitza burua (gorputzeko atala) edo lurmuturra izendatzeko erabiltzen da, eta “gwyn” zuria esan nahi du. Beraz, ez du zentzu handirik “buru zuria” izendatzea buru beltza zuen hegazti bati. Latinez “pinguis”ek lodia esan nahi du, eta irakurri dudanagatik itxura dauka hortik etor zitekeela.
Hala ere, artikulu interesgarria benetan.