Amaordearenera egingo ote dute ihes?

Amaordearenera egingo ote dute ihes? –

Utz dezagun geldieran lipar batez ama euskararen alderako atxikimendu afektiboa eta jo dezagun arrazoi praktikoen bila euskal nazioaren etorkizuna zirriborratzeko. Egun lan-mundua denok jotzen dugu arlo estrategikotzat euskararentzat, hots, euskaldunen etorkizunerako. Zenbat lanpostutan da beharrezkoa euskara gaur egun?

Amaordearenera egingo ote dute ihes?Sabino Aranak zioen euskara salbatuko zela bere lurraldean bizitzeko beharrezkoa izatera iristen zenean. Beste modu batera esanda, zioen euskara beharrezkoa izatera iristen ez bazen, herri edo hirietatik urrunen zeuden baserrietan ere sartuko zela erdara eta partida irabaziko ziola euskarari, partida irabazten hasia zegoen bezala baserrietan ere, berak esatera, Euzko Alderdi Jeltzalea sortu zuen garaian, duela ehun eta hogeita bost urte inguru.

Hartatik gaur egunera etorrita: irakaskuntzan, administrazioan, hedabideetan, enpresa pribatuetan, ohiko hiru sektoreetako edozein lanpostu kontuan harturik, zenbat lanpostutan da beharrezkoa euskara? Eusko Jaurlaritzak edo Gaindegia-k edo egin ote du azterketarik? -datu interesgarria da ba!-, ehuneko hamarrean bai?, eta zenbatean dira beharrezkoak gaztelania Hegoaldean eta frantsesa Iparraldean, eta ingelesa bietan?

Hurrengo berezko galdera eratorria: euskara eskatzen den lanpostu horietan zer-nolako ezagutza galdegiten da: zenbatean B1?, zenbatean B2?, zenbatean C1?, eta zenbatean C2? Administrazioetan, onenean, zerbitzuetako langileei B1 eskatzen zaie, udaltzainei B2, ertzainei beste horrenbeste gehienez…; gero C1 daukatenetako batzuek euskaraz lan egiten dute, beste batzuek erdaraz, eta C2ko denek ere ez dute euskaraz lan egiten. Maila hori eskatzeaz gainera, zerbitzu-hizkuntza gisa lan egiteko soilik ala zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza gisa lan egiteko eskatzen zaie?

Horiek lan-munduari dagozkionak.

Lan-mundua baino lehen, formakuntza-urteak daude. Denok dakigu irakaskuntzak ez duela euskararen ezagutza unibertsalizatzen. Zuzeu-ko pentsamendu bat M. Basaberi ostu eta hona aldatzea zilegi bazait, etorkizunari begira jarrita, irakaskuntzako panoramak ez du ematen ikuspegi euskaltzaletik bozkarioz suziriak botatzekoa!:

“…Azken bost urteetako matrikulazio-datuak hartuta, D ereduak atzera egin du lanbide heziketan, hala erdi mailako zikloetan nola goi mailakoetan. B ereduak, berriz, gora egin du. Arazoak? Hainbat. Esaterako, D ereduko zikloen eskaintzak ez duela aurrera egiten. Esaterako, matrikulazio-garaian D ereduko zikloak eskaini bai, baina gero ez direla osatzen (eta, ondorioz, ikasleak B eta A ereduetara eroaten direla). Esaterako, 4/2018ko legearen 27. artikuluko 3. puntua, zeinean, zeharka bada ere, zonifikatu egiten baita lanbide heziketaren eskaintza, eta onartu egiten baita ikaslearen eskubidea barik, administrazioaren erabakia dela zein eredutan ikasiko duen lanbide heziketako ikasle euskaldunak.

Bigarren arazoa, D eredua bera kolokan dagoela. Hezkuntza Sailak agindu digu Hezkuntza Legearen proiektua berehala igorriko diola Legebiltzarrari. Proiektu horretan ereduak ‘gainditzeko’ proposamena egiten bada, 3L sustatuta ikastetxe guztietarako, eta 3L hori Hezkuntza Sailak berak 2011n argitaraturiko ‘Hezkuntza-marko hirueledunaren esperimentazio-prozesua. Dokumentu markoa’ izeneko agirian jasotakoarekin bat diseinatzen bada, 3L eredu berrian euskarak, onenean ere, ikasgaien %60 izango lituzke. Alegia, gaur egungo B eredutik gertuago, D eredutik baino. Onenean diot, ikastetxearen erabakia izango baita zenbat ikasgai emango den euskaraz: %20 gutxienez, %60 gehienez.”

Lan-munduko eta irakaskuntzako egoera objektibo zirriborratuari -hipotetikoa noski, datu objektiboen faltan-, eransten badiogu euskal herritarren -elebakar, elebidun, hirueledun-, gero eta joera praktikoagoa, hots, identitate kontuei, euskaltasuna eta abertzaletasuna bezalako balioei -gure gazte denboran egun baino axola handiagokoak-, iskin egiteko isuri nabarmena, eta helburu nagusitzat lan-mundurako ondo prestatzea eta lanpostu onenak lortzeko lehian garaile irtetea bide dutela; hori guztia kontuan, alarmista izatea ote da esatea euskal herritarrak onenean ehuneko hamarrean, hortxe nonbait, izango direla euskal naziokoak eta gainerako ehuneko laurogeita hamarrean nazio arrotzetakoak?, ala nahikoa da euskal herritar bat euskal nazioko jotzeko halakoak hemengo klima eta gastronomia eta futbol taldeak gogoko izatea?

Heribert Barrera (1917-2011) Kataluniako Errepublikaren aldeko borrokalari handi eta kataluniar independentismoaren erreferenteak zioen Katalunian katalanez mintzatzen ez zekiena, zinez, ez zela katalan sentitzen, baina Euskal Herrian bai: “En canvi, al País Basc, encara que un no parli en euskera es pot sentir perfectament basc” (Genís Sinca: Heribert Barrera L´ultim republicà. Columna. Biografies. 2006. Barcelona. 182or.); ildo horretatik, onenean, ehuneko hamarrean euskal nazioko herritarrez osaturiko eusko gizartera ote goaz? Kopuruz eta kalitatez hain murritza den nazio bati eusterik ba ote dago ala amaordearenera egingo dute ihes euskal gazteek, hain nazio kaxkarreko kide izateari kaxkar iritzirik?

Hogeigarren mendean uste zen abertzaletasunak salbatuko zuela euskara ezerk salbatzekotan, eta gaur?, alderdi eta sindikatu abertzaleek bai?, nork?

Amaordearenera egingo ote dute ihes?

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)

6 pentsamendu “Amaordearenera egingo ote dute ihes?”-ri buruz

  • Gutxi hitz egiten eskolan, medioetan eta kalean nazioaz, hizkuntzaz, kulturaz.. Gai horiek lehen lerrora ekarri gabe oso zaila aurrera egitea. 60, 70 eta 80 ko hamarkadetan herritar euskaldunok bagenuen kezka gai horien inguruan; orain esango nuke feminismoaz, migrazioaz eta aisialdiaz aritzen garela nagusiki, gure biziraupenari lotutako gai nagusiak alde batera utzita. Herri gisa ez dugu jakin garai berrietara moldatzen. Globalizazioan urtuko gara, desagertu arte.

  • Hizkuntza gutxitu baten suspertze prozesua oso lotuta dago kontzientzia nazionalaren suspertze prozesuarekin……Eta zoritxarrez gaur egungo Euskal Herrian kontzientzia nazionala oso kaskarra da, hobetu beharrekoa.

  • Garikoitz N 2019-11-30 14:38

    Amaordearen irudi hau ez zait gustatzen. Behin baino gehiagotan erabili izan da norberaren hizkuntza hautua esplikatzeko. Oso manikeista da, nire ustez. Eta esentzien diskurtsoarekin lotuta dago. Gure kulturaren esentziari uko egin, eta beste arrotz bat hautatzeko egiten den aukera salatu nahi du. Ez zait gustatzen ikuspegi hori…
    izan ere, zein da hemen defendatu nahi den gure kuturaren esentzia hori?

  • Ez, Garikoitz, hemen ez da kulturaren esentziarik errebindikatu nahi; hemen, funtsean, esan nahi dena da gaur eguneko munduan hizkuntza batek balio praktikorik ez badu, lan-mundurako, komertziorako eta aisialdirako eta abar, jai daukala, desagertzera doala, eta balio hori ematea dagokigula.
    “Amaordearena” aipatzean, Xalbador izan nuen buruan (ama euskara, seme-alabek abandonatua), eta ez inola ere ama-hizkuntza edo guraso-hizkuntza euskara ez dutenak. Azken hautakoren bat molestatu badut, desenkusatzen naiz.

  • Benat Castorene 2019-11-30 15:25

    Garikoitz, amaordearen terminoa ez zait batere gehiegizkoa iduritzen, alderantziz, amaorde guziak ez baitira inposatuak gureak bezala.
    Gure herrian, gure arbasoen herrian, denbora aurrera ahala, frantsesak euskararen tokia hartzen duelako min izaitea manikeista da zure ustez? esentzialista da?
    Ez ote dira aldiz sorhaioak, sofritzen ez dutenak, ergelak, funtsik gabekoak?
    Bat nago Naziogintzaren diagnostikoarekin.

  • Benat Castorene 2019-12-01 12:43

    Garikoitz, ez dut uste xede txarrez ibili zenituenik , bainan, gure artean gaudela, erabiltzeko prudent izan behar gara « manikeista » edo « esentzialista » bezalako hitz kalifikatzaileekin zapaltzaileek gu « jakintsuki » eta maltzurki diskalifikatzeko esleitzen dizkigutenak. Alderantziz, beren iritziak orekatu, zentzuzko eta idekitzat jotzen dituztela araiz. Hortik dator ene erreakzio bizia.