Elikaduraren elkartasun sarea zaindu dezagun

Elikaduraren elkartasun sarea zaindu dezagun –

Euskal Herrian Agroekologia lantzen eta bultzatzen duen baserritar eta herritarren kolektiboa da EHKOlektiboa. Covid-19a dela-eta, komunikatu bat argitaratu du bere webgunean, hauxe:

Erabat ezohikoa den egoera honek baserrietan ere eragina du, beste era batean, ziur aski, baina badu. Oso erabaki zailak hartu behar ditugu denok gure egunerokotasunean, are gehiago ardura publikoetan murgilduta gaudenetan –edozein elkartetik hasita– eta dakizunean horrek besteengan ondorioak utziko dituela.

Elikaduraren elkartasun sarea zaindu dezagunHorregatik, EHKOlektiboko talde eragileak erabaki zuen –ez zalantza gutxirekin– Bidarrain, hilaren 14an, egin behar genituen Topaketak bertan behera uztea. Ez genuen oso arduratsu ikusten Euskal Herri osoko pertsonak elkartzea, horrek lekarkeen arriskuagatik.

Norabide berean ari dira erabakiak hartzen instituzio askotan, baita Udalek ere, eta zenbait zerbitzu bertan behera uzten ari dira osasunaren izenean. Besteak beste, herriko azokak.

EHKOlektiboan ez dugu ulertzen erabaki hori. Ez dugu ulertzen non geratzen den jendeak duen bertako baserrietako produktuekin elikatzeko eskubidea. Ez dugu ulertzen non geratzen den baserritarrok gure produktuak –JANARIA– saltzeko dugun eskubidea.

Izan ere, munduan nekazarion funtzioa GURE HERRIKIDEAK ELIKATZEA da. Horretarako ari gara lanean egunero, jendeak osasuntsu eta osasungarri jan dezan. Hori baita gure ardura.

Osasunaren izenean herrietako azokak ixten direnean, are gehiago itxi beharko lirateke hipermerkatuak eta antzerakoak. Ez digute bada esaten ez bertaratzeko jende asko dagoen tokietara? Supermerkatu askotako irudiak oso kezkagarriak dira gure ustez. Alde batetik, osasunaren ikuspegitik, hara joaten diren erosleentzat eta langileentzat suposatzen duen arriskuagatik. Bestaldetik, erosketa ereduaren gainean nolabaiteko hausnarketa egin beharko genukeela uste dugu: zer erosi, non eta nola.

Konturatzeke zentzurik ez duten erabakiak hartu dira, eta konturatzeke onartu –eta hartu– egin ditugu itsu-itsuan. Isolatzeko agindua jaso dugu, geure burua babestekoa, eta birusaren hedapena geratzeko hala beharko du. Baina edozein kasutan ere ezin ditugu ahaztu egoera zailenetan zailena dutenak: adinduak, gaixoak… Elkartasuna behar dugu herri bezala aurrera egingo badugu. Horrela erakusten ari dira hainbat tokitan: boluntario-taldeak eratzen ari dira etxetik atera ezin direnenei janaria eta beharrezkoak diren gauzak eramateko.

Baserritarrok elkartasun sare horretako partaide ezinbestekoak garela uste dugu. Baserritarrok herria, ZUEK, elikatzeko ari gara lanean, egunero. Azokak dira zuengana heltzeko lekuak, eta azokak seguruak ez badira, are gutxiago jendez gainezka dagoen hipermerkatua. Eratu ditzagun bide seguruak denok ongi jateko, denok ongi zaintzeko. Kooperatiba, elkarte eta denda txikiek ere egin ahal dute zubi-lan hori. Baserritarrokin harremanetan jarri, eta aurkituko ditugu moduak zuei janari goxoa helarazteko.

EHKOlektibotik uste dugu txikitasunetik heldu behar diogula bizitzari, pertsonen neurriko sistema behar dugu; pertsonengan indar guztia jarriko duena, egoera edozein izanda ere. Heda dezagun elkartasun sarea. Zain dezagun elkar.

 

Elikaduraren elkartasun sarea zaindu dezagun

Elikaduraren elkartasun sarea zaindu dezagun

Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude