Irunberri, 1990: Arroilaren negarra. Pako Aristi. Erein. 2023

Irunberri, 1990: Arroilaren negarra. Pako Aristi. Erein. 2023 –

Harrapatzen eta estutzen zaituen liburua da. Edo ez duzu irakurriko gauza atseginagoak irakurri nahiago duzulako edota berehala, heriosuhar leituko duzu. Barrua mugitzen duen horietakoa. Laster sentituko duzu zeure artean gisa honetan formula daitekeen galdera: ezustean guardia zibilekin topo egin zuten Jon Lizarralde Urreta, Susana Arregi Maiztegi eta German Rubenach Roizekin zaude ala Jose Luis Hervás Mañas Irunberriko kuarteleko sarjentu eta Domingo Ortega Torres kaboarekin, eta Zangozako kuarteleko José Domingo Piris buru eta Benito Rivero Petronila agentearekin, eta haiek deiturik, laster agertuko ziren GAR (Landako Guardia Antiterrorista) elite taldeko kideekin -espainol “ramboak”-?

Irunberri, 1990: Arroilaren negarra. Pako Aristi. Erein. 2023
Arg: VaqueroFrancis

Egun batzuk zeramatzaten arroilan Jonek, Susanak eta Germanek 1990ko ekainean, sanjoanetan, land-rover eta nissan-patrolen mugimenduak zelatatzen, goian ezarria zuten kanpalekutik, haien aurkako atentatua prestatzeko gero, baina beroak bultzaturik bainu bat hartzera jaitsi ziren, eta hantxe egin zuten topo turistei egindako lapurretak ikertzen ari ziren Hervás eta Ortega agenteekin. Topadaren ondorioa: Lizarralde, Arregi eta Hervás hilak, eta Rubenach oso larri zauritua. Bertsio ofizialaren arabera, beren burua hil zuten Lizarraldek eta Arregik eta Rubenach saiatu zen baina larriki zauritua gertatu zen, Hervás agentea erail ondotik.

Hasiera batean, Herri Batasuneko politikariek ez ezik -horiek hasieratik garbi zuten estatu-krimena izan zela, hots, exekutatu egin zituztela- Ardanza lehendakariak eta Arzalluz EAJko buruak zalantzak agertu zituzten, baina gero onartu bezala egin zuten bertsio ofiziala, hedabide guztiek –Egin egunkaria salbu; Egunkaria artean ez zegoen- lau haizetara zabaldutako bertsioari men eginik. Joseba Azkarragak ere bai.

Inoizko operazio luzeena izan zen Irunberriko arroilakoa, zortzi bat ordu iraun baitzuen. Nola da posible bainujantzian eta ezustean harrapatu zituzten Jon, Susana eta German atxilotu eta kuartelera eramateko hainbeste denbora behar izatea, guardia zibil arruntak ez ezik elitekoak ere han ugari zirela, eta armez ongi horniturik? Hori baino gehiago, bi turista holandar eta txango joandako ehun bat ume ere han gertatu zirelarik, ustekabean, tunel batetik bestera kilometroa eta hirurehun metro baino ez dituen arroila horretan?

Komandokideak torturaturik haien laguntzaile sarea harrapatu nahi zutelako egun hartan bertan -bederatzi bat laguntzaile-. Nork eta nola ehundu zuten Jonek eta Susanak eta Germanek ere -nahiz lortu ez-,  beren buruaz beste egin zutelako gezurra?, eta nolatan ez du argitu justiziak?

Irunberri, 1990: Arroilaren negarra. Pako Aristi. Erein. 2023Garbi uzten du liburuaren egileak zuzenbide estatu batean herritar guztiei tratu bera eman behar zaiela, eta bestela, ez dela zuzenbide estatu demokratikoa, eta kasu honetan beste batzuetan bezala, estatu krimena izan zela eta zenbait puntu ilun geratu badira ere, -guardia zibilek eta estatuko goi agintariek frogak ezabaturik-, gertakarien bertsio aski sinesgarria tolesten du liburuaren amaieran.

Gerran aritu ziren Espainiako estatuaren indar armatuak, bereziki guardia zibilak, eta etakideak, eta gerrako teknika gudipagabeenak erabili zituen estatuak, erakunde armatuaren berdinak edo are ankerragoak, baina haiek estaltzeko, gezurrez baliatuz ukatzeko edo justifikatzeko askoz baliabide gehiago zituen, eta ez kaskarrena, botere autonomikoaren kudeatzaile gehienen de factoko onarpena.

Beste hainbat galdera ere sortu dizkit liburuak. Holandar bi turistek zenbateraino eutsi zioten eurek ikusitako egiari, eta zenbateraino plegatu ziren guardia zibilen eta zerbitzu sekretuetako agenteen presioei?, zenbateraino estutu du liburuaren egileak Marian Husken holandar idazle famatua egun, 1990ean justu hantxe gertatu zena, egitateen lekuko izan zena?, geuk zer egingo genukeen Huskenen larruan egon bagina eta zerbitzu sekretuen presioa jasan izan bagenu?

Garai hura bizi izan ez zuenari sinesgaitza egingo zaio euskal erakunde armatuak zeukan gaitasuna lorearen gunea erori eta petaloak, hots, laguntzaileak, berriz ere lore bihurtzeko -idazleak darabil metafora hori-. Harrigarria egingo zaio nola giza talde ez txiki bat, gure demografia kontuan, egon zen prest, funtsean, idealismoz -heroitasunaren xarma doi bat barne-, euskal estatu aske eta sozialista bat lortzeko borroka gogor eta latzean engaiatzeko, eta etsaiak hiltzeko prest egoteko eta haiek torturatua eta eraila izateko ere, kartzela urte luzeen arriskua bere egiteaz gain. Harrigarria eta egia aldi berean.

Bizia eman dugu euskaldunok Frantziako errepublikaren alde, alemanak eta aljeriarrak, besteak beste, erailez eta haien esku erailak izateko arriskua geureganatuz -geure borondatez edo bortxaz- eta elite politiko-ekonomiko-militar-erlijioso frantses ororen oniritziarekin; bizia eman dugu Espainiako Errepublikaren alde -zentralista edo federalista- edota Espainia faxista-frankistaren alde -bortxaz edo borondatez-, elite politiko-ekonomiko-militar-erlijioso ororen bedeinkapenarekin, eta euskal estatuaren alde ere bai -ezker abertzalearen oniritziarekin, denboran handiagoa edo apalagoa, eta elite estatal-autonomiko ororen errefusarekin-. Barrua astintzen duen liburua, dudarik gabe!

Irunberri, 1990: Arroilaren negarra. Pako Aristi. Erein. 2023  Irunberri, 1990: Arroilaren negarra. Pako Aristi. Erein. 2023  Irunberri, 1990: Arroilaren negarra. Pako Aristi. Erein. 2023

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)