Euskadi irratian musika batik bat erdaraz… zergatik???

Euskadi irratian musika batik bat erdaraz… zergatik??? –

Euskadi irratian musika batik bat erdaraz... zergatik?Euskadi irratiaren entzule fidelak gara etxean. Altsasun “garbi” harrapatzen den euskarazko irrati-kate “generalista” bakarra delako batetik, eta oro har saio interesgarriak eskaintzen dituelako, bestetik. Altsasuko euskaldunontzat arnasgune ezinbestekoa da Euskadi irratia, gainera.

Ia erabat españolez bizi den herrian, euskaraz bizi nahi genukeenon gotorlekua etxea da, eta etxean ere, hedabideetako españolezko eskaintza izugarri zabala eta askotarikoa delarik, Euskadi irratia eta ETB1 ditugu ezinbesteko tresna ia bakarrak, egunerokoan euskarari eutsi ahal izateko, eta ETB1eko programazioa, gozo esateko, hain gorabeheratsua izaki, Euskadi irratia gertatzen da euskarri nagusi eta ia bakar, euskarazko edukiez gozatzeko etengabe ahalegin konszientean ibili barik.

Abantaila handi hori baitauka irratiak, sukaldean piztuta utzi, eta ia beste edozein jarduerari ekiteko aukera ematen baitu. Ez dago albaitari izan beharrik, euskarazko kalitatezko hedabide askotarikoak eskura izatearen garrantziaz jabetzeko, eta beraz, euskarazko irratien erabateko garrantziaz ohartzeko.

Alabaina, egundoko pitzadurak dauzka uhinez osatutako gure “arnasguneak”. Izan ere, euskarazko musikarik apenas eskaintzen du. Ia musika guztia erdal musika da Euskadi irratian. Esango nuke, Radio Euskadi erdaldunean euskarazko musika gehiago entzuteko aukera ematen dutela, Euskadi irratian baino. Ulertezina eta eramanezina gertatzen zait. Nora jo behar dugu euskal musikaren bila? Euskarazko irrati kateek eskaintzen ez badute, nork eskainiko du? Nola ezagutuko dugu euskarazko eskaintza (oraindik) oparoa? Internetera eta lagunen arteko trukera jo behar dugu derrigor? Non geratzen dira euskal musikariak? Nola liteke halako arreta eskasa jasatea euskarazko irrati publiko nagusiaren aldetik eta EiTBren aldetik oro har?

Ez da “asko/gutxi” pertzepzio kontu bat. Belarria jarri eta jarraipena egitera gonbidatzen ditut, exajeratzen ari naizela pentsatzen ari diren horiek. Eskainitako kantuen zerrenda ere, eskuratu daiteke interneten, bide ezberdinetatik. Spotifyn eskainitako kantu-zerrendak dira aukeretako bat. Hortik ateratako datuak dira ondokoak, Kantu-kontari saioari dagokionez izan ezik, ezbaitut bertan aurkitu honi dagokion kantu-zerrenda, eta Euskadi irratiaren webgunetik bertatik atera ditut azkenean.

Portobello saioan, %90 baino gehiago musika ingelesa izan ohi da. Geratzen den apurra, euskarazkoak eta españolezkoak partekatzen dute.

Zidorrean saioaren eskaintza %75 ingelesez, %15 euskaraz eta %10 españolez izan ohi da, gutxi gora behera.

Kantu-kontari saioan, %80tik gora ingelesez , euskaraz %10etik behera, eta españolez berdintsu.

Faktoria saioan bertan eskainitako musika-zerrendan, euskarazkoa %10era ere ez da heltzen…

Esan gabe doa, gurea bezalako Estaturik gabeko herrietako musika oso nekez, zerotik gertu, entzuten dela Euskadi irratian (musika katalanetik zeozer, oso gutxi, entzun daiteke Radio Euskadin, ostera).

Erdarazko hedabideen itsasoan ez itotzeko, ezinbesteko helduleku dira euskal hedabide bakanak. Baina euskal musikari erabateko lehentasuna eskaini beharrean, erdal musika ematen badigute jatera, helduleku ustel bilakatzen dira eta epe ertainera galbide.

EiTBko eta Euskadi irratiko arduradun, programatzaile eta esatariek badute hausnarketarako gaia, nahi izanez gero.

Euskadi irratian musika batik bat erdaraz… zergatik???

Oinezkoa

22 pentsamendu “Euskadi irratian musika batik bat erdaraz… zergatik???”-ri buruz

  • Gaur goizean, Euskadi irratian, Faktoria saioko musikaz gozatzeko iragarkia. Ingelesezko kantu batek lagunduta, ofkurs.
    Eusnobismo handiagorik!

  • Ingelesek ingeles musika lehenesten dute. Espainiarrek española. Frantsesek frantsesa. Euskaldunek, euskarazkoa ezkutatu, eta beste horiena gurtu. Auzolotsa gabe, autolotsa esaten zaio. Edo kosmopaletismoa.

  • Benat Castorene 2020-07-13 21:53

    Musikarako anglomania existitzen da Frantzian edo iparraldean ere eta musika frantsesarekin inglesa ere eskuarki entzuten da itxaron geletan edo supermerkatuetan bainan Hegoaldean pasatzen dena duela hainbat urtetik zinez harrigarria da enetako. Moda horrek kutsatzen du hainbesteraino nun berriki ikusi baitut abstenzioarako deitzen zuen bideo independista bat horrelako musika batekin. jakinki zertan den euskara eta euskalkultura, ez banaiz makur, bada hor kontraesan bat edo esplikatu behar zait.

  • Bai, anglomania izurritea da Espainian bezala, Frantzian eta beste herrialde askotan. Baina espainiarrek zaintzen eta sustatzen dute euren mudika ere. Frantsesek bezala. Aldiz, euskaldunokin gertatzen dena negargarria da. Euskal musika (eta beste kultur adierazpide batzuekin berdin) erabat bazterrera utzita dago, bere bila joan beharra dago entzun nahi izanez gero. Musika ingelesa aldiz gurtu egiten da, baita kalitate arras eskasekoa ere. Eta musika espainiarra sarri eskaintzen digute “zabaltasun” gaizki ulertuaren izenean (katalanik, okzitaniarrik, gaelikorik, galegorik, bretorik… zero). Konplexua latza…

  • Faktoria ingeles musikaren sustapena egiten gaur ere.
    Eskerrak Euskadi irratiak eusten dion Inperio nagusiaren industria musikalari, galduta legoke bestela.
    Euskarazko musikak eta euskal sortzaileek ez dute sustapenik behar ostera, COPEn, SERen, RNEn eta beste hamaika irrati-katetan euskal musika besterik ez baitute ematen.

  • Koxme Polita 2020-07-14 09:31

    Look for the Good, By your side, Singing in the rain, Koilarak, Mother mary, Mother, Un millón de soles, Baby, Hand over my hearth, Honey, These few presidents, You got it, Tenderness, Icig on the cake, Jaan Pehechaan, Get connected, Get out the way, Born shopping, Unamused, Rumba txikitita, Cracker drool, Comment est ta peine?…
    Faktoria, Euskadi irratia… harrapazank!

  • Aralarko artzaina Gruyere gazta saltzen…
    Astigarragako sagardogilea, Astiriasko sagardoa zabaltzen…
    Getariko txakolingilea Burgosko “chacolí” sustatzen…
    Euskadi irratia erdal musika heda eta heda…

  • Eta erreferentziak oro, Gipuzkoakoak. Agian, unea heldu da deskonexiorako… ez bagara maila emateko modukoak… SER Katea entzuten hasi beharko dogu… edo GotzaiNdegikoa…
    Josi Aspertuaaa

  • EiTB euskararen sustatzaile izatetik, euskaldunon baztertzaile izatera igaro da. Euskadi irratia geratzen zen gainbeheratik libre, baina arduragabekeriaren birusak bera ere harrapatu duela ematen du.

  • Ez horixe. Hasierakoak bai, baina ostekoak ingelesez.
    Taldekide kosmopolitek aukeratuko zituzten.
    Ne comprend pas…

  • Benat Castorene 2020-07-18 12:19

    Anglomania da fenomeno unibertsala kantuaren eta musikaren arloan besteak beste . Frantsesak eta espainolak bezainbat kulturazio prozezua laguntzen du manera erraz alaia eta inozentagoan..
    eta manera gratifikagarriagoan ere, zeren lehen erdarak jakitea bezala, orai inglesa jakitea maila sozial baten ezaugarria baita euskara ez bezala.
    Dudarik gabe, inglesa erabilgarria da lanerako bainan moda behar hortaz aise haratago doa
    Dena egina da moda hau denok segi dezagun naturaltasun osoz gure burua galdekatu gabe.( gazteek beriziko bainan ez eiki gazteek bakarrik!)
    Adoretsu eta merezidun izan behar da egiazko euskal artista nahi izaiteko gaurko egunean.
    Ezin da hau guzia esplikatu diplodokus sentimental eta gainditutzat hartua izan gabe.
    Horretaz kontziente izan balite ere politikari eta arduradun askok ez lukete arriskua hartuko

  • Anglomaniak, Frantsesak eta espainolak bezainbat laguntzen du AKULTURAZIO prozezua manera erraz alai eta inozentagoan…
    Bai horixe, Beñat!
    “Eta manera gratifikagarriagoan ere, zeren lehen erdarak jakitea bezala, orai inglesa jakitea maila sozial baten ezaugarria baita euskara ez bezala”
    Eta ituan jo duzu berriro. Ingelesa hain da “kul” eta “in”… Eta espainiera nahiz frantsesa hain “anitz eta irekiak”…
    Ezin parean jarri euskara, katalanera edo okzitaniera “baserritarrak”!
    Hortaz, ingelesezko edo espainierazko kantu zozo eta gazbakoenak, euskarazko kanturik ederrenak baino aukera gehiago dauzka, alde handiz, Euskadi Irratian bertan eskainia izateko.
    Euskaldun gehienak, gurearekiko erdeinuan eta arrotzarekiko miresmenean hezi baikaituzte.
    Hala ere, harrigarri gertatzen da Euskadi irratiaren jokabidea, norbere oinetara tiroka ari baitira: euskal musika gutxiestea eta zokoratzeak, kalte egiten dio Euskadi irratiari berari.
    Izan ere, ez dugu Euskadi irratia bere kalitate “gorenarengatik” entzuten (saio oso onak badituen arren). Euskadi irratia entzuten dugu, ETB1 ikusten saiatzen garen arrazoi berberagatik: euskaldunak direlako.
    Halan da ze, erdara jatera ematen badigute, erdal kateetara joko dugu azkenean. Ez baitugu Euskadi irratiaren beharrik erdal musikaz gozatzeko.
    Gorago Izok esan bezala dihardute Euskadi irratiak eta EiTBk oro har: bertoko sagardoa eskaini ordez, Asturieskoa eskaintzen duen eusko sagardogileak bezala; edo Manchako gazta saltzen duen Aralarko artzainaren antzera… (bere) etxekalte.
    Eta bai, “benetan adoretsu eta merezidun izan behar da egiazko euskal artista nahi izaiteko gaurko egunean”. Egiazko euskal-edozer, egia esan.

  • Ezagutzen ez ditugun musika talde euskaldun asko dago gurean, baina horiek ezagutarazi ordez, badirudi gure hedabideek nahiago dutela atzerriko musika taldeak sustatzea.

  • Argi dago Jaurlaritzaren erantzukizun erabatekoa, baita gaur egungo zuzendaritzarena, baina, eta bertako langileena? Ez al dute Herri osoak ikusten duena ikusten? Beren lanpostu erosoak mantentzeaz gain ba al dute beste helbururik? nolatan egon daitezke isilik gertatzen diren ustelkeri, nepotismo, manipulazio, kultur kolonizazio eta abarrak gauzatzen laguntzen duten bitartean? Ezin al dute ezer egin? Pankartatxoren bat? Niki beltzak? Kontzientzi objezioa? Atari aurreko kontzentrazioak? ZERBAIT?

  • Koxme Polita 2020-07-19 10:57

    Susmoa dut inork ez dituela behartzen langile horiek etengabe erdal musika hedatzera; euren hautua dela, alegia.
    Langile horiek eskaintzen duten musika da, gure gizarte erdaldunduan errazen eskuratzen eta entzuten dena:erdal musika, izan ingelesa, izan española (edo frantsesa Iparraldean, baina esatarioi Iparraldeko euskaldunak oso urrun geratzen zaizkie.
    Bistan denez, ez EiTBko, ez Kulturako eta Hizkuntz Politikako arduradunek, ez diete euskal musikari eta kulturari leku nabarmena egiteko eskatu; hortik jasaten dugun eskaintza zeharo erdalduna, euskararentzat eta euskaldunontzat euskal sortzaileak ezagutzeko eta gozatzeko gune gotor izan behar luketen Euskadi irratian eta EiTB osoan.

  • Benat Castorene 2020-07-19 11:13

    Zure ikuskera arrazoigarria iduritzen zait:
    Konplota baino alde batetik arduradun epelen indiferentzia larria eta esatarien gustu pertsonalak publiko gehiengoaren gustuen antzekoak.
    Espirituen deseuskalduntze orokortuaren prozezuaren seinalea.
    Harra fruituan dago sakon sartua.

  • Benat Castorene 2020-07-19 19:20

    Horrek ez du kentzen administrazioak, perilaren aurrean, ez duela arazoari atakatzeko borondate nabarmenik erakusten ala ez da gehiago bere arazoa.

  • Harritzekoa da EAEko agintarien utzikeria maila, EiTB osoari so eginez gero are larriagoa dena. ETB2 eta Radio Euskadi zuzenean euskaldunak erdalduntzeko hedabideak dira. EiTB-musika kate “elebidunak” ere, musika ingelesari ematen dio erabateko lehentasuna, euskarazkoari eta españolezkoari tarte bertsua emanez, askoz txikiagoa. Gaztearen gabeziak ezagunak dira, eta Euskadi irratiarenak bistan… atera kontuak.

  • Zer egin behar dugu?
    Joan den urtetan Etb1en audentzia behera eta behera, eta ez dut ikusi, esate baterako, ia inor asalsatzen. Edo Berria bera ere, ikusi al duzue kezka eta aserrea hedatzen? Edo Euskaltzaindia? Edo Ikastolen Federazioa? Eta AEK?
    Ez, denok gaude gure proiektua aurrera ateratzeko eginhaletan, besteen proiektuak utzirik bazterrean.
    Baina kontua da euskara eta euskal kultura aurrera ateratzen ez baditugu, geure proiektuak ere porrot eginen duela.
    Denok goaz ontzi berean. Edo denok salbatu edo denok ondora.
    Zer egin behar dugu?

  • Bai. Hori ere harrigarria da zeharo. ETB1 ia inork ez du ikusten, agintariek eta arduradunek hiltzen urtzi dutelako, arreta guztiaeta baliabiderik gehienak españolezko katean jarrita. Baina ezer ez da gertatzen. Inor gutxik esaten du ezer. Ikastolek, “Euskal” Eskola Publikoek, Euskaltegi sareek… ez dute kezkarik?
    EAJk ez, bistan da, baina EH Bilduren kezka ere, norainokoa da?
    Sindikatu abertzaleek?
    Alderdi eta sindikatu “kosmopolitak” ez ditut aipatuko, baina aurrekoak…
    Euskadi irratian erdal musika jaun eta jabe izateak ez du inor kezkatzen?
    Sortzaileak eurak ere ez?

  • Are harrigarriagoa da eragile abertzaleen pasotismo hori alde “pragmatikoari” begiratzen bazaio. Zein hedabidek eskaintzen die tarte handiagoa eragileoi? Hedabide espainiarrek ala bertokoek? TVEek, A3ek, T5k… edo EiTBk?
    Bertoko hedabideak zenbat eta sendoagoak izan, eragile abertzaleen presentzia ere handiagoa litzateke.
    Hau ez dago kristorik ulertuko duenik.