Izango banintz, nintzateke eta ninteke

Izango banintz, nintzateke eta ninteke –

Zuhaitza banintz, zein zuhaitz mota ninteke? Sekuoia handi eta potoloa, ez, ziur. Orbel finak eta hostoak loratzeke deituen horietakoa, baliteke. Haritzaren sendotasuna gabe, baina ehundaka urte dituen ale horietakoa. Haizearen enbatak astindutako enborra nuke; besteen onurarako adarrak kimatuak hainbatean izan dituen horietako bat, seguru. Kimu berriak loratzen dagoen horietakoa ninteke. Gutxinaka, loratu diren fruituetatik zuhaitz adaxka gazteak ari dira azaleratzen, gune zehatzean beti ere. Xabier Leteren Izarren Hautsak kantak dioen bezala, “Gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak, burruka hortan iraungo duten zuhaitz ardaxka gazteak“.

 

Autoa banintz, antzinako autotzarren motor sendo baina motela nekarke. Ondoko autoek errepide erditik ziztu bizian ikusiko nituzke. Baina tailerretik atera berria, zenbait pieza aldatu eta norabideari eutsiko dion marka eraberritua ninteke. Dacia edo Škoda moduko bat, paralelismoa egitekotan.skoda antiguo bilaketarekin bat datozen irudiak Hori bai, Renault edo VW bezalako talde handien babesik gabe. Azken berritasun teknologiko guztiak ez neramake, beste hainbat auto marka ez beste, behinik behin.

 

Gizakia banintz, agian emakume nintzateke. Izan ere, gutxietsia eta zokoratua izan naiz mendeetan zehar. Alor askotan ezgaitzat jo ninduten. Normaltasunez arituko nintzateke nire egitekoak egiten, esparru guztietan eta lege babesa aitorturik leudeke gaur egun. Beharbada, Indiako beheko kasta xume mujer india debil bilaketarekin bat datozen irudiak bat ninteke, edo Estatu Batuetako beltz komunitateko kide, zeintzuek bazterketa nozitu duten eta beren-beregi egindako legeak indarrean egon diren, espreski ezikusia zein gaitzetsia izan zedin. Beste minoria askok bezala, ordea, egoera irauli egin eta zentzu horretan sendo nengoke, nire eskubideen alde etengabe borrokari eusten. Egoera historikoak bultzatua, beste kolektiboekiko sentsibilizatua eta solidario ninteke, ni bezalakoak munduan asko gara eta. Milaka hain zuzen.

 

Animalia banintz, ez nintzateke harrapari izango, baina ezta harrapakin ere. Bizirauteko borrokatzen duen espeziea… hori, bai. animal en peligro de extincion bilaketarekin bat datozen irudiak Bere ekosistema hainbatean barreiatua eta suntsitua, mina fisikoki ez liteke ikusgai, baina oso presente legoke ordea. Kide askok jasandako sarraskiaren ondorioz, ondo etor lekioke parke naturala, edo beste batera esanda, gune segurua aurkariengandik nolabait babestua, bere kide kopurua sendo hazteko eta ugaltzeko, lasai arnas hartzeko.

 

Irakurle, nor edo zer ote naiz ni, baina?  Izan ere, ez naiz ez zuhaitza, ez autoa, ez gizakia ezta animalia ere. Zein da asmakizun edo igarkizun honen emaitza? Bada, hizkuntzok ez dugu hitz egiten (ezta idazten ere). Hizlarion eta idazleen zerbitzura gaude, ordea, euren kode eta lanabes gisa. Erabilia izan edo ez, hori faktore anitzek determinatzen dute. Hortaz, bai, dagoeneko baduzu erantzuna: ni hizkuntza nauzu, zehazki euskal lurraldeetako hizkuntza.

 

Izango banintz, nintzateke eta ninteke

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude