Erasoei batasunetik erantzuteko deia

Erasoei batasunetik erantzuteko deia –

Epaiak botere judizialak hizkuntza-araudia aldatzeko helburua duen estrategiari jarraitzen diola salatu du Kontseiluak.

Berandu baino lehen horrelako gehiago etorriko direla aurreikusten du, eta guztien artean «harresi» bat eraiki beharra aldarrikatu.

Aiaraldeko euskalgintzak haien herrian arrotz izan nahi ez dutela gogorarazi du.

Erasoei batasunetik erantzuteko deiaEuskalgintzaren deiari erantzunez, ehunka pertsona batu dira joan den asteburuan Laudioko Herriko Plazan, Gasteizko epaile batek Laudioko Udaleko lanpostuen hizkuntza-eskakizunen inguruan emandako epaiarekin desadostasuna agertzeko.

Eskualdeko zein herrialdeko eragile politiko, sindikal eta sozialetako ordezkariak gerturatu dira bertara Euskalgintzaren Kontseiluak eta Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak antolatu duten elkarretaratzera.

.

Administrazioan euskaraz aritzeko eskubidea

Mobilizazioaren bukaeran, Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluko kideek adostutako adierazpena irakurri dute: «euskaldunok administrazioarekin euskaraz aritzeko eskubidea ez dugu bermatua eta hori lortu behar dugu. Administrazioa euskaldundu behar dugu».

Elkarteak 2019ko maiatzean aurkeztu zuen Bai we can! dinamika, Aiaraldeko alderdi politiko gehienek (EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos, Omnia, Orain Amurrio, GUK Bai, Aiara Batuz, Adie, Okondo Aurrera eta Urduñako PSE-EEk) sinatutako instituzio publikoetan euskara biziberritzeko konpromisoa. «Horretan ari gara Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluaren Bai we can dinamikarekin, udalerriz udalerri alkate eta zinegotziekin auzolanean. Ez dugu arrotz izan nahi gure herrian. Ez diogu gure izateari uko egin nahi. Ez ditugu gure eskubideak hutsean laga nahi» esan du taldeko bozeramaileak. Eskualdeko udal guztiekin arazorik gabe lanean dabiltzala zehaztu dute, Laudion gertatutakoa izan dela salbuespena.

Bukatzeko, erasoen aurrean aktibatzera eta eskubideen defentsan batzeko deia egin dute Aiaraldeko kideek.

.

Hizkuntza-araudia aldatzeko estrategiaren jarraipena

Jarraian, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak hartu du hitza: «Gasteizko epaileak kaleratutako epaiak izan du bai ondorio positiborik. Izan ere, balio izan du aspaldi dioguna berresteko: erakutsi du edozer tontakeria, irizpide juridikorik gabeko edozer gauza balia daitekeela baldin eta hizkuntza-eskubideen urraketa ahalbidetuko duen epaia argitaratu nahi bada».

«Esan egin dugu eta berresten dugu, epaileek eta magistratuek hizkuntza-politika egiten dute, eta hori ez da haien lana. Botere judizialak indarrean dagoen hizkuntza-araudia aldatzeko helburua duen estrategiari jarraitzen dio. Horrela, epaien bidez saiatzen ari dira dagoen legeria aldatzen, jurisprudentziaren bidez ari dira legeria aldatzen, harik eta interpretazio hertsiena izateko, gure eskubideak are gehiago murrizteko» gaineratu du Bilbaok.

Kontseiluko eledunak azpimarratu du euskararen edota edozein hizkuntza gutxituren normalizazioan zutabe diren eremuen kontra jotzen ari direla: administrazioa, hezkuntza… «Inolako lotsarik gabe esaten dute udal batean zein langilek jakin behar duen euskara eta zeinek ez, hizkuntza-plangintzagileak bailira. Inolako lotsarik gabe esaten dute hezkuntza- sisteman zenbat toki hartu behar duen gaztelaniak, pedagogoak balira. Edota azken epaian bezala hizkuntza bat zaila den al ez, linguistak bailira» esan du.

Izan ere, ez gaude kasu isolatu baten aurrean. Bilbaoren hitzetan: «Arazo larriena da argudiorik gabe, gure hizkuntzen etorkizuna baldintzatu nahi dutela. Horrexegatik, gero eta argiago geratzen ari da ez garela ari ausazko erabakiaz, baizik eta botere judizialaren estrategia zehatz batez».

.

«Batasuna, batasuna, batasuna»

Eta horren aurrean zer egin galderari erantzunez, Bilbaok aitzakiarik gabeko «batasuna, batasuna eta batasuna» azpimarratu du. «Oldarraldiei batasunetik eta bateratasunetik erantzun behar diegu. Euskalgintzak, eragile sindikalek, eragile politikoek, eragile sozialek, instituzioek… bat egin behar dugu bai ala bai, horrelako oldarraldiei aurre egiteko eta aski dela esateko. Guztion artean harresi bat eraiki behar dugu desadostasuna agertzeko eta horrelakoak onartzeko prest ez gaudela ozen, ozen eta ozen esateko» gaineratu du.

Berandu baino lehen horrelako gehiago etorriko direla aurreikusi du Kontseiluak. Izan ere, Auzitegi Konstituzionala ebazten ari da ea Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalek euskaraz normaltasunez funtziona dezaketen, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusia Udaletan euskararen erabilera arautzen duen dekretuaren hainbat artikulu aztertzen ari da. Bilbaoren hitzetan: «ez dezagun pentsa berri onik etorriko denik, horrexegatik, inoiz baino garrantzitsuagoa da batzea eta oldarraldiei batasunetik aurre egitea».

Azkenik, Kontseiluak batasun hori lortzeko lanean jarraituko duela adierazi du, eta botere judizialetik etorriko diren eskuhartzeei elkarrekin aurre egiteko deia egin die.

Erasoei batasunetik erantzuteko deia

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.

Zer duzu buruan “Erasoei batasunetik erantzuteko deia”-ri buruz

  • josu naberan 2022-02-11 17:02

    Jada badiren eta etortzear dauden erasoaldiei erantzun ahal izateko derrigorrezkoak dituk zuen landu duzuen modoko plataforma bat edo bat baino gehiago.

    Baina arazoa itsaso sakonagoan datza; euskaldunon kolonizazio kulturala eta horren eragileei aurre egitean

    Eta uste diat ahulezia hori delaeta- datozela zuek ondo ezagurzen dituzuen gainerako eraso guztiak.

    Ez utzi bazterrera sakoneko auzi horri erantzutea!