Euri egitea

Euri egitea –

Garazi Arrula Ruizek, Berria egunkarian.

Gauza jakina da Nafarroan euskara inposatzen dela eta hizkuntzaren normalizaziorako politikek gaztelania (uler bedi gaztelania hiztuna) baztertzen dutela. Bistan da diskriminatzailea dela bi hizkuntza dakitenei lehentasuna ematea hizkuntza bakarra dakitenen aldean UGTren logika zurgarri hori. Ezbairik gabe, osoko bilkuretan besteen lana oztopatzeko beste helbururik ez dutela mintzatzen dira batzuk euskaraz. Hori guztia jakinda, inork ezin ukatuko du euskaradunok bat-batean gora etorri garela (uler bedi legegintzaldia hasi zenetik). Zeren orain ETB3 da, baina nork daki zer helduko den hurrena?

Argi dago txantxangorriak ogi papurra behar duela eta ez ogi osoa, goitika egin eta bere gonbitoarekin itoko ez bada.

Beltran errespetu faltaz aritze hutsa errespetu falta da, nola Esparza euskalkien garrantziaz akordatzea euskara batuari buruzko adierazpenari uko egiteko. Irrigarria liteke, irri egiteko aldartean bageunde. Okerrena da halako astakeriak ez direla salbuespen; Torrealdaik Asedio al euskera-n azaltzen duenez, adierazpen horiek guziak supremazismo linguistikoaren tanta dira, eta, lehen zirimiri orain zaparrada, pixkana guztiok bustitzen gaituzte. Azken hamarkadotan hizkuntza politikaren legitimitatean jo dute: onenean, norberaren borondateari lotzen zaio hizkuntza erabilera, eta, ondorioz, hautu pertsonalera mugatzen da; horrela, hizkuntza sustatzeko politika orok ez du lekurik. Zirt-zart, bai erraz.

Biharko manifestazioak lurralde osorako ofizialtasuna aldarrikatuko du Iruñean, legea aldatu eta eskubide osoz izan gaitezen herritar. Bestelakoak ere beharko dira gehiengoak normaltzat jo dezan euskara ofizialki gaztelaniaren pare egotea, aldeko jarrera geratzeko heldu bada. Helburu hori du Erriberako Euskararen Aldeko Plataforma sortu berriak, kasurako. Orain hemen orain han, behingoz lurralde osoa busti arte.

Zorionez, euskaldunok ere badakigu euri egiten.

Euri egiteaEuri egitea

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.