Euren artean euskara hutsezko agiriak bidaltzeko beste Administrazioekin akordioak egiterik ez
Euren artean euskara hutsezko agiriak bidaltzeko beste Administrazioekin akordioak egiterik ez –
EUREN ARTEAN EUSKARA HUTSEZKO AGIRIAK BIDALTZEKO BESTE ADMINISTRAZIOEKIN AKORDIOAK EGITERIK EZ ZEN ONARTU, IRUÑEKO UDALEKO EUSKARAREN ORDENANTZAN
Iruñeko Udaleko Euskararen Ordenantza 2019ko maiatzaren 29tik indarrean dago. 2019ko maiatzaren 14an argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Aldaketaren aldeko gobernu taldeak erabaki zituen AETren alegazioen inguruan. Egindako txostena Lehendakaritza Batzordean onartu ondoren, Udaleko Osoko Bilkuran onartu zen, EH Bildu, Geroa Bai, Aranzadi eta Ezkerraren botoekin.
26 alegazioetatik bakarra onartu zen. Hogeita laugarren alegazioa ez zen onartu. Oro har, euskararen aldeko jarrera ez da nabaritzen txosten horretan.
HOGEITA LAUGARREN ALEGAZIOA.
3. artikulua: “Oro har, ele bitan idatziko dira Iruñeko Udalak Foru Komunitateko beste administrazio publikoei (tokikoak, autonomikoak eta periferikoak) igorri behar dizkien agiri, jakinarazpen eta adierazpen administratiboak, edo euskara berezko hizkuntza edo hizkuntza ofiziala duten administrazio publikoei igorri beharrekoak”.
3. artikuluan bigarren pasartea gehitzea:
“Beste Administrazioarekin adostu bada, euskara hutsean bidaliko dira”.
Arrazoia:
Bide hori irekita, agian ez da inor saiatuko bide hori urratzen. Baina bidea hor uztea hobe da. Ziur emankorra izanen litzatekeela norbaitek bultzatuko balu.
IRUÑEKO UDALAREN EZEZKOA ALEGAZIOARI.
Alegazioa ezestea proposatzen da, 103/2017 Foru Dekretuaren 12. Artikuluaren kontra doalako (I. KAPITULUA –HIZKUNTZA EREMUAK-, 2. ATALA –EREMU MISTOA-), zeinak eremu mistoko administrazio publikoen arteko harremanak arautzen dituen, honeko testu honekin bat:
“12. artikulua. Administrazio publikoen arteko harremanak.
Eremu mistoan izan eta zerbitzu zentraltzat hartzen ez diren administrazio publikoetan, eta zuzenbide publikoko entitateetan, beste administrazio publiko batuei igortzen zaizikien idazki ofizialak eta komunikazioak ele biz egin daitezke”.
ERANTZUNAREN BALORAZIOA.
Argi dago lauko Gobernuak egin zuen 103/2017 Foru Dekretua ez dela inondik inora egokiena, artikulu hori lekuko.
Hala ere, artikulu horretan ez dago euskara hutsean aritzeko debekurik. Are gehiago, beste Administrazioarekin hitzartu bada.
Arazoa hauxe da: Iruñeko Udalaren borondate txarra. Antza denez, euskara hutsezko agiriak traba dira eta, beraz, gehienez jota, gaztelaniarekin batera erabil daiteke euskara.
Euskararen Foru Dekretua irakurrita, Euskararen Ordenantzak okerrago arau zezakeen hau. Beraz, Dekretua baino hobea da. Dena den, alegazioarekin hobeto arau zitekeen. Gure ustez, alegazioa ez zen ilegala.