Erronkarierazko atsotitzak
Erronkarierazko atsotitzak –
Gaztetan liburu miresgarri bat erosi eta irakurri nuen, Joxe Estornes Lasa izabarrak idatziriko “Erronkariko uskara” izenburukoa. Aipaturiko liburuan, eta hogeita lau ikasgaitan banaturik, erronkarieraren gramatika erakusten zen. Bukaera aldean baziren Erronkariko hainbat kantu, istorio, ipuin eta otoitz, eta azkenik, erronkarierazko atsotitzen bildumatxo bat. Lehen erran dudan bezala, liburu hori arras miresgarria iruditu zitzaidan eta gaur Urruñako gure liburutegian oso leku nabarmenean atxikirik daukat.
…
1.- Baina nor izan zen egilea?
Egilea, arestian aipatu bezala, Joxe Estornes Lasa erronkariarra zen, 1913ko apirilaren 17an Izaban sortua, Zaragozan hasieran eta geroxeago Caracasen ikasketak egin zituena. 1936ko gerlaren garaian gudarien komandantea izan zen eta guda galtzean, beste euskaldun askok egin zuten bezala, Venezuelara erbesteratu behar izan zuen. Francoren menpeko Hego Euskal Herrira itzuli zelarik, idazle eta hizkuntzalari gisa nabarmendu zen. Beñat anaia lagundu zuen Auñamendi argitaletxearekin, eta zentsura eta debeku guztien gainetik, euskal kultura zabaltzeari ekin zioten. Hauek dira bere liburuetako batzuk:
- La real Compañía Guipuzcoana de Navegación de Caracas. 1948.
- Cómo aprender el vasco fácilmente.
- Método elemental de vasco.
- Erronkariko uskara.
- Nuestro Pirineo y la defensa de la naturaleza. 1973
- Derecho Foral Penal de Euskalerria.
- Un gudari navarro en los frentes de Euzkadi, Asturias y Cataluña.
Iruñeko Euskalerriaren Adiskideak eta Euskal Kulturaren Akademia elkarteetako lehendakaria izan zen, euskaltzain urgazlea, Euskadiko Amnesty International erakundearen sortzaileetako bat, eta EAJ alderdiko kidea izanik, hainbat urtetan Napar Buru Batzarreko burua izan zen. Donostian hil zen 1987ko urriaren 11n.
…
2.- Erronkarierazko atsotitzen bilduma.
Ez dira atsotitz aunitz agertzen direnak, hogeita hamar bakar-bakarrik, baina bai ederrak eta kontuan hartzeko modukoak. Horregatik ekarri ditut lerro hauetara, erronkarieraz, jatorrizko testuan agertzen diren bezala, tildeak eta guzti, eta baita batueraz ere, erronkarierarekin ohiturik ez den irakurleari ulergarriagoa egin dakion. Perla distiratsu franko daude euskararen altxorrean, eta ene uste apalez, bildumatxo hau horietako bat da.
Proverbios roncaleses. (Part. Dial. Roncalés. Azkue)
1.- Agorríleko ura da zafrán ezti eta ardáu.
Abuztuko ura azafraia, eztia eta ardoa da.
2.- Aitá irabazale, semea gastazale.
Aita aurreztaile, semea gastatzaile.
3.- Alargún, begi ulun.
Alargun, begi ilun.
4.- Anixko lo égitan dionak txiki ikastan du.
Lo asko egiten duenak gutxi ikasten du.
5.- Ardi moxtuak ilea zuri.
Ardi moztuak, ilea zuri.
6.- Aritik txérkatan da allikoa.
Haritik harilkoa bilatzen da.
7.- Bapanak bere sántuari otoi égitan du.
Bakoitzak bere santuari otoitz egiten dio.
8.- Begi txikerrak du ekusteá urrínago.
Begi txikiak urrunago ikusten du.
9.- Berri gaiztoak betik érkitan dra egiak.
Berri txarrak beti egiazkoak izaten dira.
10.- Deuri emoiteá abratsena eta zarrek urdupena.
Dirua ematea aberatsena da eta aholkuak ematea zaharrena.
11.- Epérraren umea mendikari.
Eper kumea menditarra.
12.- Etxe doia; lur ékusala.
Etxe nahikoa, lurra ikus daitekeena.
13.- Ezdago obísporik lein apez izan bágerik.
Ez da apezpikurik lehenago apaiz izan ez denik.
14.- Góseak eztu pensamentu onik.
Goseak ez du pentsamendu onik.
15.- Góseareki eta lótsareki lo txiki.
Gosearekin eta beldurrarekin lo gutxi.
16.- Guarpénari ezau akábatan tenpra.
Oroitzeari ez zaio denbora ahitzen.
17.- Ikasi bear ba duk, zurra bear duk.
Ikasi behar baduk, zuhurra izan behar duk.
18.- Lan éginak ez du orkitakorik.
Lan eginak ez du itxaron beharrik.
19.- Lein arrápatan gézurra ezik zanka-mákurra.
Lehenago harrapatzen da gezurra herrena baino.
20.- Liburu zérratrak ez du ñori eratsúkitan.
Liburu itxiak ez dio inori erakusten.
21.- Mazte ñoa beti gazte.
Emakume txikia beti gazte.
22.- Míaz égiten den mina da azken sóntotan dena.
Mihiaz egiten den mina, izaten da azkena sendatzen.
23.- Nai dionak anixko ékusi bear du múndutik ébili.
Askotxo ikusi nahi duenak munduan barrena ibili behar du.
24.- Nola xin, kala xoan.
Nola etorri, hala joan.
25.- Obro égitan du nai dionak, ezik al dionak.
Gehiago egiten du nahi duenak, ahal duenak baino.
26.- Ogi gogórrari ortzak txorrótz.
Ogi gogorrari hortzak zorrotz.
27.- Paxarán anitx, gari txiki.
Basaran asko, gari gutxi.
28.- Tenprak emoitan diona, tenprak gentan du.
Denborak ematen duena, denborak kentzen du.
29.- Txákurrak buztana ógiagatik erabiltan du.
Zakurrak buztana ogiagatik mugitzen du.
30.- Utsien irian okerra errege.
Itsuen herrian begibakarra errege.
Euskara batuaren aitzakian hitz-ordena aldatzea atsotitzei da gauza zinez makurra.
Barka ezak, Garret, baina ez diat transkripziorik egin, gaurko euskara estandarrera hurbilketa baizik. Transkripzio batean hitz-hurrenkera aldatzea makurra duk, zalantzarik gabe, baina ez duk horrelakorik, ulergarriagoa izan dakigun moldapena baizik, eta hor ez diat hobenik ikusten.