.eus domeinu-izenak eskatzeko epea ireki da
Lehenengo .eus domeinu-izenak erregistratzeko eskaria bideratu dituzte Iñaki Goirizelaia UPV/EHUko errektoreak; Itxaso Compañon, Arabar Errrioxako Compañon Arrieta upategiko arduradunak; Ustaritzeko Ikas, Euskal Pedagogia Zerbitzuaren izenenean, Aines Dufauk; Bera Bera kirol elkartea ordezkatzen Matxalen Ziarsolok eskubaloi taldeko kapitainak; eta Jose Antonio Gartziak Zumartianen izenean.
Fase hau, batez ere, elkarte, enpresa eta instituzio publikoen domeinu-izenei bideratua dago, domeinu-izenak eskatzeko eta babesteko balioko du. Fase honetan, domeinu-izenak dagokienei ematea bermatu nahi da; eta ICANNekin hitzartutako irizpideak oinarritzat hartuta. babes lan bat egingo da horretarako, benetan hori ziurtatzeko.
Lehentasun irizpideak
- Marka erregistratuak
- Domein-izenen blokeoa
- Interes publikoa
- Tokiko markak
- Erregistro librea
Abiarazte-aldia zehazki irailaren 16an hasi eta azaroaren 18an bukatuko da. Eta denbora tarte horretan eskatzen diren domeinu-izen guztiak abenduaren 3an aktibatuko dira, Euskararen Nazioarteko Egunean. Hortik aurrera fase irekia edo Erregistro Orokorra zabalduko da.
Erregistratzeko prozedura
Edonork eska dezake .eus domeinu-izen bat, .com edo .org bezala. Izan partikularra edo erakunde/enpresa/elkartea, izan hemengoa edo hangoa. .eus domeinu-izen bat eskuratzeko ez da eskatzailea nor den begiratuko, webgunea baizik.
Domeinua eskatzeko pausuak hiru dira: www.domeinuak.eus webgunean sartu eta domeinua eskuragarri dagoen begiratu. Eskuragarri badago, agertuko den erregistradore zerrendatik bat aukeratu; eta, haren webgunean, erosketa prozesua gauzatu.
.eus domeinu-izenen azken prezioa erregistradoreek jarriko dute, eskaintzen dituzten zerbitzuen arabera. Hau da, erregistradore ezberdinek prezio ezberdinean eskain dezakete. Prezioak beste zerbitzu batzuk ere barnebil ditzake (.eus posta elektronikoa, DNSen kudeaketa, web espazioa, laguntza eta abar). Edozein kasutan, .eus domeinuen azken prezioa erregistradoreek finkatzen dute.
Guztion domeinua
Urte amaiera bitartean domeinu-izenen eskaria handia izatea espero da eta 2.000 domeinu aktibatzea aurreikusten da. Josu Waliño, puntueEUSeko zuzendariak domeinuaren erabilgarritasuna azpimarratu du, “lortu behar dugu euskal gizarteak .eus bere domeinutzat hartzea. Ez hartzea, soilik, euskararen inguruko domeinu baten gisara: euskal jendarte gizartearen domeinu izan behar du, euskal kulturarena, eta gure etxe azpian dagoen ile apaindegikoak duen webgunearena… Hori lortu behar dugu: .eus zabaltzea euskal komunitate osora”.
Aurrekariak
Momentu honetan .eus domeinuaren Aitzindariak dira aktibatuta dauden .eus domeinu-izen bakarrak. Hilabeteko epea eman genuen proposamenak bidaltzeko eta beste hilabete eman genuen .eus domeinu-izen horiek erregistratu, aktibatu eta ikusgarri izateko urrats guztiak ematen. Guztira, 113 domeinu-izen ezberdin proposatu ziren, 92 entitateren eskutik. Hasiera batean 90 Aitzindari hautatuko genituela esan genuen, baina gure muga tekniko erreala 93 zenbakian zegoen. Horregatik, erabaki bat hartu genuen: .eus Domeinuaren Aitzindari izan nahi zuten 92 entitateei aukera emango geniela horretarako. Hortaz, entitate bakoitzak soilik domeinu-izen bakarra eska zezakeen.
92 horietatik 9 enpresak dira, 23 erakunde publiko, 14 hedabide, eta azkenik, 46 entitate euskal kulturgintza barruan kokatu ditugunak (mota eta sektore ezberdinetako entitateak barnebiltzen direlarik). Horietatik guztietatik 22, puntuEUS fundazioko kide dira.