Eskubidea du Burger King-ek bere produktuei “basque“ deitzeko?

Eskubidea du Burger King-ek bere produktuei “basque“ deitzeko? –

Eskubidea du Burger King-ek bere produktuei “basque“ deitzeko?
Gaur egun, bai. Eta horregatik egin du egin duena, “Les Master Basques” burger linea atera berri du, publizitate indartsuarekin. Horrek eraman du “Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluko” lehendakaria den Paxkal Indo fast food-aren jokaera arbuiatu eta salatzera. Burger kateak legalki arrazoia izan dezake, etikoki zalantzan jarri daiteke. Gatazka sakon eta serioa, uste dena baino garrantzi gehiagokoa. Zergatik? Konpondu daiteke?

Baskonia[i] Iparrean eduki du eragina batez ere, azken baten Frantziako Burger King-ek atera duen produktu linea berria Frantziako merkatuan bakarrik salduko delako, oraingoz. Baina Baskonia Hegoari ere berdin jotzen dio erabaki honek, erakusten baitu edozein momentutan eman daitekeela edozein merkatutan “baske”, “vasco” edo “basko” deitura daraman produktua komertzializatzea, euskaldunen imajina ona xurgatuaz.

Edozein markaren eraikuntzan izenak berebiziko garrantzia du. Baskoniaren kasuan ere bere imajinaren eta ospearen oinarri oinarrian dago. Eta “euskaldun” zein “basque”, “baske” edo “vasco” adjektiboak izenaren arkitekturaren osagai dira. Bere erabilera kontrolatzeko ongi babestu eta arautzetik hasi behar da.

Gertatu denak garbi erakusten du izena babesteak duen garrantziak. Kontuz guztiok, zeren edonork, edozein lekutan erabaki dezake “baske” dela esatea. Ematen du ez dela oso posible, hainbat urteetan ez delako hain lotsagabe erabilia izan, baina gertatu daiteke, batez ere euskal/baske imajinak ospe ona aportatzen duen heinean.

Paxkal Indo-k zenbait argudio eman ditu bere protesta oinarritzeko. Euskal produktuen irudia kalitatezkoa da, bai Iparrean garatutakoak zein Hegoan ekoiztuak. Bitarte honetan produktuek “euskal, baske” izatea modan jarri da eta gorantza doa. Lorpen hau lan asko eta serioa egitearen ondorio da.

Eskubidea du Burger King-ek bere produktuei “basque“ deitzeko?Horrez gain dio orain dela hamabi urte inguru egon zela saiakera “Baske” marka ordenatzeko baina ez zela adostasunik lortu, ez ei da erraz aurrera egitea, Baskonia Iparrekoen nortasun anitza delakoz, batzuk oso aurrera joatea nahi dutelako eta beste batzuk ez hainbeste.

Orain dio hainbat sor marka daudela legeztatuak Ezpeletako Piperra, Itxasuko gereizak, Kintoa (euskal txerria), Ossau-Irati gazta, Baionako Urdaiazpikoa, Irulegiko Ardoa eta denak prestigio handiko produktuak ekoizten dituztela. Aipatzen du ere Baskonia Hegoan ere lan handia egiten ari direla, hemen ikus daitezke Nafarroako eta Baskonia Mendebaleko sormaka desberdinak.

Euskal sinboloak erabiltzeak ere balioa gehitzen dio produktuari, “baske” direla esanez gain, hainbat sinbolo erabiltzen dira: ikurrina, txapela, lauburua, haritz orria, letra mota… euskal sinbolo moduan kodifikatuta ditugunak eta hainbat lekutan erabiltzen direnak, baina babestu gabe daudenak.

Izen zein sinbolo guzti hauek erabiltzeko eskubidea beharko lukete Baskonia osoko, hau da Euskal Hirigune Elkargo, Nafarroako Foru Komunitate edo Euskal Autonomia Erkidegoko, ekoizle edo zerbitzu emaileek. Berdin dio produktu natural, jaki edo industria arloan sortuak izan ala eskaintzen den zerbitzua izan.

“Baske” markaren seinale erabiltzen dituzten sinboloak  izugarri ugaritu dira, ikurrina, txapela, lauburua produktu ugarietan ikusten dira. Jakin gabe sinbolo horrek esatea nahi duena, Baskonian egina da? Baskoniako produktuekin osatua dago? Zer ehunekotan? Orain dagoen moduan, Normandian ekoizten den esneki batek lauburua eraman dezake inongo erabilera araurik bete gabe. Gutxieneko arauak ez leudeke gaizki.

Esaterako, “euskal sukaldaritza berria” mugimendua izan da kalitatezko gastronomia mundu guztian zabaltzen saiatu dena. “Baske” imajina hainbat sektoreetan kalitatezkoa dela bada eta horrek erakartzen badu turismoa, edo gure teknologia industriak horretan saiatzen badira, linea hori jarraitu beharko da, guztian.

Zein da “baske” kontzeptuaren irudia merkatuarentzako? Iruditu genezake: benetakotasuna, kalitatea, kultura berezia, natura eta modernitatearen oreka, teknologia aurreratua eta errespetoduna. Eta irudi horrekin lotzea hainbati interesatzen zaie.

Baskonia, orokorrean, kalitatezko apustua egin duen herria da, eta egia esateko helburu hori lortu da eta bertan oinarritzen da irudia saltzeko, ez luke amore eman behar herri marka ongi babestu gabe, gauza xumeetan bederen. Suitza behin eta berriz etortzen zait burura, Suitzak lortu du bertan ekoiztutako edozein produktuk kalitatezko irudia edukitzea.

Iruditu dezagun Burger King horrek “Les Master Basques” izenarekin bataitu beharrean “Les Master Suisses” izena ofizializatu duela. Zer gertatuko litzateke, Suitzak debekatu egingo luke? Bertako legeak arautzen dituen baldintzak betetzen ez baditu bai, zalantza gabe. Bai Suitzan, bai bere mugetatik kanpo. Eta honek, “Les Master Basques”-ek dio bere osagaietan euskalduna den Ezpeletako Piperra duela, besterik ez. Beraz, Suitzan ekoiztutako produktu batek, bere osagai baten ehuneko txikia  bakarrik izango balu inondik ere ezingo luke bertako labela eraman, nahiz de Frantzian bakarrik komertzializatu, ezingo luke Suisses horrekin izendatu.

Aurreko egunean idatzi nuen Suitzak Toblerone markarekin eduki duen arazoa “Toblerone, Suitza eta Baskonia” artikuluan. Hemendik aurrera ezingo du esan Suitzan ekoiztua denik, baina horrez gain ezingo du erabili ere Matterhorn eta Bernako hartzaren irudiak ere.

Guzti honez gain, badaude herri izen orokorrarekin bataiatu diren kontzeptuak, esaterako Baskonia Hegoan diogun “opil (bollo) suitzarra”, “tortila frantsesa”, “ogi espainola”… izendatze oso generikoak dira eta errespetatu egin beharko dira, nahi eta nahi ez, jende orok horrela erabiltzen dituztelako.

Bide honi jarraiki gerta daiteke “gateau baske” moduko produktua, nahiz eta munduko beste puntan ekoiztua izan, hango produktuekin eta hango sukaldari batek, produktu mota baten izen generiko bihurtua dagoenez, ekoizteko eskubidea izatea. Baina marka babestuaz gero inoiz ezingo du esan “Made in Baskonia” dela esan edo lauburua erabili packaginga ilustratzeko. Bada hesia, oneraino bai, hemendik aurrera ez, ez dizut uzten.

Guzti honen aurrean arazo desberdinak ditugu. Sormaka batzuei onartu beharko zaie ekoizpenaren parte bat Baskoniatik kanpo produzitzea edo osagaiei zenbait kanpotik ekartzea, eta ulertzekoa da. Eta industrian jakietan baino nabariagoa izan daiteke ulermen zabalagoa izatea.

Bestalde, sormarkak ere errespetatu behar dira, nongoa den produktua sormarkaren barruan badago onartua izango da, baina ez badu sormarkarik badu nongoa den esaterik eta hainbat sinbolo erabiltzerik. Izan daiteke ere “baske” irudiaz gaindi, bere sormarka espezifikoaren ikurra erabili behar izana, eta hori ongi da. Edo bere sormarkaren ikurrak barneratuta izan “baske” moduan definitutako irudia. Egon daiteke ere, irudi horiek erabiltzeko aukera izan eta nahi ez duena erabiltzerik.

Eskubidea du Burger King-ek bere produktuei “basque“ deitzeko?Suitzak zela konpondu duen Suitzako irudiaren arazoa baliagarria izan daiteke, erakunde autonomoa sortu du eta berak gestionatzen ditu irudi eta marka arazoak. Guk badugu Euroeskualdea Europako Interreg barruan Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa deitua. Hiru administrazioak parte hartzen dutena. Eta hor barruan kokatu daiteke guztiaren kudeaketa. Sormarka bakoitzak Europako zein bere Estatuko, Frantzia eta Espainia, edo komunitateko arauak bete behar ditu. Baina planteatzen ari garen marka “aterki marka”(marque ombrelle) esaten zaiona izango litzateke, hau da Kintoa, Idiazabal gazta, Lodosako Pikiloa edo beste guztien iruditik gaindi erabiliko lukeena. Sinpleki, ur handiegietan sartu gabe, denok onartzeko moduko babes eta arauei forma emanik.

Esaterako, eta sakonago aztertu behar dela onarturik,  erregulatutakoaren arabera lauburua erabiltzeko eskumena lukete. Zerbait antzekoa izango litzateke “Made in” horregaz. “Fabriqué en France (Baskonia Nord)” (edo alderantziz “Made in Baskonia North (France)”, “Made in Baskonia-Nabarra (Spain)” edo “Made in Baskonia West (Spain)”) esaterako ipini ahal izango dute, baina Baskoniako arauak betetzen ez dituen beste inork ezingo du ipini Baskonia hori edo lauburua erabili.

Arazo honen harira ez legoke batere gaizki, egunetik egunera luzatzen ari den “baske” (basque edo vasco) bere izenean daramaten erakunde, enpresa, azoka, eta abarren izen erabilera ere aztertzea.


[i] *Baskonia: Izen hau da proposatzen dudana gure lurraldea nazioartean posizionatu eta bere irudia garatzeko, titulu bera daraman liburuan argudiatzen dudan legez.

Eskubidea du Burger King-ek bere produktuei “basque“ deitzeko?  Eskubidea du Burger King-ek bere produktuei “basque“ deitzeko?

Zer duzu buruan “Eskubidea du Burger King-ek bere produktuei “basque“ deitzeko?”-ri buruz

  • Vasco ez da Euskalduna. Estellerrian vascos giputzak dira bakarrik, arabarrik ez dago eta bizKAIKUAK ez ikusi nahiago.