Euskal Herri erosoa, ahobiziz eta belarriprestez betea
Euskal Herri erosoa, ahobiziz eta belarriprestez betea –
Atrebentzia handiz, geure aurkezpen-txartelarekin osatuko dugu gogoeta honen hasiera. Hauxe duzue AEKren metodologiaren ardatza: hizkuntza, komunikaziorako tresna den neurrian, pertsonen artean jarduteko eta bizitzeko tresna ere bada. Hala, hizkuntza jakiteak ezinbestean dakar jende artean erabiltzeko gai izatea. Beraz, AEKn nahi dugu gurekin ikasten duen pertsonak euskara bere bizitzako edozein arlotan eta unetan erabiltzen ikas dezan; horretan oinarritzen da gure metodologia.
Iruditzen zaigu euskaltegiak beti izan direla euskararen normalizazioaren ametsezko egoeraren lagin bikaina: adin guztietako herritarrak aritzen dira euskararekiko atxikimendua lantzen, eta, batik bat, gaitasun egokia lortzen, euskara ezagutzeko ez ezik euskara erabiltzen ere jaki nahian. Motibazioak ekartzen ditu euskara ezagutzera; baina ezagutza ez da aski euskara erabiltzeko, ez: motibazioa eta gaitasun egokia ezinbestekoak dira, eta horretan trebatzen dira euskaltegietako ikasleak. Horri begira, ikasgelan erabilera erosorako baldintzak sortzen ditugu, eta euskaltegiko elkarreragina arigunetzat dugu, euskaraz lasai aritzeko gunea, Euskaraldiak ekarri duen izendapena aintzat hartuta.
Hori dela eta, betidanik ikasleak prestatu ditugu, baita animatu ere, euskara erabil dezaten ikasgelatik kanpo, bizitzako edozein arlotan eta unetan; beraz, egunotan, ikasleria gonbidatzen ari gara Euskaraldiaren ariketa praktikoan parte hartzera, izan daitezen ahobizi edo belarriprest. Ez hori bakarrik, AEKtik deia luzatu nahi dizuegu euskaltzale guztiei Euskaraldira hurbil zaitezten, ariketa kolektibo horretan parte har dezazuen.
Oso-oso garrantzitsua da askok izena ematea, eta Euskaraldiak iraungo duen egunetan ariketa buru-belarri gauzatzea, gerora ere ekimenaren bultzadak segida izan dezan. Azaroaren 18tik abenduaren 2ra, Euskal Herri osoan ahobiziak eta belarriprestak barra-barra azalduz gero, sekulako baldintza onak sortuko dira euskara lasaiago eta erosoago erabiltzeko, euskaltegietan egunerokoan bermatzen ahalegintzen garen moduan.
Dena den, jakinekoa den bezala, herritarren ahalegin soila ez da aski euskararen auzia bideratzeko, hori ere beharrezkoa bada ere; horregatik, ezinbestekoa da udaberrian, azken Korrikan, bizi izandako herri-gogoa berriro sumatzea, euskaltzaleon ilusioa beste kolpe handi batez berritzea edo, hastear dagoela, Euskaraldian herritarren engaiamendu erraldoia ikustea. Arestian genioen moduan, ekimenek eraikitzen dute hizkuntza baten komunitatea, eta nahitaezko ekintza dugu inguruan eragiteko ere.
Amaitzeko, aurreko esaldiari helduta, eragiteaz ari gara, bai; hori dela eta, adibidez, ariguneak ugaritzea oso garrantzitsua da, herritarrek erabilera-eremu berriak ezagut ditzaten, bertan saia daitezen euskara erabiltzen. Zer esanik ez, instituzioek rol garrantzitsua dute euskararen normalizazioan, herritarren engaiamenduari bide eman behar diotelako, eta guztiz ezinbestekoa delako Euskal Herri osoan euskararen erabilera bermatzeko baldintzak ziurtatzea, inork ez dezan inolako eragozpenik izan euskara baliatzeko. Finean, xedea Euskal Herri erosoa lortzea da.