Erregistratzen ez diren gorroto delituez
Erregistratzen ez diren gorroto delituez –
Eusko Jaurlaritzak 2022ko gorroto gertakariei buruzko txostena aurkeztu berri du. 438 gorroto gertakari erregistratu dituzte EAEn, 2021ean baino 158 gorroto delitu gehiago; hots, %57ko igoera nozitu da. Delituak ze kolektiboren aurka egin diren zehaztu dute:
- 231 arrazismoa edo xenofobia
- 96 sexu orientazioa eta identitatea
- 68 generoa
- 34 ideologia eta «orientazio politikoa»
- 9 elbarritasuna
- 3 sinesmen edo praktika erlijiosoak;
- 1 aporofobia (behartsuekiko gorrotoa)
- 1 adina
Nire harridurarako, bakar bat ere ez da euskarafobiarekin lotutakoa. Edo euskaraz bizi garenon (uzten diguten neurrian, behinik behin) aurkako hitzak, mehatxuak, irainak, jarrerak… ez al dira gorroto delitua? Euskara eta euskaraz bizi nahi duen komunitatea ez al da subjektu jazarri, mespretxatua eta pertsekutatua izan mendetan barna? Edo nahitanahiez biolentzia fisikoa izan behar da horrela katalogatzeko (eta zerrendan dauden guztietan hala gertatu da?)
- Aitor Montes Aramaioko medikuak salatu duenez, Osakidetzako beste mediku batek bere paziente baten historia klinikoan haren kontrako mezuak idatzi ditu. Euskara ez erabiltzeko eskatzen dio ingelesez idatzita dauden mezuetan. «Hertsatua» eta «difamatua» sentitu dela dio.
- Maitane Balerdik Tolosa Erdiako Renfeko tren geltokian segurtasun agente batengatik pairatu zuen jazarpena, euskaraz hitz egiteagatik.
- Ertzainekin euskaraz hitz egin nahi izateagatik Mozal Legea aplikatu zioten Eneka Alvarezi.
2022an hizkuntza eskubideen urraketak jasan zituzten herritarren zuzeneko testigantzak jaso ditu Behatokiak aurkeztu duen txostenean. Hauetako bakar bat ere ez al da mintzagai dugun tipifikazio honetan sartzen? 976 kexa jaso zituztela esaten da, baina hori da euskaldunok ez dugulako gure aurkako erasoak norbanako gisa salatzeko batere ohiturarik.
Euskaraz hitz egiteagatik tabernari batek zaunka egitea, RENFEko pikak mehatxu begirada zuzentzea, Correosekoa zure aurka astakeriak esaten hastea mundu guztiaren aurrean, poliziak eraso zuzen gisa hartzea haiengana euskaraz zuzentzea… guzti horren atzean zer dago, gorrotoa ez bada?
Euskara baztertu eta itotzen duen sistema berak sortu du “gorroto delitu” kontzeptu juridikoa, eta beraz zalantzak sortzen ditu ea kontua euskarafobia termino berdinetan txosten horretan sartzea den ala ez. Baina bada ukatu ezin den errealitate bat herri honetan: jende askok gorrotoa dio euskarari, eta ondorioz euskaraz bizitzeko ahalegina egiten dugunok gorroto gaitu bereziki. Eta hori Jaurlaritzaren txostenean ez da inondik ageri.
Euskararen aurkako gorrotorik ez da existitzen, gure herri honek duen elkarbizitzaren kalte kolateralak omen … Eta gu bitartean, mutu.
Gorrotoa oso sentimendu itsusi eta kaltegarria da, baina, noiztik izan daitezke delitu sentimenduak?
Gorroto delitua honakoa da: bere hizkuntza biziraun dezan lanean dagoen herri batean, masiboki hiztun arrotzak sartzea.
Hori bai dela hiztunen aurkako gorroto delitua.
Inolako erreferemdumik egin gabe. Horri buruz ez digute sekula galdetu.