Espainiako ikus-entzunezko lege orokorraren balorazioa

Espainiako ikus-entzunezko lege orokorraren balorazioa – 

Pantailak Euskarazek maiatzaren 26an Espainiako Kongresuan onartu den Estatuko Ikus-Entzunezko Lege Orokorraren balorazioa egin du.

Galdutako aukera izan da Hizkuntza Gutxituen berdintasuna ikus-entzunezkoetan bermatzeko bidean. 

Espainiako ikus-entzunezko lege orokorraren balorazioa

Euskalgintzako hainbat eragilek joan den astean egindako agerraldian (Kontseilua, Topagunea, Hekimen, Tokikom, Pantailak Euskaraz) legea ontzat emateko jaso beharko lituzkeen gutxienekoak azaldu zituzten. Hauek ziren euskal eragileen arabera, legeak jaso beharreko ardatzak:

  1. Aldez aurreko finantzazioari dagokionez, platafomek Estatuko ekoizpenera bideratu beharreko dirutik, hizkuntza gutxitu bakoitzari, gutxienez, % 8 esleitzea.
  2. Bestalde, plataformen katalogoko edukietan berezko hizkuntza gutxituei % 40 esleitzea (Estatuko edukiei gorde beharreko katalogoen %15 horretatik), baina halabeharrez jaso dadila da hizkuntza gutxitu bakoitzak gutxienez % 12 izango duela.
  3. Diru publikoz jadanik egindako euskarazko, katalanezko eta galizierazko bikoizketa eta azpidatziak txertatzeko betebeharra ezartzea.
  4. TVEn ere gutxieneko kuotak ezartzea: informatibo territorialak bertako hizkuntza ofizialean egitea, Clan TVko edukiak bikoiztea.
  5. Plataformetako menuak/interfazeak euskaraz ere jartzea.
  6. Kokapen geolokalizazio bitartez euskarazko edukiak nabarmentzea.
  7. Autonomia-erkidegoek legea garatzeko eta euren hizkuntza ofizialak sustatzeko betekizun berriak sartzeko aukera izatea.

Eskaera hauez gain, Estatuko gainontzeko hizkuntza gutxituen komunitateekin batera, lege berriak hizkuntza-aniztasuna oinarrizko printzipio gisa onar zezan eskatu zuten eragileek.

.

Bada, onartu den Legearen testua aztertu ondoren, honako irakurketa egin du Pantailak Euskarazek:

*Herritarren eta hizkuntza alorreko eragileen presioari esker Estatuko plataformen katalogo-kuotetan, TVEn, eta streaming plataformen zerga bidezko finantzaketa aurreratuan, hizkuntza gutxituentzat kuota batzuk txertatzea lortu da, eta hori positiboa da. Halere, hizkuntza gutxitu bakoitzean bermatu beharreko kopuruak % 0,35 eta % 2,55 artekoak izango dira. Beraz, nahiko portzentaje anekdotikoak izango dira.

*Gainera, legeak katalogoetako kuota hauen eragina murrizten du, Espainiar Estatutik kanpo egoitza duten Netflix, HBO, Prime Video edo Disney+ bezalako nazioarteko plataformak (merkatuan nagusi dIrenak eta gurean ere ikusle gehien dituztenak), erregulaziotik kanpo uztean. Legearen arabera plataforma hauek “erantzukizun konpromiso bat” zehaztu beharko dute hizkuntza koofizialen presentzia bermatzeko, baina ez dira derrigortuta egongo. Plataforma handiek euren Estatuko irabazien %0,52 bideratu beharko dute hizkuntza gutxituetako ekoizpenetara, eta hau biztanleriaren arabera banatuko da.

*Diru publikoz aurretik eginda dauden bikoizketa eta azpidatziak euren katalogoko filmetan txertatzeko plataformek izango duten betebeharra oso mugatua izango da, legeak teknikoki posible denean eta kosturik ez duenean soilik egin beharko dutela zehaztu baitu.

*Estatuko Telebista publikoak (TVE) eduki batzuk katalanez, galegoz, eta euskaraz eskaini beharko dituela dio legeak, eta CLAN haurrentzako kateak edukiak bikoiztu beharko dituela; hau aurrerapauso txiki bat izan daitekeela uste du Pantailak Euskarazek.

*Menu/interfazeei dagokienez legeak ez du aurreikusten erabiltzaileei hizkuntza hautatzeko aukera emateko derrigortasunik, eta horrek, praktikan, asko zailduko du gaztelania ez den beste edozein hizkuntza erabiltzea filmen eta telesailen jatorrizko bertsio azpitituludunak ikustean.

*Erkidego Autonomoek euren TB publikoa arautzeko eta Lege hau garatzeko eskumena izango dute legearen arabera; hor egon daiteke euskararen alde eragiteko beste eremu bat.

*Onartu den legeak ekoizle independenteak kinka larrian uzten ditu, berez haiei bideratutako laguntzak enpresa handiek ere eskuratzea ahalbidetuz; hau oso larria da, izan ere, ekoizle independienteak izan dira orain arte euskaraz, eta beste hizkuntza gutxituetan, edukiak sortzeko apustua egin izan dutenak.

Pantailak Euskarazek askotan errepikatu izan du ikus-entzunezkoena eremu estrategikoa dela hizkuntzaren eta kulturaren garapenerako. Aisialdia pantailei geroz eta lotuago dago, eta hauetan euskararen presentzia hutsaren hurrena izatea eragina izaten ari da euskararen erabileran. Soziolinguistika Klusterrak egindako azken kale-erabileraren neurketan (aste honetan argitaratu dena) ikusi da 2006tik 2021era euskararen erabilerak puntu bat baino gehiago egin duela behera. Egia da azken 5 urteotan erabilera mantendu egin dela, baina oso kezkagarria da ikustea herrialde (Gipuzkoa) eta herri euskaldunenetan, beherakadak jarraitzen duela. Datu hauek smartphonen asmakuntza (2007), telebista digitalen etorrera (2010) eta streaming plataformen zabalkundearekin (2015tik hona) erlazioa izan dezaketela uste du Pantailak Euskarazek.

Guzti hau kontuan izanda, Ikus-entzunezko Legea euskara pantailetan hauspotzeko galdutako aukera bat izan dela uste du Pantailak Euskarazek. Baina halere, azpimarratu nahi du Lege honekin ez dela ezer amaitzen. Euskararen eremuko erakundeek, asko egin dezakete, bere eskumenen baitan, ikus-entzunezkoetan euskarak bizi duen bazterketa egoera iraultzeko:

*Streaming plataformekin zuzeneko negoziazioa, Netflixekin egin den bezala, euskarazko edukiak txertatu ditzaten. Era berean, diru publikoz egindako azpidazketa eta bikoizketa artxibo guztiak egokitu eta banatzaile eta plataformen esku uztea.

*Euskarazko bikoizketarako dirulaguntza lerroak sortzea.

*Euskarazko streaming plataforma bat sortzea, euskal hiztun komunitatearentzat erreferente izango dena, eta kalitatezko euskal ekoizpenak eta atzerrikoak eskainiko dituena.

*Euskal Zinemaren legea onartzea, zinemetako programazioan eta hemengo zine jaialdietan hizkuntza ofizialen berdintasuna bermatuko duena, bikoizketa eta azpidatzien bidez (gaur egun emanaldien %2 dira euskaraz).

*EITB-n lehentasuna, aurrekontuan eta programazioan, euskarazko kateei ematea, eta gaztelerazko kateetan euskara ikusgarri egitea, kirola-kultura-gizarte arloko pertsonaia erreferente euskaldunak eta arnasguneetako herritarrak beti euskaraz agertuz, eta horretarako gaztelerazko azpidatziak erabiliz. Euskarazko fikizioa eta bikoizketa indartzea beharrezkoa da baita ere.

*Legeez gain, Eusko Autonomi Erkidegoan eta Nafarroako Foru Komunitatean, gardentasuna, aniztasuna, ikus-entzunezkoen inguruko legeak eta hizkuntza eskubideak zaindu, bermatu, eta betearaziko dituzten egiturak sortu beharko lirateke: Ikusentzunezkoen Kontseiluak.

Azkenik, Pantailak Euskarazek bere poza adierazi nahi du euskaldun komunitatea ahalduntzeko baliagarriak diren dinamika berriak (Euskara Aurrera) martxan jarri direlako. Euskaldunok gure hizkuntzarekin dugun konpromisoa erakutsi dezakegu euskaraz bizitzen eta euskarazko kultura kontsumitzen, baina horretarako baldintzak sortzea erakunde publikoei dagokie. Euskaldun komunitatearen bultzadaz soilik lortuko dugu erakundeak egungo mundu digitalaren erronkei egokitutako hizkuntza politika berrituen norabidean mugiaraztea.

Bide horretan lanean jarraituko du Pantailak Euskaraz ekimenak, euskalgintzako eragileekin eta aurrerapausoak emateko prest dauden erakunde guztiekin elkarlanean.

 

www.pantailakeuskaraz.eus

Espainiako ikus-entzunezko lege orokorraren balorazioa