Etxeko itxialdia arintzeko euskarazko 11 baliabide

Etxeko itxialdia arintzeko euskarazko 11 baliabide –

Etxeko itxialdian denbora luze samarrez egon beharko dugula-eta, makina bat lagun dabil egunotan sare sozialetan baliabideak partekatzen.

Txerra Rodriguezek, esaterako, hamar puntuko txio katea plazaratu zuen, beste horrenbeste euskarazko baliabide agertuz eta, jarraitzaileen erantzunetan emandako aukera berriak gehituta, katea bikoiztu egin du azkenerako.

Etxeko itxialdia arintzeko euskarazko 11 baliabideIkus-entzunezkoei dagokienez, Argia aldizkariaren multimedia kanala proposatzen du Rodriguezek, baita euskal-encondings-en dauden telebista saioak eta EiTB-ren Nahieran zerbitzua ere. Irratiei dagokienez, Arrosa sareko irratiak (Bilbo Hiria, Hala Bedi, Euskalerria Irratia) eta Euskal Irratiak (Gure Irratia, Antxeta Irratia, Xiberoko Botza eta Irulegiko Irratia); baita podcast-ak ere, Xerezaderen artxiboa eta ZUZEUkoak -antza, Txerrari Euskal Gaizkileak gustatzen zaio bereziki-.

Liburuak irakurtzea gustuko baduzu, @Garaigoikoa-k Booktegi eta Susako katalogoak gomendatzen ditu, eta prentsari dagokionean, sorta zabal bat: nazionalak (Berria eta Argia), tokikoak, eta espezializatuak (Elhuyar, Ttap, Gaztezulo)… Eta bideojokoak nahiago izanez gero, Gamerauntsia.

Gainera, hasierako proposamenei emandako erantzunei esker, luzatu egin da zerrenda: Hamaika telebista (Kolpez Kolpe, Musika Zuzenean, Hezurren Memoria, Hiri-baratzea eta Lotsagabe saioak) eta Kanaldude (Harrisalda) ikus-entzunezkoen atalean; Eliburutegiko Efilm katalogoarekin batera -euskarazko makina bat film dago bertan ikusgai-. Aparte, musika zalea izanez gero, atari ederra da Badok. Hezkuntzaren alorrean, eta unibertsitateei erreparatuz gero, UEUk Buruxkak izeneko liburutegia du erabilgarri, eta EHUk sare-argitalpenak.

.

Konfinamenduari aurre egiteko propio sortuak

Guzti hoiek jaso ditu Txerra Rodriguezek, koronabirusari aurre egiteko behartutako konfinamenduak eragindako beste birekin batera: Batetik Berria egunkariak streaming bidez ireki berri duen oholtza, kultur ekimenak jasotzen dituena, eta bestetik #etxeanolgetan kanala, Arrasateko Olgeta jostailu dendaren eskutik.

Etxeko itxialdia arintzeko euskarazko 11 baliabide
dantzan.eus

Esandakoez aparte, eta kultur baliabideei dagokienez, Berria aretoaren antzeko proposamena atondu du Naiz irratiak ere, #EtxeanZuzenean ekimenaren bitartez -egunotan egon adi artistek kanal ezberdinen bidez egiten dituzten proposamenei-. Jon Maia bertsolaria, esaterako, prest agertu da bertso eskariak onartzeko, “egoera zail batean poz txiki bat eman diezaiokela uste duenarentzat”. Eta Dantzan atariko lagunek ere ekimen polita jarri dute martxan, #eutsidantzan, etxean dantzan egiteko proposamenekin -zortziko, fandango, arin-arin…-.

Konfinamenduan jendea ezagutu, harreman berriak egin edo ligatzeko lehen pausuak eman nahi izanez gero, Kaixomaitia.eus izan daiteke bide zuzenena; eta Atopian jokatzea zeharkakoa, rol jokoa PDF euskarrian eskuragarri jarri baitute, “burujabetza ludikoa lantzeko balia dezagun”.  

Kozinatzea gustuko baduzu eta etxeko itxialdian ezhoiko platerrak atontzen ikasteko, sukaldean.eus atarian errezeta franko dituzu, eta sukaldaritzan hasiberria bazara, pagotxa.eus da zure ataria, errezeta erraz samarrekin.

Haurrekin lanketak egiteko, aipatutakoez gain gogoratu oso erabilgarria dela Txikipedia (umeentzako Wikipedia berezia), eta ZUZEUk aspaldi argitaratu zuela “Haurrentzako euskarazko aplikazioen bilduma”, Azkue Fundazioaren egunkaritik jasoa. Egunotan sare sozialen bitartez asko zabaldu den “70 ideia erraz, umeekin etxe barruan jolasteko” zerrenda ere oso aproposa gerta daiteke, eskulanak eta beste egiteko. Eusko Ikaskuntzak, bere aldetik, gure historia ezagutzeko baliabide pedagogikoak jarri ditu eskuragarri.

Gure aldetik, ariketa fisikoak proposatuta itxiko dugu zerrenda, gorputza burua bezainbeste zaintzea komeni baita, etxe barruan egonda ere. Andu Mtz. de Rituerto irakasleak aholku batzuk eman eta ariketa batzuk proposatu ditu sare sozialen bitartez, eta Izaskun del Cerrok #etxeeangoxo zumba saioa egingo du zuzenean bihar 19.00etan aiaraldea.eus atarian -ipuin kontaketak ere badira programan-.

Eta jakina, izango dira hemen aipatu ez ditugun beste makina bat ere. Bota zure proposamena iruzkinetan, ea guztion artean zerrenda majoa osatzen dugun.

.

+ UEMAren “Etxean goxo egoteko euskarazko baliabideen zerrenda”. 

.

Etxeko itxialdia arintzeko euskarazko 11 baliabide Etxeko itxialdia arintzeko euskarazko 11 baliabide

Zer duzu buruan “Etxeko itxialdia arintzeko euskarazko 11 baliabide”-ri buruz

  • Eskerrik asko bilduma interesgarri honengatik, Gaztañe.

    Bestalde, erreakzio bakar bat ere ez mezu honi. Antza, euskaldun hipokriten masak aski dauka ElCorreo, DiarioVasco, Tele5 eta Netflix lagun izatea.